Edukira joan

Tolosaldeko Hitza

Tolosaldea eta Leitzaldea
2009ko uztailak 4, Larunbata

Harpidetu zaitez!

;2007-10-26;PATZIKU PERURENA . IDAZLEA . «Idazten dudanean hartzen dudan jarrera beti kritikoa da»

patziku perurena » idazlea

«Idazten dudanean hartzen dudan jarrera beti kritikoa da»

Patziku Perurenak joan den asteazkenean 'Dakiguna ikasten' izeneko bere azken lana aurkeztu zuen Donostian

naiara garzia

1985. urtean Joanes d'Iraolaren poema bilduma argitaratu zuenetik, Patziku Perurenak (Leitza, 1959) hainbat liburu idatzi ditu. Aste honetan bertan bere azken lana aurkeztu du, Dakiguna ikasten (Alberdania).

8 urtetan idatzitako artikuluak bildu dituzu liburu honetan. Hauek guztiak liburu batean biltzeko ideia noiz edo nola bururatu zitzaizun?

Inguruan gertatzen zaizkizun mila huskeriaz zeure sentiera partikularra azaltzeko grina, hori da gure gaitza. Eta zure sentiera interlokutorerik gabe gelditzen bada, ba, zokoan eta isilean pilatu egiten zaizkizu kontuak. Gero, bere sentiberatasun guztiarekin inor heldu bazaizu kontu eske, ba, politenak bereizi, zaku batean sartu, eta putreentzako haragi bihurtu. Ez du beste misteriorik ofizio xelebre honek.

Orokorrean zer gai jorratzen dituzu artikuluetan eta zer jarrerarekin?

Argiak begian jo eta bihotza pizten dizunean sortzen den edozein gai: ura, mina, egia, lurra, sexua, heriotza, porlanaÉ Idazten dudanean hartzen dudan jarrera, beti kritikoa da, poetikoa, alegia, eder minen batek ukitutakoa, ,Oteizak esanen lukeen gisan, dalomismoa ez den guztia.

Izenburuarekin zer azaldu nahi izan duzu?

Bada liburuan bertan hori argitzen duen artikulua, izen berberekoa eta sarrerako aipua ere zentzu berean doa: «Ohitzea, jadanik ez izaten hastea da». Deus ba ote gara, orduan? Deus ez eta festa huts, behar bada...?

Unamuno eta Baroja ere beste artikulu batean oinarritzat hartzen dituzu, Miguel eta Pio uztarrian izenekoan.

Zer da pertsona? Feministek hain maite duten izen neutro hori, zer da...? Inork ez du sufritzen eta gozatzen esaten duenik, eta hala ere, uste dizu, esaten duen hori baino askoz gehiago gozatzen eta sufritzen duela, bestela ez bailuke agoantatuko zutikÉ Hori da pertsona enpirikoa eta etimologikoa ere. Eta ez ni, zerbait zinez esaten hasi ordu, hitzetan trabatu eta neure ahoz barneko ilunbera amiltzen naizena. Trantze hori jaso dut hor.

Ongi portatu izeneko artikulu bat ere idatzi duzu.

Bai gauza zaila ongi portatzea...! Zein da gaur gizagoi edo zein gizalohi, eh? Hitz ederrok ere Mirandek eta biok erdi bana asmatuak dira, baina, euskal filologoak ez dira ongi portatu gurekin. Baina, horretaz ere, esaten dut zerbait beste artikulu batean. Alfer alferrik, klaro.

Arima txurrigereskoa artikuluari buruz Inazio Mujikak irainaren neurrira iristen dela dio.

Arima txurrigereskoa. Begira, Leitzan bada kale berri famatu bat jet-set deitzen diotena. Kasik egunero pasatzen dut nik haruntz-honuntz. Ba, arima horri esaten diot nik txurrigeroa, horri! Baina, nork suma, nere zentzu xaloek sobran dutena...!

Gorrotoari buruz ere idazten duzu. Zergatik?

Atxagak, Juaristik, eta beste hainbat poetek aitortu didate gorrotoaz oraindik irakurri duten originalenetakoa dela. Baina, Gil Berak dio, eta nik ere halatsu, arrunt kalitate eskaseko gorrotoa bizi duela herri honek. Eta gorrotorik fintzen ez duenak oinazerik ere ezin findu.

Saiakerarekin edo poesiarekin sentitzen zara gusturago?

Nik uste, nire zera guztiek badutela halako ukitu poetiko bat, ukitu inoxente bat, objektiboki tasatu ezinezkoa, ez dakit ba nola esan...

Zein da azalaren esanahia?

Batzuk eliz kutsua hartu omen diote. Zer ote da irudimena...? Niretzako plazerrik humanoenaren iturria da, bere zentzurik ugarienean. Harrizko zirrikitu estutik barrenera zabaltzen den argi zahar hori, hitzez bustia. Edo gure usarioko natura bera, maiteminaren argitan urtu, eta umatokirantz atseginez zabaldua.



Agenda

Ikastaroak

Eskulan ikastaroak
TOLOSA, Zuentzart eskulan dendan - 2009-06-26

Ikastaroak

Gazteentzako tailerrak
TOLOSA, - 2009-06-30

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.

Lege Informazioa