
GERO ETA GERTUAGO
AHT ðð Abiadura Handiko Trenaren obrak aurki hasiko dituzte Gipuzkoan; herritarrek ez dute informazio handirik; kezkak, berriz, handiak.
ESTI EZEIZA - NEREA URBIZU
Abiadura Handiko Trenaren obrak hasi dituzte, eta eskualdean eragin handia izango du. Hainbat herrik hurbiletik beharko dute trena sentitu, ikusi, entzun... Ezustean bezala etorri da trena, aspaldi ahotan izan bada ere.
Herritarren artean «informazio falta» da nabarmenena, bai gertutik jasango dutenen artean zein herritar arrunten artean ere. Tolosaldetik igaroko dela jakina da, baina ez zehazki zein lekutik: metroak gora, metroak behera, noiz, noiz arte... Informazio hau emateko Lurranek jarri dute martxan.
Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlana bere aldetik lanean ari da «informazioa eskuratzeko ahaleginak egiten». Abiadura Handiko Trenaren kontuak baditu urte batzuk eta beti airean dagoen zerbait bezala ikusi da, baina itxura hartzen hasi da obrak egiten hastearekin batera.
AHT Tolosaldeko hainbat herritatik pasako da: Oria ibaiaren ezker ertzetik doa. Alegiatik, Montezkue aldera, Tolosako San Esteban auzotik, Hernialdetik, Anoetatik, Zizurkildik, Adunatik...
Udal batzuen lana
Orain arte, Alegia eta Anoeta dira AHTri buruzko herri galdeketa egin duten Tolosaldeko herri bakarrak, bozka-emaleen ehuneko kopuru handia «proiektuaren aurka» agertuz. Udalek honen aurrean neurriak hartuko dituztela adierazi dute, baina gaineratuz, «ez dutela informazio handirik: nahi baino gutxiago». Esaterako, Zizurkilgo Udala herritarrekin biltzeko asmoa duela adierazi du, informazioa elkar trukatzeko.
Anoetako Periko Peñagarikano alkateak Markel Olano Gipuzkoako diputatuari herria bisitatu zuenean, «AHTri buruz zuten informazioa ematea» eskatu zion.
Txanponaren beste aldea
Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta Herri Lan Sailak, bere aldetik, informazio kanpaina bat jarri du martxan, eta honakoa irakur daiteke www.euskaly.com webgunean. Ez da aipatzen, ordea, kaltetuek jasoko dituzten laguntzak izango diren, edo zein izango diren. Horretarako Lurranek izeneko informazio gune bat sortu dute.
Euskal Y-ak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuak lotuko ditu garraiobide azkar baten bidez.
«Ingurugiroari errespetua»
Trenak «haizeak, eguzkiak, urak edo itsasaldiek sortutako elektrizitatea erabiliko du», Eusko Jaurlaritzaren esanetan. Zaratari dagokionez, aldiz, «edozein errepidetan sortzen dena baino txikiagoa izango da» eta, «gainera, beharrezkoa izango den lekuetan zarata ekiditeko neurriak jartzea erraza izango da».
Paisaian integratzeaz, mota honetako lanek egiten duten ikusizko eragina ahalik eta txikiena izan dadin, «kontuan hartu beharreko puntuak hauek dira: zubien egitura; maldak jaitsi eta zuhaitzak landatu». Hormigoizko zutabe erraldoiak izango dituzten pasabide altuegiak ekidingo dituztela dio Eusko Jaurlaritzak.
Gaineratu duenez, «bidaiariak eta merkantziak errepidetik atera eta trenbidera eramatea posible izango da sare berriari esker eta, horrela, energia aurreztuko da».
«AHT sortzeko beste azpiegitura batzuetarako baino lur gutxiago» behar dela dio Eusko Jaurlaritzak. Esaterako, autopista bat egitean, kilometro bakoitzeko 9 hektarea lur behar dira: trenbideak, aldiz, 3,5 (15 m-ko zabalera).
