Edukira joan

Tolosaldeko Hitza

Tolosaldea eta Leitzaldea
2008ko uztailak 4, Ostirala

Harpidetu zaitez!

Elkarrizketa Digitalak

Antton Izagirre eta Hektor Espin

Antton Izagirre eta Hektor Espin

Tolosako alkate ohia eta hautetsi independentista

2008-05-08 - 18:00

HITZAren bulegoan daude une honetan zuzenean orain arte jasotako erantzuteko prest. Denbora arazoa dela eta, orain arte jasotako galderak erantzungo dituzte. Milesker parte hartzeagatik

Erantzundako galderak:

1

G. voih-gorostidin etxebizitza tasatu bat tokatu zait eta dudatan nago erosteko ala ez. Zertan da zuek jarritako salaketa? Atzeratuko al dira lanak? eskerrikasko koxme

E. Kaixo Koxme. Gure salaketa tramitera onartu du Auzitegi Nagusiak. Ez dago gure esku auziaren epeak zehaztea. Hala ere, guretzat garrantzitsuena Tolosako Udalak guk egindako interpelazioari erantzutea da, hau da, esan dezatela zertan gauden oker edota zertan gezurretan. Guk garbi daukagu Voith-Gorostidi opoerazioa kaltegarria dela Tolosarentzat eta gainera ilegala. Ez du balio ezkutatzea. Gure asmoa ez da obrak atzeratzea, baizik dentsitatea gutxitzeko oraindik konprometitu gabe dauden etxebizitza guztiak (libreak) eraiki ez daitezen lortzea, tolosarron bizi baldintza duinak bermatzearren.

2

G. Zein harreman duzue Tolosako Udaleko beste zinegotzi eta alkatearekin?informaziorik ematen dizuete? Miren

E. Kaixo Miren. Urtarrilean azaldu genuen bezala, zinegotzi karguak lapurtu arren eta gure parte hartzea bermatzeko inolako erraztasunik eman ez duten arren, gu udaletxean egongo ginela. Azken hilabetetan batzordetan parte hartzen saiatu gera baina gaur da eguna gure presentzia eta interbentzioak aktatan jaso ere egiten ez direna. Hau da, udaletxeko aktak falseatzen dira gure parte hartzea ezkutatzeko. Hortik atera kontuak!

3

G. aupa bikote! Voith-Gorostidiren inguruan doa nire galdera: - Zer egitea gomendatzen diguzue etxea hor erosi dugunoi? eta etxea tokatu zaienei? ordainketak egin behar direnez, ordainketak egiteari uztea voith-gorostidiko auzia bukatu arte? Eskerrik asko. 2xarra

E. Lehen aipatu bezala Udalak erantzunak eman behar ditu. Dena den, esleipendunen eskubideak bermatuak izango direla ez dugu zalantzan jartzen. Zuek, guk bezala, Udalari erantzukizunez jokatzea galdegin behar diozue. Hala ere, gure ekimenak erantzukizun politikoak eta juridikoak agerian jarri nahi ditu eta ez esleipendunen interesak kolokan jarri. Beraz jarraitu zure eskubideak defendatzen.

4

G. Kaixo Antton: Ze desberdintasun ikusten dituzu Tolosan zure agintaldiarekin konparatuz? Omar Rodriguez

E. Kaixo Omar: Ez naiz, ni agian aproposena desberdintasunak nabarmentzen hasteko. Herritarren talaia aproposagoa izaten da antzeko begiradak botatzeko. Nik desberdintasun handiak ikusten ditut, barnetik udala ondo ezagutu dudalako, talante eta izakera desberdina dugulako, orain PNVren itzalak aurrez jotzen duelako eta nire garaian gestioa oztopatzen saiatu zirelako. Dena den gestioa soldatarekin neurtu nahi baldin bada, oraingoarena askoz hobea da.

