Edukira joan

Tolosaldeko Hitza

Tolosaldea eta Leitzaldea
2008ko abuztuak 20, Asteazkena

Harpidetu zaitez!

Elkarrizketa Digitalak

Inaxio Perurena

Inaxio Perurena

Harri-jasotzailea

2008-02-21 - 12:00

Inaxio Perurena harri-jasotzaile leitzarra Hitzaren erredakzioan egon da.

Erantzundako galderak:

1

G. Harriak asko pixatzen al dik? Ibai Amondarain (anoeta)

E. Harriak beti berdin pisatzen du. Askotan gorputzak izaten ditu gorabeherak eta egun horietan gehiago pisatzen du. Egun horietan "entrenamendua ez banu egin izan hobeto" pentsatzen duzu.

2

G. Zure aitaren itzala sentitzen al duzu zure lanbidean Aitor

E. Betidanik. Lehenengo aldiz aitarekin konparatu ninduten bost urte nituela. Lehenengo erakustaldia egin nuenean herriko plazan, kazetari bat etorri eta galdetu zidan noizko gaindituko nuen aita.

3

G. noizko harri zilindriko bat bizkarreratu beharrean emakume"diabolo" bat? joseba

E. Nik lehengo martxatik jarraituko dut. Eta emakume 'diaboloak' eta bestelakoak modari utziko dizkiogu.

4

G. Aupa Iñaxio! Zure aita bezain ona izatea iritsiko zeala uste al duzu? Nerea

E. Aita bezain ona ez dakit, baina ahal dudan onena egiten saiatuko naiz.

5

G. Astean zenbat aldiz eta zenbateko denboraz entrenatzen duzu sasoiean egoteko? Maialen

E. Marka handia prestatzen ari naizenean astean zortzi entrenamendu: astelehen eta ostegunetan bi entrenamendu ordu eta erdikoak, astearte eta ostiraletan entrenamendu bakarra, ordu eta erdikoa ere, eta asteazken eta larunbatetan marka egiteko erabiliko dudan harriarekin egiten ditut saioak.

6

G. Harrijasotzaile ez bazina, zer gustatuko litzaitzuke izatea? MIkel

E. Ezin dut imaginatu nire bizitza harri-jasotzaile izan gabe, txikitatik nabil mundu honetan. Ez dut sekula pentsatu beste zer egin nezakeen. Hala ere, pilotari izatea ez legoke gaizki.

7

G. Zein da irakurri dezun azken liburua? Iker

E. 'Bertsolari' aldizkaria irakurtzen dut. Nahikoa liburu da hori.

8

G. Nolatan harrijasotzaile? Aitarena kontutan hartu gabe noski!

E. Umetatik etxean ikustea bultzada bat da. Gainera behin harriarekin bueltaka zabiltzala, gorputzak eskatu egiten dizu. Erraza da ulertzea: kilo batzuetara iristen zarenean, ikusten duzu zenbateko progresioa egin duzun eta gehiagora pentsatzen hasten zara eta ohartu gabe engantxatu.

9

G. Zer da pisuagoa, astebururo altxatzen dituzun harriak edo Perurena abizenak sortu dezaken presioa? Brandon Boyd

E. Onartu beharra dago Perurena abizenak pisu handia daukala, baina dagoeneko ohituta nago.

10

G. Parrandarako astia ematen al dizu zure lanbideak?

E. Normalean, errekor baterako prestatzen ari naizenean ez, baina lortzen bada, parrandarako beti izaten da aukera "ospatzeko". Marka garaietatik kanpo ez zara entrenamenduetan egoten buru-belarri eta orduan ere ateratzen naiz.

11

G. Noiz arte ikusten duzu zure burua harriak jasotzen?

E. Aitak 51 urte ditu, belaunetako lesioak eta gauza asko pasata, baina hor dabil oraindik. Nik ere, nire gorputzak ahal duen arte segitu nahiko nuke.

12

G. Bizkarreko arazo handiak izaten al dituzu? Zenbatero joan behar izaten duzu medikuarengana? Aitzol

E. Orain hiru bat urte izan nuen fibra apurketa gerrian eta hor masajistarekin moldatu nintzen. Aitonak zioen bezala, gaizki zaudenean bakarrik joan behar da medikuarengana.

