
xabier usabiaga ð- Kazetaria
«Bakoitzaren talentua ez da nahikoa; lana beharrezkoa da»
imanol garciA
Ricardo Arregi sari nagusia jaso berri du Xabier Usabiagak (Asteasu, 1969). Bihotzeko gaixotasun batengatik txirrindularitza profesionala utzi behar izan zuen eta kazetaritzaren munduan sartu zen. 1994. urtean izan zen hori. Egun Euskal Telebistako aurkezlea da eta Euskadi Irratian eta Berrian kolaboratzen du.
Ricardo Arregi sariaren epaimahaiaren arrazoiek diotenez, «gaiaren ezagutza harrigarria, hizkuntzaren erabilera biribila, albisteak zorrotz, zehatz eta aberats ematea, jartzen duzun pasioa...». Guapoa zarela esatea bakarrik falta zitzaien.
Aurreko guztiak ez dakit egia izango diren, baina guapoarena behintzat ez da egia (kar, kar). Ez dakit epaimahaiak esandakoa hainbesterainokoa den, ezta gutxiago ere. Nik garbi daukat pasioa jartzen dudala eta bai txirrindularitzan profesionaletara iristeko eta ondoren ere nire bizitzan beti garbi izan dut norberaren talentua inoiz ez dela nahikoa izaten norberak duen onena emateko, baizik eta lana derrigorrezkoa dela. Nire kasuan, bizikleta utzi behar izan nuenean, ezer gabe gelditu nintzen, goian zerua eta behean lurra, eta orduan lan egitearen garrantzia askoz ere handiagoa zen. Gainera txirrindulari bezala ez nuen izenik hartu eta txirrindularitzan ezer egin nahi banuen balio erantsi bat eman beharra neukan eta orduan saiatu nintzen datu base bat egiten, txirrindularien ezagutza ahalik eta handiena izaten, entrenatzaile nazionala izateko titulua atera nuen Madrilen... Saiatu naiz ahalik eta jakituriarik handiena izaten eta ahalik eta ondoena egiten eta hori badirudi batzuk aintzat hartzen dutela.
Zer suposatzen du zuretzat sari honek?
Alde batetik, motibazio handia. Euskaraz jarduten dugun guztiok dakigu batzuetan nolako arazoak izaten ditugun batez ere protagonistak topatzeko garaian. Nik uste dut edozeini edozein lanetan gustatzen zaiola egiten duen lana aintzat hartzea edo norbaitek kritika bat egitea, ona edo txarra. Kasu honetan, saria eman didate, baina horrekin berarekin ere halako kritika bat ikusi dut eta hori eskertzekoa da. Eta aldi berean esango nuke erantzukizun bat ere bai. Sariak halako oihartzun bat ematen du eta jendeak akaso gauza onak esperoko ditu. Eta emaitza on horiek emateko, bistan da ezin naizela nagitu eta orain arte bezalaxe lanean gogotik jarraitu behar dudala nire onen hori emateko.
Asteburuan Tourra hasiko da. Zer emozio ekartzen dizkizu proba honek?
Alde batetik, Tourraren antolatzaileekin amorrazita nago. Nik uste dut azken urte honetan hartu duten bidea ez dela txirrindularitzak merezi duena. Tourra munduko lasterketa onena da, baina Tourreko antolatzaileek, beste mundu guztiak bezalaxe, organu objetibo eta nazioarteko baten arautegia onartu behar du, hau da, Nazioarteko Txirridularitza Elkargoarena.
Zergatik ez dute onartu hori Tourreko antolatzaileek?
Beraien helburua ekonomikoa delako eta enpresa baten filosofia dutelako. Horrek ekarri du lehengo urteko garailea, Alberto Contador, aurten ez izatea. Horrek ekarri du Tourrean historiarik handiena egin duten beste bi txirrindulari, Kloden eta Leipheimer, ez izatea. Horrek ekarri du zenbait talde airean egotea, ez ote dituzten gonbidatu. Horrek ekarri du zenbait taldeen artean zegoen lotura lana erabat apurtu egin duela. Amorrazio handia sentitzen dut Tourra berari ez dagokion arduretan sartu delako: txirrindularitza kudeatu nahi du, baina ez txirrindularitzaren onerako, euren mesederako baizik eta hori gaizki ikusten dut. Nolabait bere tirania hori alde batera utzita, bistan da urteko karrerarik garrantzitsuena dela, txirrindulariak bete-betean prestatzen direla, lasterketaren emanaldia zoragarria dela eta lasterketa bera ere bai. Beraz, urteko zita garrantzitsuenean sentitzen dut ikusmin edo poz hori nabarmentzen dut.
Zein da zure faboritoa Tourra irabazteko?
Aurten faborito garbi bat ez dagoenez, uste dut ikusmin handia izango duela, gorabehera dezente izango dituela eta iruditzen zait ikusiko dugunak ikusmin horri ondo erantzungo diola. Gizonik egokiena irabazteko Cadel Evans izan daitekeela uste dut. Erlojupekoaren kotrako saioan kilometro gutxiago daudela, baina bestalde egia da, erlojupekoaren kontrako saiorik irabazi gabe Tourrean nagusitzea oso oso zaila dela. Valverde eta Menchov hor daude, Sastre eta Schleck anaiak ere bai. Ez dago faborito argirik, baina bat aipatzekotan Cadel Evans izan daiteke egokiena.
Txirrindularitzaren etorkizuna nola ikusten duzu?
Ez da erraza aurreikustea, baina ematen du banaketa areagotu egingo dela. Frantziako Tourrak nik uste erabateko monopolioa sortu nahi duela eta ahal duela UCItik aldendu eta beste liga bat , beste egutegi bat sortu nahi dutela. Eta Tourrak duen garrantzia hor baliatuko du talderik garrantzitsuenak bere ingurura eraman eta txirrindularitza kudeatu ahal izateko. Ez litzateke harritzekoa izango eta oraintxe bertan ematen du gainera intentzioa hori izan daitekeela, alde batetik UCIk eta bestaldetik Tourrak jotzea. Nolabait paraleloan bi liga izatea eta hori uste dut txirrindularitzarentzat oso kaltegarria dela.
Nola ikusten duzu gaur egun kirol kazetaritza?
Kirola kontsumo produktu bat bihurtu da eta kontsumoa dagoenez horri jaten eman behar zaio. Eskaintza ikaragarria da, baina eskaintza handiegia izate horrek eta eskaini nahi dena hainbeste denez, iruditzen zait kasu batzuetan behintzat arinegi epaitzeko, albisteak errazegi emateko arriskua dagoela. Hau da, zorroztasun gutxirekin ematen dela, azken batean kopuruari gutxiago begiratzen zaio kalitateari baino. Hori hausnartzeko moduko zerbait izan daiteke. Kontsumo produktu gauza gehientsuenetan gertatzen den moduan, utzikerirako arrisku handia izaten da, azken batean komunikabide askok ere diru iturria beste jomugarik ez dutelako.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Deialdiak
Leitza mugaz muga zaldiz
LEITZA, - 2008-10-11
Hitzaldiak
Maitasuan eta afektibitatea hizpide
ANOETA, Alkartasuna biltokia - 2008-10-15
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.