5

G. Azken lau urteren zer balorazio egiten duzue? Zer gauza onak eta ze gauza txarrak in dia? Haritz

E. Gauzak ondo edo gaizki, tolosarron laurdenaren parte hartzerik gabe egin dira. Eta hori oso larria da, hartu diren erabaki garrantzitsu askoren zilegitasuna kolokan jartzen duelako. Gure ustez, Tolosaren irudia asko landu da eta batzutan ondo. Tolosa ezagunagoa da orain. Hala ere, irudikeri horren atzean benetako politikak, ekonomia arloan, etxebizitza arloan, behar sozialen arloan,... interes ekonomiko jakin batzuen mesedetan egin da, ez tolosarron gehiengoaren mesedetan.

6

G. Zer iruditzen zaizue Udalaren 2015 proiektu hori? Beharrezkoa al da? Benetan kontutan hartuko al dituzte biztanleen beharrak? Lorea

E. Etorkizuneko prospekzioak egin behar dira. Baina kasu honetan irudikeria eta itxura gehiago dago benetako lan iraunkor eta sakona baino. Herritarren parte hartzea eslogan hutsa bihurtu nahi dute. Erabaki nagusiak bulegoetan hartuko dira, baina noren bulegotan da egin behar genuken galdera.

7

G. zertan da voith-gorostidi auzoko salaketa? lanak atzeratu edo gelditzeko posibilitateak handiak al dira? mikel

E. Aurrera doa salaketa. Epaileen esku dago auzia. Guk tolosar guztion eskubideak defendatzen jarraituko dugu amaieraraino eta lanak geratzea aukera bat da Udalak behar adinako erantzunak ematen ez baditu. Gure nahia eskandalu honen erantzukizun politikoak noren bizkar erortzen diren argitzea da.

8

G. Ez naiz zuen herritarra, eskualdekoa baizik. Baina errespetu guztiz ez al zaizue iruditzen Jokin Bildarrazek "Euro Tolosa Hiri" moduko bat sortu nahi duela? Honi aurre egiteko herri presioa ez al litzateke indartu behar? Iņigo

E. Zu ere Bildarratzen dizdirak itsutua ote? Jakin behar duzu alkateak antolatu duen irudi kanpaina haundi honen atzean ez dagoela benetan ezer haundirik eta eguzkia bihar ere toki beretik sartuko dela Tolosan ere. Bere agintea aldi baterako da.

9

G. Nola ikusi duzue Tolosa azken urteetan? Hobera egin al du? izan ere, badirudi, oro har, jendea gustora dagoela. Joxe Mari

E. Kaixo Joxe Mari. Jendea gustora badago bejondeiela. Gu ez gaude gustora egoera honetan eta orokorrean ez dugu uste gustora egoteko arrazoi haundirik dagoenik. Gure ustez Tolosak egiturazko arazo haundiak ditu eta azken urtetan ez dira pausoak eman horiei erantzuteko. Herria gero eta politagoa dugu baina sakoneko arazoei erantzuna bilatu gabe. Ekonomia arloan atzerakada nabarmena da, enpresen itxiera adibide, gazteak herritik kanpora lanera. Zerbitzu publikoen pribatizazioa. Udaltzaingoaren militarizazioa. Etxebizitza pila eraiki baina norentzat? Zenbat jeitsi dira prezioak? Hau da beste errealitatea. Gustora egotea edo ez egotea erabaki pertsonala da eta errespetagarria guztiz.

10

G. Epa, arratsaldeon pareja! Bata irakaslea, eta bestea arkitektua zarete. Nolatan sartu zineten politikaren munduan? Mattin

E. Gauza bat garbi daukagu, ez ginela politikan sartu aberasteko. Horretarako beste aukera politiko bat egin behar genuen... Benetan politikagintzan sinesten dugu eta egun duen irudi ezkorretik haratago politikagintza militantzia eta zerbitzu moduan hartzen dugu eta ikuspegi hau ez genuke aldatu nahi. Politikagintzaren duintasunean sinestu nahi dugu egun begi aurrean dugun eredua beste bat bada ere.