13

G. Zer kirol gehiago gustatzen zaizkizu?

E. Esku pilota eta heri kirolen munduan aizkora ere bai. Futbolari alergia handia diot!

14

G. Etorkizuna ikusten al diozu harri-jasotzeari? Miren

E. Orain gazte batzuk badabiltza, baina onartu beharra dago oso gutxi gaudela eta aurrera begira gaur egungo aro moderno honetan, ematen du harri-jasotzeak ez duela lekurik eta gimnasio modernoak, berriz, bai. Erakustaldiak asko jaitsi dira. Lehen edozein herriko festetan egoten ziren eta orain gero eta gutxiago.

15

G. Aupa Inaxio! Zein da zure hurrengo erronka? milesker

E. 234 kiloko harria esku batekin altxatzea buruan dabilkit eta nahiko agudo egin nahiko nuke. Ea entrenamenduek zer dioten.

16

G. Behin ere jaso al duzu aita bizkar gainera? Kurioso bat

E. Ezta sekula ere. Aitari diodan errespetuarengatik izango da. Lagun bat edo beste bai.

17

G. Gizakia beti markak hausten. Harri-jasotzen zein uste duzu dela topea? Iñaki

E. Harria jasotzen topea ez dago jakiterik. Atletismoan adibidez oso marka onak egin arren, beti ateratzen da beste kirolariren bat hori gainditzen duena eta harri jasotzen zergatik ez.

18

G. Mundun beste inu ezagutzen duzu harri-jasotzea egiten denik? Ekain

E. Garai bateko Olinpiadetan, indar probetan harria erabiltzen zen eta Atenasko museoan badago harri bat duena idatzi bat: "Binonek esku batekin altx zidan".

19

G. Zer jan behar da harriak jasotzeko? Dietista edo

E. Adibidez harri handi bat altxatzeko, gorputzak karga izan behar du eta karga hori lortzeko jakirik garrantzitsuena haragia da. Eguerdiero eta gauero haragia jaten dut eta entrenamenduaren parte bezala jotzen dut. Aitak ere marka handienak lortu zituenean ere haragi asko jaten zuen.

20

G. Non parte hartu zenuen lehenengo aldiz? KRESALA

E. Leitzako plazan, herriko festetan, bost urte nituela.

21

G. Aita-seme arteko apustuak egiten al dituzue?

E. Erabaki bat hartu genuen, nik 13 urte nituela erakustaldi guztietara elkarrekin joango ginela eta geroztik elkarri lagunduz jarraitzen dugu.

22

G. Noiz ikusiko zaitugu Goenkalen? Mikel

E. Galdera hori askotan egin didate, baina lan hori aitari uzten diot.

23

G. Oaintxe ai naiz zure elkarrizketa irakurtzen. Mundiala da HITZAn egotea horretarako. Zer moduz tratatzen ari dira? je,je...

E. Oso ongi. Mekanografia ikasten ari naiz.

24

G. Zein da une honetan dagoen harri-jasotzailerik onena zure ustez? aitor

E. Niretzat ez da nire aita delako, baina betidanik harri-jasotzaile onena bezala nire aita jo dut, baina gaur txapelketetako lanetan Aimar Irigoien dut gogokoen.

25

G. Noizko desafioa Aimar Irigoienekin? Leire

E. Bide ezberdinetan ibiltzen gara eta nik behintzat harri handiekin eta esku batekin nire gorputzak ehuneko ehuna eman arte jarraituko dut. Gero izango dira beste lanetarako aukerak, baina ez dut nire burua ikusten desafio batean.

26

G. Zer egin behar dut harri jasotzaile izan nahi badut? Miguel

E. Lehenengo gogoa izan, zeren gogorra da. Eta gero, logika erabiliz, harriaren antza duen pisu bat hartu, norbere gorputzaren arabera eta ikasi. Pisu gehiago sartzeko aukera gero izango da. Denok balio dugu harriak jasotzeko.

27

G. Herri kirolak eta herri kirolariak asko gustatzen zaizkit. Asko ligatzen al duzu ospearekin? Muxu bat. Esti

E. Herri kiroletan ibiltzeagatik ez dut uste gehiago ligatuko denik, horretan futbolariek zorte gehiago dute.

28

G. Zer jaten duzu egun normal batean?

E. Pertsona normal batek jaten duena, kopuru handiagoetan eta egun guztian zehar goserik ez edukitzea.

29

G. Ze desafio botako zenioke aitari? ANDONI

E. Desafioa beharrean, zortea beretzako eta urte askoan jarrai dezala lesio gehiago etorri gabe.

30

G. Nola ikusten duzu herri kirolen mundua une honetan? une onean al daude? gazteek ba al dute afiziorik?

E. Esan daiteke gaur ongi daudela, baina afizioa asko jaitsi da. Lehen erakustaldietan aukrea eman harria probatzeko eta asko saiatzen ziren. Gaur egun oso gutxik probatzen dute.

