Datorren asteazkenean, apirilak 29, ikastetxeko gurasoen urteko Batzar Orokorra egingo da Tolosako Kultur Etxean (Triangulo Plazan) arratsaldeko 7tan. Bertan, Gorosti elkartearen urteko balantzea aurkezteaz gain, aurrerantzean burutuko diren ekintzak eta kezkak edo zalantzak argitzeko aukera ere egongo da. Bilerak irauten duen bitartean haurtzaindegi zerbitzua egongo da hantxe bertan.
Datorren asteartean, apirilak 28, “GATAZKAK KONPONTZEKO MODU POSITIBOAK” gaiaren inguruan hitzaldi bat antolatu da Elkarbizitza Planaren barruan. Hizlaria “GEUZ” taldeko arduraduna den Lucia Gorbeña izango da , arratsaldeko 16:30etan Haur Hezkuntzako erabilera anitzeko gelan.
Gaur eman diogu bukaera literatur asteari, atzo korrikan parte hartu genuen… Lasaitu ederra hartu dugu, bi ekitaldi horien inguruan egindako lanak bukatu ondoren! Bai baten zein bestearen prestaketan ordu dezente eman ditugu denok baina erantzuna ezin hobea izan da.
Irakurketa maratoia primeran atera zen, inoiz baino jende gehiago hurbildu da ipuinak kontatzera eta euskara batzordeko ikasleak aritu dira bertaratutako batzuei elkarrizketak egiten. Aurreko edizioetan bezala, denentzako esperientzia polita izan da. Inondik ere merezi izan du!
Atzoko Korrikan berriz, eskolako musikariek ederki animatu zuten ibilaldia, Lehen Hezkuntzako ikasleen euskararen aldeko mezuen artean. A ze poza furgonetaren atzean zetorren jende piloa ikusita! Haur Hezkuntzakoak berriz, Korrika Txikia egin zuten patioan, Mantto maskotaren begiradapean.
Benetan pozik gaude… eta, bihotz bihotzez, mila esker eman nahi dizkiogu hemendik AEKri eta korrika antolatzen ibili diren guztiei, euskara ikasi edo ikasten ari direnei eta, nola ez, literatur astean parte hartu dutenei: famili artekoak, ikasleak, O.N.C.E., Gureak, gorren elkartea, irakasleak, udal liburutegiko langileak… beste behin ere, benetan, “plazer bat izan da”! ESKER MILA!
Otsailaren 10etik abian da Samaniegon bertso eskola. Eguerdiko ekintzen barruan Lehen Hezkuntzako ikasleei eskaintzen den aktibitateetako bat da; astean ordubetez 12:30etik 13:30era astearte eta ostegunetan. Une honetan 23 neska-mutil parte hartzen dute Aitzol Barandiaran bertsolari gaztearen eskutik.

Argazkian 5. mailako ikasleak
Aurreko larunbatean Somporten jokatutako iraupen eskiko Gipuzkoako txapelketan Manex Begiristain eta Ane Gorostegik 1. postua lortu zuten alebin mailan. eskolako kide guztien partetik ZORIONAK biei.

Argazkian Ane eta Manex txapelketan lortutako dominekin