«Euskadiko parke naturaletan ez du eraginik izango», Eusko Jaurlaritzak dioenez. Parke naturalak alde batera utzita diseinatu da, «eraginik jaso ez dezaten». Egun, garraiorako dauden korridoreetatik igaroko da azpiegitura, horrela, zuzenagoak izan daitezkeen beste bide batzuen balizko eraginak saihestuta. Halaber, Garraio Sailak proposatutako Nafarroako loturak (Ezkio-Itsasotik hasita) «Aralar eta Aizkorri- ren osotasuna bermatuko du erabat».
Lana faseka antolatuta
80ko hamarkadaren amaieran, komunikazio-sistemei buruzko analisiak «argi utzi zuen Euskadin hiriarteko distantzia ertainetan gabezia handia dagoela».
Handik aurrera, garraioari buruz Europak dituen politikekin bat eginez, hainbat ikerketa burutu zituzten eta Tren Arloko Euskadiko Plana sortu zuten. Bertan, AHT eraikitzeko hainbat aukera azaltzen ziren eta horiek azterketa du oinarrian gaur egu ngo Euskal Y-aren trazatuak.
Bigarren faseari eztabaida deitu diote. Proiektuaren definiziotik atera zen proposamena, arlo askotako adituek aztertu zuten «azpiegitura moderno, aurrerakoi, seguru, jasangarri eta ingurugiroa errespetatuko duena lortzeko helburuarekin». 1994an, berriz, Europar Batasunak lehentasunezko proiektuen zerrendan sartu zuen Madril-Gasteiz garraio sarea. Euskal Y-a sare horren barruan dago, beraz, azpiegitura honekiko apustua egin dute Europan.
Ingurugiroaren zainketarekin eta jasangarritasunarekin harremana duten hainbat ekarpen erantsi ostean, «proiektuak euskal gizartearen gehiengoaren babesa jaso du, eta erakundeen eta gizarte, ekonomia eta akademia munduko talde nagusien bidez adierazi du», dio Eusko Jaurlaritzak.
Hirugarren fasea finantziazioa da. Espainian trenbide-azpiegiturak eraikitzeko eskumena Madrilgo Gobernuak dauka, eta beraz, Sustapen Ministerioari dagokio finantziazioa eta lanak egitea. Honek eta Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak Euskal Y-a finantzatzeko konbenioa sinatu zuten eta 4.178 milioi euro inbertitzea adostu zuten.
Eusko Jaurlaritzak Bergara - Irun/Donostia zatia eraikiko du akordio horretan zehaztu zutenaren arabera.
Azkenik, proiektua gauzatzea
Azken fasea proiektua gauzatzea da, eta horretan daude. Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanak 2006ko urrian hasi ziren, Arrazua/Ubarrundia-Legutiano tartean. Gipuzkoako zatiko sondeoak jadanik hasi dira: Ordizia-Itsasondo tunela eraikiko dute lehendabizi. Hiriburuetarako geltokiak eraikitzeko lanak aurrerago egingo dituzte.
Abiadura Handiko Trena Tolosaldetik igaroko da. Informazio handiegirik ez badago ere, ibilbidea orokorrean zehaztuta dago. Besteak beste, Zizurkil eta Tolosatik igaroko da trena, hainbat herritarren baserri eta lursailen iraupena zalantzan jarriz. Egitasmoa abian jarri zenetik, ezbai batean bizi dira Zizurkilgo Aunibar baserriko eta San Estebango bizilagun batzuk.
«Etsita gaude, lur jota; duela urte batzuk urruti ikusten genuen, baina jada gainean dugu»
pepi jauregi ð- Aunibar baserriaren jabea
e.e.-n.u.
«Badirudi kaltetua naizelako nagoela aurka; baina niri ez zait aukera ona denik iruditzen»
idoia pellejero ð- San Estebango auzokidea
n. u. - e. e.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.