Edukira joan

Tolosaldeko Hitza

Tolosaldea eta Leitzaldea
2009ko uztailak 4, Larunbata

Harpidetu zaitez!

Gaur Zizurkilen eta bihar Alegian izango da jolas egokia nola aukeratzeari buruzko hitzaldia. Eneko Barberenak bideratuko ditu biak eta guraso eta hezitzaileentzat da aproposa, Gabonetatik hurbil gauden garaian.

Jostailua baino, jolasa

Nerea Urbizu

Ez omen da jostailu ideala existitzen. Bai, ordea, ume bakoitzari okerrago edo hobeago dagokion jostailua. Hala ere, inportantea ez da jostailua, jolastea baizik. Bada jolasik gabeko jostailurik, baina ez ordea, jostailurik gabeko jolasik. Horregatik, Eneko Barberena Txatxilipurdi elkarteko kideak gaur Zizurkilen (15:00etan Pedro Mari Otaño eskolan) eta bihar Alegian (19:00etan Kultur Etxean) hitzaldi bat eman behar du hezitzaile eta gurasoentzat.

Eguberriak datozkigu gainera, poltxikoak husteko nolabaiteko beharra sentitzeko garaia (eta ez gizartearen inposaketa bakarrik, uste den bezala). Haurrek etxean beste opari askoren artean jostailuak jasotzen dituzte, baina «ez beti erabilera egokikoak», Eneko Barberena Txatxilipurdi elkarteko kidearen ustetan.

Helburua, erosleentzat aholkuak eta irizpideak ematea

Hitzaldia gurasoei eta hezitzaileei zuzendua dago, ordu bete ingurukoa. Eneko Barberenak esan bezala, «Gabonen aurrean seme-alabentzat jostailuak aukeratzen hasten garenean irizpide eta gogoeta batzuk plazaratu nahi dizkiegu. Azken batean, hausnarketa bat egin dezatela».

Ez jostailu onik, ez txarrik

Jostailu onik ez dago, ezta txarrik ere. Batzuk aproposagoak eta hain aproposak ez direnak daude. «Erabileran dago gakoa. Gu ez gara orojakileak eta ez dugu egia absolutorik, baina umeen ezaugarriak, etxeko egoera, zein etxetan bizi den, anaia-arrebak dituen gurasoek haurrarekin jolasteko ohitura duten ala ez, zer den haurrarengan bultzatu nahi duguna... Azken batean, gurasoak dira haurra hobekien ezagutzen dutenak».

Aurki Gabonak hasiko dira, eta orduan haurrek urtean jasotzen dituzten jostailuen %80a jasoko dute. Txatxilipurdi elkartea urtean zehar banatzekoaren aldekoa da. «Oreka bat behar da, urtean zehar. Kolpez pila bat eta urtean zehar ezer ez ez da ona».

Jostailuen artean orain aisialdi birtualekoak dira, indarra hartzen ari dira: ordenagailu jolasak, telebistaren aurrekoak, mugikorretakoak... «Hauei ezin zaie bizkarra eman. Aurre egin behar zaie, edo gutxienez ezagutu. Gu euskara elkarte bat garen heinean, apur bat euskarazko ekoizpena bultzatu eta zabaldu behar dugu».

Oraindik ere jostailu sexistak badaude. «Jostailu aproposak ez dagoela diogunean bi ñabardura egiten ditugu: jostailu sexistak, hau da; rolak banatzen dituenak. Azken batean, jostailuak ez dauka sexurik. Mutilarentzat ona dena neskarentzat ere da, eta aldierantziz». Bestetik, jostailu belikoak: «Hauek oso erakargarriak dira jolasten dutenentzat baina birtuala dena eta erreala dena bereizten irakatsi behar zaio.

Taldean jolasteko jokuak badira, baina lehiakortasuna bultzatzen dutenekin kontua ere izan behar da. «Halere, uste dugu lehiakortasuna zentzu onean, eta ez zapaltzailean, bultzatu behar dela».

Gurasoen kezkak argitzeko

Gurasoen kezka nagusiak mundu birtualarekin daude lotuta, «azken batean, ez dute hauek txikitan inoiz hauekin jolastu». Baina ez da ahaztu behar, jostailua baino, inportanteagoa dela jolastea. «Jolastea haurrarentzat behar bat da, jatea bezala. Honen bidez, erlaxatu, plazerra sentitu, heldutu, hezi eta beste hainbat balore ikasten ditu».

Bestalde, Txatxilipurdi elkarteak sormena eta irudimena bultzatzen du, jostailuak erreziklatu, hain zuzen ere.

Esan bezala, guraso eta hezitzaileentzat da aproposa gaurko eta biharko hitzaldia, eta zalantzak nahiz adibideak emango ditu Eneko Barberena adituak, batez ere Gabonei begira jarrita.



 


 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.

Lege Informazioa