
mAntxi ð- Humus taldeko gitarra-jotzailea eta ahotsa
«Zerbait indartsua, sasoikoa eta zuzena egiten saiatu gara»
Musika
Lau urteren ostean hemen da berriro Humus taldea lan berri bat eskuartean dutela; 'Lekua' izena jarri diote disko honi.
esti ezeiza
Humus tolosako hirukoteak disko berria kaleratu du. Lekua izenburupean, doinu trinkoak eta melodia ederrak dakartzate. Natalia (baxua eta ahotsa), Edu (bateria) eta Mantxik (gitarra-jotzailea eta ahotsa) osatzen dute taldea. Hemendik aurrera zuzenean defendatu beharko dute azken lan hau.
Lau urte igaro dira azken diskoa atera zenutenetik, nolatan etorri da orain laugarrena?
Tarte honetan ere, nahiz eta eszenatoki gainean ez aritu, ez dugu utzi musika. Beste gauza batzuk egiten aritu gara. Baina iritsi zen unea, non abesti berriak genituen, gogo berriak eta lagunek ere animatzen ziguten.
Musikarekiko harreman hori nola mantendu duzue tarte honetan?
Beti izan dugu gustuko musika. Hala, nahiz eta kontzerturik ez eskaini, entzutera askotan joaten gara, beti Bonberenea inguruan ibiltzen gara. Gure lagun gehienak ere, neurri batean edo bestean musikariak dira, eta gustatzen zaizun gauza bat egiteaz ezin da utzi. Gazteagoa zarenean askotan pentsatzen duzu iritsiko dela momentu bat, utzi beharko duzuna, baina hori barruan daramagu eta indarra ematen digu.
Zergatik bataiatu duzue, 'Lekua' izenarekin?
Izena jartzerako garaian, ez dugu ideia zehatzik izaten. Lekuak esan nahi du, bakoitzak badakiela, zein lekutan egon behar duen. Guk badakigu zeinetan gauden, eta zein leku hartu behar duen. Hori da adierazi nahi duguna. Ez da gure lekua aldarrikatzen dugula, baizik eta bakoitzak bere lekua duela. Diskoaren azalak ongi adierazten du esan nahi duguna.
Laugarren honetan, aurrekoekin alderatuz desberdintasun handiak daude.
Bai, argi eta garbi. Aurreko diskoetan beste gauza batzuen bila joaten ginen. Gauza teknikoez gehiago arduratzen ginen. Oraingo honetan berriz, hori guztia alde batera utzi dugu eta gauza indartsu, sasoiko eta zuzen bat egiten ahalegindu gara. Eta egia esan, gustura gaude atera zaigunarekin. Besteak, agian, metal deitzen den rock mota horren ondoan zeuden, eta hau berriz, pixka bat behintzat aldendu egiten da, nahiz eta kutsua mantendu.
1998an hasi zineten. Hamar urtetan, zuen bizitzeko modua ere aldatuko zen, honek eraginik izan al du musikan?
Bai, lehendabiziko eragina izan da orain ez daukagula lehen adina denbora musikarentzako. Orduan, gure lanak, gure bizitza eta musika besterik ez genuen. Orain berriz, gure lanak, gure bizitzak, beste txiki baten bizitza, eta ahal denean, musika. Gehien aldatu dena hori da.
Zaila al da egunerokotasuna musikarekin uztartzea?
Bai, zaila da, baina ez da ezinezkoa. Lehen ere, musikaren mundua pixka bat baztertu genuen,ez genuelako posible ikusten. Baina denbora igaro denean, eta gauzak hotzetik begiratuta, ikusi dugu, gauzak badaudela beste modu batera egitea, ordu gutxiago sartuaz, eta lasaiago.
'Lekua' izeneko disko hau Bonberenearekin grabatu duzue. Gustura al zaudete emaitzarekin?
Egin ditugun disko guztietan lagunak izan ditugu gurekin lanean, oso jende jatorra eta langilea. Baina azken honetan, aurrekoak gutxietsi gabe musikaz asko dakien bat izan dugu alboan, Karlos Osinaga, Txap, hain zuzen ere.Oso gustura gaude egin duen lanarekin, lehen momentutik ulertu baitzigun. Halaber, azken emaitza zoragarria izan da guretzat.
Gaur egungo gaztetxoek agian ez dute ezagutuko zuen musika, nola azalduko zeniekete hauei, egiten duzuena?
Zaila da hau. Hala ere, gaztetxoekin egoten gara Bonberenean, eta ideia batzuk badituzte. Badakite musika oso indartsua dela. Baina azken disko hau nolakoa den azaltzea zaila da, 80. hamarkadako eta 90.aren hasierako kutsua ere bai baitu. Ukitu moderno batzuk ere baditu nahastuta, baina zaila da hitzetan agertzea. Agian, gure adineko bati adierazi behar banio, errazagoa izango litzateke. Hauei esango nieke, 20 urte genituenean gustatzen zitzaigun musika hori egiten dugula, baina gaur egungo euskarri teknikoak erabiliaz.
Eszenatokietara itzultzeko gogoz egongo zarete. Noiz dituzue hurrengo kontzertuak?
Abenduaren 20an, Alegiako Gaztetxearen urteurrena ospatzen dute, eta bertan joko dugu, Zea Maysekin batera. Bestetik, datorren urtean ere hainbat lotuta ditugu, Nafarroan, Bizkaian, eta Zaragoza aldean. Baina pixkanaka saio gehiago ateratzen joango dira, oraindik ere jende gutxik baitaki itzuli garela.
Durangoko Azoka ospatzen ari da egun hauetan. Zer moduz ikusten duzu euskal musikaren egoera?
Lau urte hauetan gehien nabaritu dudan aldaketa hori izan da. Aurreko diskoa atera genuenean gauzak gaizki zeuden, eta lehendabiziko disketxeak ixten hasiak zeuden. Baina orain, egoera okerragoa da. Euskarri fisikoak ez du etorkizunik, eta diskoak Internet bidez zabaltzen hasi beharko dira. Hori da gehien nabaritu dudana. Gazteek ez daukate diskoak erosteko grinik, kantuak mugikorrean edo MP3an eraman nahi izaten dituzte.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ikastaroak
Arraunean ikasteko
TOLOSA, - 2009-06-17
Irteerak
Eskalada egitera
TOLOSA, - 2009-07-01
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.