31

G. Etorkizunezko gazteak ba al datoz harria jasotzen? XABI

E. Bai, 15 urtetik beherako batzuk badaude, baina gehiago balira hobe. Gure seme-alabei erakutsi beharko diogu.

32

G. Aitak eman dizun aholkurik onena zein da?

E. Aholku asko eman dizkit, baina nik uste onenak berak pasatutako lesioengatik nik lesiorik ez izateko balio izan duten horiek izan dira.

33

G. Askotan haserretzen al zara aitarekin? Nagore

E. Pentsatu nik aitarekin lan egiten dut eta aparte nire entrenatzailea da eta erakustaldi guztietan elkarrekin ibiltzen gara. Elkarrekin hainbeste denbora egonda, tarteka tokatzen da haserrealdiren bat.

34

G. Zer erantzuten diozu zuena basakeria dela esaten dizunari? Arantxa

E. Lehenengo aldiz ikusten duten gehienek esaten dutena da, baina saiatzen gara adierazten ez dela indar hutsa, teknika oso landua eskatzen duela eta kirol moderno bat dela beste asko bezala.

35

G. Nolakoa izaten da zure egun arrunt bat? Joseba

E. Entrenamendu garaian: goizean baserriko lanak egin eta eguerdian goizeago jaitsi entrenatzera. Bazkal ondoan siesta sakratu pixkat eta arratsaldean berriro baserriko buelta eta entrenatzera.

36

G. Zer diozu egungo Euskal Herriko egoera politkoaz? Jabier

E. Lema garbi bat daukat politikoei buruz: Lazkao Txikik esan zuen bezala, politikoak eta mizpirak berdinak dira, gero eta ustelago gero eta hobe. Bestela politikatik ez dut ulertzen eta ez dut ulertu nahi ere.

37

G. Zure seme edo alabak zure bidetik jarraitu nahi badu? Josune

E. Jarraituko duen ez dakit, baina espero dut jarraitzea, harri-jasotzaile bezala poztasun handia izango litzateke niretzako.

38

G. Harri-jasotzaile asko al datoz atzetik? Iban

E. 18 urtetik behera, erreferentzi bat jartzeagatik, bi eskuetako hatzak baino gehiago ez dira izango seguruenik.

39

G. aurreko galdera batean esan duzu futbola etzaizula bate gustatzen. Baina ez al du diru gehiago ematen? harriarekin ongi bizitzeko modua al dago? Milesker kanpeon

E. Futbolak, kirol bezala, ez dit kalte egiten, baizik eta horren inguruan mugitzen den diru pila, zeren heri kiroletan gabiltzan guztiak lan egin behar dugu aurrera jarraitzeko.

40

G. Harriak jasotzetik ba al dago bizitzerik? Edo baduzu beste lanik? Juanjo

E. Harri jasotzetik ez. Eta lehen esan bezala, beste herri kiroletatik ere ez.

41

G. Zure aitari ere galdera bera egin nion behin, eta zuri ere egingo dizut. Zer sentitzen da harria jasotzean? Jon

E. Nik harria jasotzea arte bat kontsideratzen dut. Arte hori = ahalik eta harri handiena jaso gorputzeko, ahalik eta indar gutxien gastatuz. Eman dezala harriak ez duela pisurik. Prestatzen egon ondoren, jasoaldi eder bat lortutakoan, nik behintzat sentitzen dudana ez dago adierazterik. Zoragarria da.

Egindako elkarrizketak

Edurne Pasaban eta Asier Izagirre

Edurne Pasaban eta Asier Izagirre
Mendizaleak

2008-05-16

Antton Izagirre eta Hektor Espin

Antton Izagirre eta Hektor Espin
Tolosako alkate ohia eta hautetsi independentista

2008-05-08

Inaxio Perurena

Inaxio Perurena
Harri-jasotzailea

2008-02-21

Jokin Bildarratz

Jokin Bildarratz
Tolosako alkatea

2007-12-20

Gari Uranga

Gari Uranga
Realeko jokalaria

2007-11-22

© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa