| « 2009ko OTSAILAK 27, 33 URTE ASKI DIRA | MARTXA BERDEAREN ETA MADRIDEKO AKORDIOEN 33. URTEURRENA » |
Kultur trukaketa hamabostaldiaren baitan datorren Ostegunean hilak 21 arratseko 19.15tan,’Sahara ez dago salgai’ filma ikus ahal izango da Ibarrako Benito Izagirre kultur etxean, filmaren bi egileak, Joaquin Calderon eta Luis Arellano bertan izango direlarik.
2007ko Apirilean Dajlako errefuxiatu sahararren kanpamenduan (Aljeria) ospatu zen FISAHARA 2007, Saharako Nazioarteko 4. Zine Festibala. Joaquin Calderon eta Luis Arellano, zinegile nafarrak, festibaleko ekintzen baitan argazkigintza digitaleko ikastaro bat ematera hurbildu ziren bertara. Bizitako abentura honek eta ikastaroan parte hartu zuten 17 gazte sahararrek ekoitzitako irudiek, Saharar errefuxiatu politikoek amaierarik ez duen ‘Hammadan’ (basamortuan) bizi duten eta egunetik egunera okerragotzen ari den egoera larria ezagutzeko aukera eman zien, aipagai dugun filmaren abiapuntu bihurtu ziren.
Hain zuzen ere, ezagutu zuten errealitateak gainezka egin ziela esan daiteke. Eurek aitortzen duten moduan, hara iritsi bezain pronto errefuxiatuek bizi duten egoera humanitario eskasaren eta gatazka honetan erantzunkizuna duten gobernu desberdinek orain arte konponbide bat bilatzeko erakutsi duten interes faltaz jabetu ziren. Dokumentalaren zuzendariak, errefuxiatu sahararrak arazoa konpondu ahal izateko, arazoa ‘aireratzeko’ duten premia ikusi zuten.
Beraz, dokumentalaren jatorria iazko FISAHARA 2007an aurkitzen da. Egileak kanpamenduetatik itzuli zirenean lanean jarri ziren berehala. Asmoa ez zuen mugatu nahi soilik kanpamenduetako egun bateko kontakizuna egitera eta dokumentazio lan eskerga bat ipini zuten abian artxiboko irudi eta testigantzen bila. Politika munduko ordezkariak elkarrizketatu zituzten, horrenbeste esan eta horren gutxi egiten duten, Joaquin Calderonen hitzak dira, kasta berezi horretako pertsonen iritzia zein zen jakin nahi zuten.
‘Sahara ez dago salgai’ edo ‘Sahara no se vende’ dokumentalaren ideia gainditzen du. Muntai bizi eta dinamiko bat du. Marien Hassan, Fermin Muguruza, Manu Chao, Amparanoia, Tahures Zurdos, Tonino Carotone… kantuen erritmora ikusentzunezko lengoaia zoragarri bat eratzen du. Filmak Saharar Herriaren historian zehar eginiko bidaia bat iradokitzen du eta aldi berean errefuxiatu kanpamenduetako gaur egungo egoera eta hiru hamarkada baina gehiagoz irauten duen gatazkaren giltzarriak jasotzen ditu.
Bi egileak, Joaquin Calderon eta Luis Arellano, euren lanbidea proiektu honekin uztartzen ari dira. Azken hamar hilabeteetan hainbat lekutan proiektatu eta solasaldiak eskaini dituzte. Zinema festibal desberdinetan hainbat garaikur lortu ditu. Guztien artean, Saharako Nazioarteko 5. zine festibalean, FISAHARA 2008, 2008ko Apirilaren 15etik 20ra bitartean ospatu zena, lortutako zilarrezko gamelua nabarmentzen delarik. Bertan egindako emankizuna gogoangarria gertatu zen. Errefuxiatu Sahararrak negar, oihu eta txalo artean jaso zuten filmean Sahara askeari buruz egiten diren aipamenak.
Fitxa teknikoa
Zuzendariak
Joaquín Calderón y Luís Arellano
Ekoizpena
Fotoscopia, Good Feeling y Navarra de Cine
Muntaia
Aritz Gorostiaga Eskubi
Soinu banda
Gorka Pastor
Diseinu eta bideosormena
Aitor Unzu.
Musika
Carlinhos Brown/Rosario Flores, Manu Chao, Bebe, Marien Hassan, Chambao, Macaco, Gualitxo, Tahúres Zurdos, THC, Tonino Carotone, Amparanoia, THC, Fermín Muguruza, Akli.D, Nour y Oscar Mulero.
Festibalak & sariak
Iruñeako zine festibala
Fescigu zine festibala, Guadalajara (Espainia)
Zinema sozialeko eta giza eskubideei buruzko zine festibala, Valparaíso (Chile), ‘Salvador Allende mendeurrena’ saria
Zine eta bideo festibala, Villa Gesell (Argentina)
Cinestrat 08-Alacant (Herrialde katalanak) zine festibala
FISAHARA ‘08 www.festivalsahara.com. ‘zilarreko gamelua saria’
Zinema txiroaren naziarteko zine festibala, GIBARA (KUBA)
Tolosaldea Sahararekin Sahara Bizi elkarteak herri sahararraren oraina eta etorkizunean interesa duen herritar oro gonbidatu nahi du zine proiekzio interesgarri honetara.
MAROKO SAHARATIK AT, AUTODETERMINAZIOA ETA INDEPENDENTZIA MENDEBALDEKO SAHARARENTZAT