11

G. Zer da Udal ordezkari batek inoiz ahaztu ezin duena? Miren

E. Hautatu dutenen ordezkari gisa ari dela eta ez derrigorrez alderdi baten mesedetan.

12

G. kaixo, arratsaldeon, eta mila esker, herri honengatik egiten ari zareten lan guztiagatik. Nire galdera ondorengoa da: Zein da egun, Tolosak duen gabezia handiena, hau da, zer falta zaio? Maite

E. Kaixo Maite. Galdera potoloa egin dezu eta guztion artean, zu barne, erantzun beharrekoa. Gure ustez, lehen aipatu ditugun gabeziak ditu: ekonomia eredu iraunkorra eta orekatua, hau da hiru sektoreak modu orekatuan garatzeko baliabideak; nekazartitza eremu biziak, industria dibersifikatuak eta zerbitzu gune gisa erreferentzialtasuna. Dena den, askatasun gabezia haundia du Tolosak ere, Euskal Herriak bezalaxe.

13

G. Zein egoeratan zaudete EAE-ANVko zinegotziak Tolosako udaletxean? maite

E. Kaixo Maite. Lehen erantzun dugun bezala, erabat baztertuak Udaleko egungo arduradunen aldetik: informazioa ukatzen digute, ez dugu inolako baliabiderik (bulegoa, lan tresnak, dirulaguntza,...), ez zaigu hitzordurik luzatzen,... Ikusezinak egin nahi gaituzte baina herrian oso presente gaude.

14

G. Noizbait politika munduan sartzeak penatu egin dizue? Damutu al zaizue? Iņaki

E. Kaixo Iņaki. Guretzat politika ideia baten alde lan egitea da. Beste batek auzo elkartean egingo du, beste batek kultur arloan, besteak edonon... Abestiak dioen bezala "...herria maitatzeko bide asko dago..."

15

G. Atsaldeon! gustura ari naiz momentuan galderak eta erantzunak irakurtzen. Lehenik eta behin, beraz, eskerrikasko biei parte hartzeagatik eta eskerrikasko baita ere Hitzai. Nolakoa iruitzen zaizue Hitzaren lana? eta Euskal Herrian daon prentsa nola baloratzen dezue? Izan ere, lehengo astean Diario Vasco irakurriena dela eta irakurle kopurua dezente igo dela argitaratu dute... leire

E. Harro gaude Udaletxean ardura politikoak izan genituenean Hitzaren sorreran eta garapenean izan genuen parte hartze aktiboaz. Orduan haurtxo bat zena gaur koxkortua ikusten dugu eta etorkizun oparoa opa diogu. Prentsa orokorrean interes ekonomiko oso jakinen morrontzan aritzen da eta ez derrigor interes politiko hutsen mesedetan. Tolosan adibide oso garbia daukagu. Gure ustez Hitza bezelako proiektu anitzak eta libreak arnas berri bat ekarri diote irakurleari.

16

G. Zuen alderdiko alkate bat, alkate izateagatik espetxeratua izan da. Zer diozue? igor

E. Lehenik eta behin, kartzelan ere bere herriko Alkate izaten jarraitzen duela, herritarrek aukeratu zutelako. Oso harreman estua izan dugu berarekin eta ezagutzen dugu bere maila pertsonala eta humanoa. Saminez baina harrotasunez bihoakio hemendik gure besarkadarik beroena. PNV eta PSOE dira Ino kartzelan egotearen erantzuleak, beraiek seinalatu dute eta Garzonek agindua bete du.

17

G. Alkateari egindako elkarrizketan, zenbat kobratzen zuen galdetu zitzaion eta ez zidan erantzun. Zuek ba al dakizue zenbat kobratzen duen? mikel

E. Kaixo Mikel. Azken igoeraren berri ez dugu baina gure datuen arabera ihaz 70.000 euro inguru (11 miloi terdi pezeta) gordinak ihazko urtean. Horri dietak, batzordetako lehendakaritzak, eta beste zenbait extra gehitu behar zaizkio.

18

G. Egungo udala, gure herria "irudiaz" asko kezkatzen dela iruditzen zait. Zein da zuen irirtzia? herritar bat

E. Kaixo. Lehen ere aipatu dugu hori dela gure ustez egungo arduradunen obsesioa. Horren azpian zerbait balego behintzat... Guk askotan "gabonetako argien" teoria erabiltzen dugu, hau da, dirudinez gabonetan argiak piztean gehiago saltzen da, beraz norbaiti bururatu zaio Tolosan urte osoan argiak piztuta edukitzea. Baina horrek ez du etorkizuna bermatzen.

19

G. Egoera politikoa zaila dela diozue. Ikusten al duzue irtenbiderik? tolosar bat

E. Etorkizuna badu Euskal Herriak. Nahiz eta une honetan bidea ikusteko zailtasunak izan, argitasuna elkarrizketa eta negoziazioaren bidetik etorriko da. Hor dugu guk mahai gainean jarritako konponbide politikorako proposamena: Lau lurraldetako autonomia estatutua eta erabakitze eskubidea lurralde bakoitzari aitortua. Dena den irtenbidea guztion parte hartze eta konpromisotik etorriko da.

20

G. Zer iritzi duzue Arrasaten gertatutakoaz? Tolosan gauza bera gertatuko balitz bertako PSOko zinegotzi batekin zein izango litzateke zuen jarrera? Gorka

E. Arrasaten gertaturikoa larria, mingarria eta barrenak astintzeko moduko giza eskubideen urraketa izan da. Gure jarrera, eskubide urraketa guztien aurkakoa da, izan hilketa, tortura, erru gabeen atxiloketa edo ilegalizaioa eta buruzagi politikoak espetxeratzearen aurkakoa. Lan egiten dugu eta jarraituko dugu hauek edo antzeko eskubide urraketarik ez alde batekoa, ez bestekoak eman ez daitezen, hemen eta Arrasaten.

21

G. Mozio etikoak gora eta behera gabiltza azkenaldian. Zer iritzi duzue? milesker Haritz

E. Mozio hauek ez dira etikoak, mozio politikoak dira eta helburu politiko garbia dute: ezker abertzalea kriminalizatzea eta herriak emandako ardura politikoak lapurtzea. Etikoak izateko koherentzia falta zaie. PNV eta PSOEk GAL, tortura, presoen sakabanketa eta bestelako eskubide urraketak babestu dituzte eta ez dira inor etikako lekzioak emateko.

22

G. Zer behar du politikari on batek?

E. Konpromisoa, duintasuna eta humiltasuna, herriaren interesak interes pribatuen aurretik jartzea eta politika ez erabiltzea bestela lortuko ez lituzkeen helburu pertsonalak lortzeko. Hori badu, talde on bat bakarrik falta zaio.

23

G. nori egingo zeniokete "mozio etikoa"? Jon (Berastegi)

E. Kaixo Jon. Mozio etikoa lehenik eta behin politiko bakoitzak bere buruari egin behar dio eta ikuspegi etiko horretatik egin ondoren politika. Politikak oinarrizko balore etikoak berarekin beharko lituzke. Gu ez ginateke joango Billabonako udaletxera hango alkateari etikako lekzioak ematera atzo Jokin Bildarratzek egin zuen bezala.

24

G. Tolosako Iņauterietan zertaz mozorrotuko zenituzkete Tolosako Udaleko zinegotziak? Periko (Leitza)

E. Ali Baba eta 40... eta ondoren "Sesamo, itxi atea" ohiukatu. Giltza nork gordeko luke?

25

G. Euskal Herri independente batean, guztia erabat gure kabuz kudeatzen hasiko garenean, zein izango dira aldatu beharreko lehen bost gauzak? eskarrikasko ta animo!!

E. Bost eta ez derrigor orden honetan: 1- Ondasunen banaketa juxtuagoa. 2- Erabakitze prozesu parte hartzaileagoak 3- Administrazioa herritar guztien oinarrizko eskubideen berma bilakatzea. 4- Gizon emakumeen berdintasunaren bermea 5- Etorkizuneko belaunaldien natur baliabideak ez xahutzeko neurriak hartzea.

