
Auzotarren parte-hartzea helburu duten Amarozko jaiak gaur hasiko dira
Gizartea
Igandera arte ekitaldiz beteriko egunak izango dira; musika, dantza eta sukaldaritza lehiaketa dira nagusi.
Erredakzioa
Herriko jaiak bata bestearen atzetik datozen urteko sasoi honetan, Amarotz auzoko jaiek ere ezin hutsik egin, eta ekitaldiz beteriko asteburua izango da Tolosako auzoan aurten ere, bihartik igandera arte. Antolatzaileek azaldu bezala, «beste urteetan bezala, auzotarren parte hartzea helburu duen egitaraua izango da, beraz, ikuskizunak eskaini baino, festa giroan parte hartu nahi duten auzotarrei zuzendurikoa da».
Gaur, 16:00etan botako duten ohiko suziriarekin lehertuko da jaia, baina aurretik, pasa den larunbatean egin zuten Amarozko Txirrindulari Proba, Patxi Rodrigezen Memorialarekin hasi ziren festak. Gaurko egunean aipatzekoa da Tolosako Musika Bandak eskainiko duen kontzertua, «tradizio bilakatu baita ekitaldi hau; eta ondoren, kantu jira izango da, eta espero dugu herritarrak animatzera aspaldiko eta gaur egungo euskal kantak abestera», diote antolatzaileek. Eguna DJ Bullen musikarekin amaituko da.
Bakailaoaren lehiaketa, bihar
Biharkoan, berriz, Bakailao ajoarriero lehiaketa nabarmendu behar da, izan ere, «inoizko parte-hartzerik handiena izango du aurten, 16 sukaldetan ariko baitira, auzoko koadrila eta sukaldari ia gehienak ordezkatuak izango direlarik; beraz, ondoren izango den bazkarian ere jende ugari izatea espero dugu».
Antolatzaileek danborrada ere nabarmendu nahi dute, «auzoko txikiek ere parte hartuko baitute». Gauean, berriz, «urtero onerako harritzen gaituzten» Zelai anaiak taldearen musikaz gozatzeko aukera izango da.
Etzi, musika eta dantza protagonista
Etzi goizean goizetik musika eta dantzak hartuko dute auzoa. Goizean euskal erromeria egingo dute, eta San Blas ermitaren ondoko zelaian hamaiketakoa egin ostean, festa gunera jaitsiko dira erromerian, «musikaren doinuekin eta helduen eta haurren dantza taldeekin, eta baita gainerako auzotarren parte-hartzearekin». Bazkarian, «auzotarrak eta lagunak diren Konpon Ezinak txarangako kideak» izango dira giroa alaitzen, eta arratsalde partea, berriro ere musika eta dantzak hartuko dute protagonismoa, auzoko aurreskuarekin eta Pixi DJren musikarekin. Tartean afari merienda ere izango dute.
Egitaraua
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Deialdiak
Argazki lehiaketa
ELDUAIN, Internet - 2008-07-01
Deialdiak
Egutegirako argazki lehiaketa
TOLOSA, - 2008-07-11
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.