| « SAHARAR FESTA TOLOSAN | saharar prentsa agentzia (eta 2) » |
Ondoko lerroetan, duela gutxi Fronte Polisarioaren sorreraren 35. urteurrenaren
ospakizunak zirela eta Tolosaldera hurbildu zitzaigun EAE-rako ordezkari berriari, Fatma Mohamed Salem-i, BERRIA egunkarian eginiko elkarrizketa irakurri dezakezue. Elkarrizketa honetan, Mendebaleko Saharako gatazkaren gaur egungo eta etorkizun hurbileko klabe batzu agertzen dira:
Denbora laburra egin du Fatma Mohamed Salemek (Dakhala, Mendebaldeko Sahara, 1962) ardura berrian. Duela hilabete inguru, bera aukeratu zuten Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izango duen ordezkaria izateko. Lehenago ere ordezkatu du gobernu sahararra, Balearretan (Herrialde Katalanak) eta Galizian. Nabaritzen da pozik dagoela eginkizun berrrian, eta esker oneko hitzak baino ez dauzka Euskal Herrian sahararren borrokak jasotzen duen elkartasunagatik.
Bizitzaren urte gehienak atzerrian eman ditu Salemek, hamahiru urterekin sorterria utzi behar izan baitzuen. Hala ere, ez zaio nekerik antzematen. Bilboko Zabalburu plazatik gertu herrikide batzuek daukaten pisuan erantzun die galderei, lasai bezain irmo, tradizioak agintzen dituen hiru teak dastatzen dituen bitartean (lehena mingotsa, bizitzaren antzekoa; leuna bestea, heriotzaren modukoa; azkena gozoa, maitasuna bezalakoa).
Marokok egindako okupazioaren oroitzapenik ba al duzu?
Bai. Ni hamahiru urteko neskatoa baino ez nintzen, eta ez neukan informaziorik edo prestakuntzarik gertatzen ari zena ulertzeko, baina ondo gogoan dut egun malapartatu hartan eskolan nengoela, Bu Craan. Gure aitak, zeina gerora gerran hil baitzen, han egin zuen lan, eta gu hiri horretan bizi ginen. Aita eskolara etorri zen, eta baimena eskatu zion maistrari ni eramateko, Aaiunera joan behar genuelako. Nik segituan hartu nion susmo txarra bidaia hari, aldez aurretik etxean inork ez zuelako horretaz hitz egin eta bidaia oso luzea izan zelako. Laster ikusi genituen gerrillari sahararrak, eta jende asko zegoen ihesean, umeak, emakumeak, adinekoak, zati batzuetan oinez eta beste batzuetan kamioietan.
Esperientzia gogorra izango zen hura.
Hegazkinek bonbardatu egiten gintuzten. Nire adineko umeak, eta ni baino gazteagoak ere, hiltzen ikusi nituen bidean. Inork prestatu gabe, inork ezer azaldu beharrik gabe, azkar asko konturatu ginen herria lapurtu zigutela. Gakoa irautea zen, eta gainerakoei laguntzea. Espainiak ez zigun inolako prestakuntzarik eman hainbat arazori aurre egiteko, erizainik edo medikurik ez geneukan. Nik gaztelaniaz hitz egiten nuen eta idazten eta irakurtzen banekien. Horregatik, gure amonari baimena eskatu zioten ni erietxera eramateko, botiken oharrak irakurri eta ahal nuen moduan laguntzera. Denetarik egiten nuen: umeei ziropa eman, injekzioak jarri eta abar. Ume asko hil zen nire beso artean, asko. Baina zailtasun horiek gainditu genituen, eta kanpalekuak ahalik eta hobekien antolatu ditugu gaur arte. Saharar gobernua ez da soilki borroka armatuan aritu. Aitzitik, haren lehentasun nagusia urte hauetan herritarren alfabetatze eta prestakuntza izan da.
Espainiak lagundu al dizue eginkizun horretan?
Ezer baino lehen, Espainiara jo genuen laguntza bila, baina ukatu ziguten. Nire belaunaldiko gehienak %90 inguru, Kuban hezi gara. Beste kontinente batera joan behar izan dugu ikasi eta gaztelania mantendu ahal izateko. Baina gaur egun, lagundu diguten herrialde eta herritarrei esker, gure herritarrek prestaturik daude egunen batean gure herria garatu ahal izateko.
Marokok okupazioa AEBetako bultzada eta oniritziarekin egin zuela salatu izan duzu.
Guk ez diogu inori errurik leporatu nahi. Errua duten bakarrak, nola ez, Marokoko monarkia dira, eta Espainia ere bai, 1975eko azaroaren 14ko hitzarmenetan Sahara babesgabe laga zuelako. Nik ulertu nahi dut Espainiaren garai hartako jarrera. Diktadura zegoen, Franco hiltzen ari zen, eta Espainiarekin ere zer gertatuko zen inork ez zekien. Baina horrek ez du zuritzen geroztik Espainiako Gobernuak, PPrekin zein PSOErekin, izan duen jarrera. Ardura zuzena daukate, juridikoki ez baitute deskolonizazio prozesurik egin, eta hitzarmenak sinatu dituzte gure lurraldea Marokori eta Mauritaniari emateko. Denbora izan dute, eta oraindik ere garaiz daude zor hori kitatzeko.
Zehazki zer eskatzen diozue Rodriguez Zapateroren gobernuari?
Ez diogu beste munduko ezer eskatzen, soilki NBE Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak onar ditzan. Ez da hain zaila. Eta hori egiten badu, herritarren sostengua izango du. Ez da beharrezko Marokorekin harreman politiko eta ekonomikoak haustea, ez da hori gure helburua. Aitzitik, arazoa konpontzeak mundu guztiari ekarriko dio onura: AEBei, Frantziari, Aljeriari, Mauritaniari, eta Espainiari eta Marokori ere bai.
Harreman ekonomikoan aipatu dituzu lehen. Zein garrantzi dute interes ekonomikoek gatazkaren luzean?
Askotan esaten dut nahiago nukeela benetan batzuek uste duten bezain pobreak bagina. Basamortuan biziko ginateke, ezer gabe, baina duin. Arazoa, aldiz, bestelakoa da. Mendebaldeko Saharak aberastasun handiak ditu, eta interes ekonomikoek justiziak baino pisu handiagoa dute, mende honetan ere bai.
Zer irizten diozue nazioarteko komunitateak Saharako gatazkan duen esku-hartzeari, edo esku-hartze ezari?
Ez zaigu bidezko iruditzen. Nik ikusten dut hiru hilean behin beste gatazka bat pizten dela munduan, eta badirudi Saharakoa paisaiaren osagai bilakatu dela, gauza estatikoa dela. Baina ez da horrela. Ez da zerbait estatikoa, belaunaldi gaztea datorrelako irtenbidea exijitzen. Gure helburua ez da Aljeriako basamortuan bizitzen jarraitzea edo beti laguntza eske ibiltzea. Gure herrira itzuli nahi dugu, eta gure etorkizuna erabaki. Autodeterminazio eskubidea ez da oparia, nazioarteko zuzenbidearen aginduz dagokiguna baizik.
Zein da giza eskubideen egoera lurralde okupatuetan?
Oso latza. Nik zortea izan dut; ihes egitea lortu dut, eta libreki borroka egin dezaket, errefuxiatu eremuetakoek bezalaxe. Baina lurralde okupatuetan bizi direnek Marokoren zapalkuntza bertatik bertara nozitzen dute. Sineztezina da, batez ere mendebaldeko batentzat, noraino heltzen diren torturak eta giza eskubideen urraketak. Umeak torturatzen dituzte, emakume haurdunak, adinekoak, Saharako gatazka konpontzearen alde bandera zuriekin manifestazio baketsua egiteagatik. 600 desagertu eta 500 preso politiko daude une honetan. Espainiatik hegaldiak antolatu dituzte, diputatuek Aaiunera joan eta zer gertatzen den ikus dezaten, eta Marokoko Gobernuak ez die baimenik eman. Zer dauka Marokok ezkutatzeko? Non dago Espainiako Atzerri ministroa? Hori ez al da harreman diplomatikoak urratzea?
Nola daude preso politikoak?
Ez dugu informazio handirik. Senideak ere galdetzera joateko beldur dira, atxilotu egiten dituztelako. Baina, edozein bide erabilita ere, Marokok une honetan ezin du sahararren intifada geldiarazi. Bidegabekeriari matxinatzeko grina odolean daramete sahararrek.
Nolakoa da bizimodua errefuxiatu eremuetan?
Aljeriako basamortuan daude kanpalekuak, eta antolakuntza politiko eta soziala dago eguneroko bizimodua aurrera ateratzeako. Denek daukate eginkizun bat. Emakumeek pisu handia daukate, emakume asko alkate edo zinegotziak dira, eta, oro har, tinkotasun handia erakusten dute hango herritarrek. Konfiantza handia daukate. Maroko beti saiatu da epeak luzatzen eta saharar populazioaren identifikazio prozesua trabatzen, baina pentsatzen badute horrekin saharrarak nekatuko direla eta azkenean amore emango dutela, jai daukate. Horrek indar handiagoa ematen digu.
Emakumeek bereziki pairatu al dituzte gerra eta okupazioaren ondorioak?
Bai, nola ez. Dena dela, gu herrialde arabiar eta musulmana gara, baina uste dut gure kulturak berezitasun garrantzitsuak dituela beste herrialde arabiar batzuekin alderatuta. Gureak Mauritaniako kulturarekin antz handiagoa dauka, eta Espainiaren kolonizazioak ere eragina izan zuen. Nik uste dut gizarte sahararra beste zenbait herrialde arabiar baino irekiagoa dela. Okupazioak ere bultzatu ditu emakume sahararrak erantzunkizunak hartzera eta beren burua prestatzera, eta Fronte Polisarioak ere protagonismoa eman dio emakume sahararrari. Orain, esaterako, emakume gehiago daude Gobernuan eta Parlamentuan.
Sahararren kultur berezitasunak arriskuan daude Marokoren okupazioaren pean?
Ez. Sahararen kulturak eta Marokorenak ez daukate zerikusirik. Gatazka baino lehenago ere, ez zuten inolako antzekotasunik. Saharako gizarteak ardura berezia izan du gure kultura babesten. Gure kultura ahozkoa izan da beti, herri nomada bati dagokion moduan, eta Kultura Ministerioak lan handia egin du ondare hori guztia biltzen eta gordetzen.
Marokok proposatzen duen bezala, autonomia izan al daiteke…?
Ez, barkatu, baina galdera amaitzen ere ez dizut utziko. Inolaz ere ez. Orain arteko prozesu guztiek porrot egin dute Marokok autonomia proposatzen duelako, baina hori ez da inoren buruan sartzen, hasteko eta behin Maroko ez delako Demokrazia bat, diktadura odoltsua baizik. 35 urte ostean, guri autodeterminazio esukubidea aitortzea ez den inongo formularik ez dugu negoziatuko, ez orain, ez inoiz. Mohamed Abdelaziz Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren presidenteak joan de astean garbi esan zuen herri sahararrak ez duela burua jaitsiko soilki NBEri arazo bat gainetik kentzearren. Marokoren banderaren azpian autonomia bat izateko aukera ez dugu planteatu ere egiten.
Laister hasiko da berriko ere ume sahararrak basamortutik kanpo igarotzeko kanpaina. Euskal Herrian familia askok hartzen dituzte ume sahararrak. Zelako onurak ekartzen dizkie horrek ume sahararrei?
Onura handiak ekartzen dizkie. Basamortuan jaio dira, errefuxiatu esparruetan bizi dira eta estreinekoz etortzen direnek ez dute hiri haundirik ezagutzen, ez dakite argi indarra zer den, ezta ura txorrotatik irtetea ere. Elkartasunaren beroa jasotzen dute, eta gauza asko ikasten dute zuen kulturatik. Beren gurasoek eman ezin dietena jasotzen dute: bizimodu zoriontsu eta baketsua. Eta, batez ere, basamortuko udako tenperatura altuetatik ihes egitea lortzen dute. Udan, infernua da hura, 50 graduko temperatura egoten da itzalpean.
Orain, maiatzean, 35 urte bete dira Fronte Polisarioa borrokari lotu zitzaionetik. Hura abiarazi zutenean, sahararrek pentsatzen zuten 35 urte geroago egoera orain dagoen moduan egongo zela?
Okupazioa gertatu zenean, ez ziguten astirik eman pentsatzeko hark astebete edo hamar urte iraungo ote zuen, egun batetik bestera gertatu zelako. Honaino ailegatu gara; denetarik ikusi dugu, eta dagoeneko ezerk ez gaitu harritzen. Jende askok esaten digu, 35 urteren ostean, ea ez ote litzatekeen onuragarriagoa izango amore ematea, interbideren bat onartzea eta gero borrokari berriro ekitea. Berriro diot: Maroko ez da demokrazia, ez da fidagarria. Nahiago dugu gaizki pasatzen jarraitu, otsoaren ahoan sartu baino.
Beraz, ez zaude herria nekatuko ote den beldur?
Ez. Haurtzaroa galdu nuen, gaztaroa ere bai, baina ez dut damurik. Inoiz baino gogo haundiagoa daukat borrokatzeko. Eta ziur nago lortuko dugula, kosta ahala kosta. Inork ez digu interbiderik emango; guk geuk bilatu behar dugu, baina, behintzat atea zabalik utz diezaguten.
Badirudi NBEk bultzaturiko azken negoziazioek, Manhasseten (AE
izandakoek, ez dutela emaitz handirik izan.
Ez. Gainera, NBEko ordezkari Peter van Walsumek oso adierazpen txarrak egin zituen Marokon egon zenean: esan zuen bere ustez irtenbide bakarra autonomia zela. Gero barkamena eskatu zuen, baina horrek ez du balio, bitartekari batek neutrala izan behar duelako. Nor da bera horrelako adierazpenak egiteko? Beraz, saharar agintaritzak dagoeneko adierazi du ez duela Peter van Walsum bitartekari gisa onartuko. Arazoa da Marokok denak erosten dituela. Baina hobeto egingo luke Marokok harresian, armadan, nazioarteko agintariak erosten eta abarretan gastatzen duen dirutza bere herritarren bizimodua hobetzen gastatuko balu. Horrela, marokoarrek ez lukete euren sorterritik txalupetan ihes egin beharko.
Borroka armatua 1991tik etenik dago. Negoziazioek porrot egiten badute, gerra berriro pizteko arriskua dago?
Fronte Polisarioak mundu osoari erakutsi dio bakea bilatzen duela. Beste irtenbiderik izan ez genuelako egin genuen gerra, eta irtenbide baketsua lortzeko aukera zabaldu zenean, hari heldu genion. Orain arte gauza asko jasan dugu irtenbide baketsua lortzen saiatzeagatik, baina honek ezin du luzaroan iraun. Ezinezkoa da Marokok denbora irabazten jarraitzea, nazioarteak gatazka konpontzeko borondate politikorik ez agertzea eta, bitartean, gu geldirik egotea. Bi belaunaldi daude gobernu sahararrari presioa egiten, inolako irtenbiderik ez dutelako ikusten. Aukera guztiak agortuko ditugu, baina armak berriro hartzea beste biderik uzten ez badigute, horixe egingo dugu.
MAROKO SAHARATIK AT, AUTODETERMINAZIOA ETA INDEPENDENTZIA MENDEBALDEKO SAHARARENTZAT.