26

G. Voith-Gorostidikoa horrela bada, zein izan daiteke gazteentzat irtenbidea gurasoen etxetik joateko? Milesker bikote! Leire

E. Ezker abertzaleak etxebizitza politika zehatza dauka. Luze joko luke hemen azaltzeak, baina alokairuko etxebizitza parke publikoaren aldeko apustua egin behar dela deritzogu. Hori Tolosan Laskorain Goikoan (San Esteban auzoan) aplikatu beharko litzateke, hor sortuko baita datozen urtetako etxebiizitza parke haundiena. Tamalez, ez dugu inolako esperantzarik egungo Udal agintarien politika neoliberalarengan.

27

G. Kaixo bikote. Azken aldiko gertaerak ikusita. PSOE eta batez ere EAJ jauzi kualitatibotik kualitatibora dabilela ikusten dugu. Billabonan gertatua horren adibide. Ezker abertzaleak berriz ez du horrelakorik egiten, noraezean bezala dabilela dirudi, eta nire ustez ez da oraingo sentsazio bat. Jauzi kualitatiboen aurrean betiko erantzuna. Ez al zaizue iruditzen oker jokatzen ari dela ezker abertzalea? Zerbait gehiago egin behar dugula. Alaitz

E. Errespetagarria da zure iritzia baina ezker abertzaleak egoera zailetan ere buru hotzez eta zentzuz jokatzen jakin behar du, esku artean dugun egitekoa proiektua luzea da eta jakin behar dugu erasoei erantzuten, probokaziotan erori gabe eta gure proiektu politikoa lehenetsiz. Hala ere, ezker abertzalea zu bezalako herritarrez osatua dago eta guztiok osatzen dugu. Ateak irekita dauzkazu.

28

G. Kaixo bikote! Orain Tolosako Udala zuen eskuetan egongo balitz zer da aldatuko zenuketen lehen gauza? (seguru gauza asko daudela baina...) Animo eta segi aurrera! Edurne

E. Ikuspegi politiko guztien parte hartzea lehen arau demokratikoa da eta hori ezarri beharko litzateke lehenbaitlehen. Gero gerokoak.

29

G. iepa. Ze iritzi daukazue tolosako udala AHTaren inguruan egiten ari den lanketaz? Zuek ze egiteko prest zaudete?? josu

E. Tolosako Udala PNVren interesak babesten ari da AHTren auzian eta ez herritarron interesak. Gure ustez informazio gabezia larria dago eta eztabaida ukatzen zaio harritarrari. Horrelako proiektu txikitzaile eta diru xahutzaileak geratu behar dira eta azpiegituren inguruko eztabaida oinarritik abiatu.

30

G. Iepa bikote!Zuen lanaz aparte, ezker abertzalearen ordezkari lanak militantziaz egitea nola eramaten da?denbora asko eskatzen du ezta? eutsi horri Mikel

E. Estu estu. Oraintxe bertan, arratsaldeko zortziretan, elkarretaratzea deitua dago Trianguloan. Hori dela eta, hemen utzi behar dugu gaurko saioa. Eskerrak Hitari eta eskerrak galderak luzatu dituzuen guztiei. Oso gustora aritu gara. Hurrengorarte.

Egindako elkarrizketak

Edurne Pasaban eta Asier Izagirre

Edurne Pasaban eta Asier Izagirre
Mendizaleak

2008-05-16

Antton Izagirre eta Hektor Espin

Antton Izagirre eta Hektor Espin
Tolosako alkate ohia eta hautetsi independentista

2008-05-08

Inaxio Perurena

Inaxio Perurena
Harri-jasotzailea

2008-02-21

Jokin Bildarratz

Jokin Bildarratz
Tolosako alkatea

2007-12-20

Gari Uranga

Gari Uranga
Realeko jokalaria

2007-11-22

© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa