Marokok behinola eta orain urratzen ditu sahararren giza eskubideak eta nazioartea betiereko egiteko bidean da injustizia hori; izan ere, gobernuz kanpoko hainbat erakundeek egindako eskaera arbuiatu du, beste behin, NBEren (Nazio Batuen Erakundea) Segurtasun Kontseiluak. Minursori (Mendebaldeko Sahararako erreferemdumaren Nazio Batuen misioa) ez dio Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan marokoko okupaziopean bizi diren sahararren giza eskubideez arduratzeko eskuduntzarik eman. NBEko instituzio gorenak aho batez hartu du erabakia. Minursoren eginkizuna beste urtebetez luzatzea erabaki dute erakundeko hamabost kideek, baina uko egin diote misioaren funtzioak zabaltzeari eta, beraz, bake misioari sahararren giza eskubideak bermatzeko eskuduntza emateari.
Human Rights Watch (HRW) eta Amnesty Internationalek (AI), besteak beste, misioari eskuduntzak zabaltzeko eskaera egin zioten Segurtasun Kontseiluari. Marokok sahararren kontra, giza eskubideen ekintzaileen kontra ere, jazarpena baliatzen duela egiaztatzen duten dokumentuak ere igorri dizkiote erakundeari. Torturak, atxiloketak, bortxaketak eta espetxeratzeak ohikoak direla agerian gelditzen da txosten horietan. NBEk, hala ere, uko egin dio egoera hori amaitzeko bitartekoak jarri eta neurriak hartzeari. Mendebaldeko Sahararakoa da, mundu zabalean hedatuak dituen bake misio guztien artean, herritarren giza eskubideak bermatzeaz arduratzen ez den bakarra.
Ahmed Bujari, Fronte Polisarioak NBEn duen ordezkariak gogor salatu du erabakia: « NBEren Segurtasun Kontseiluak irizpide ezberdinak baliatzen ditu batzuetan eta besteetan giza eskubideen errespetuaz ari garenean». Bujariren esanetan, gainera, ezezko erabakia «estatu kide bakar batengatik» etorri da. Frantziaz ari zen Bujari; izan ere, estatu horretako enbaxadorea izan da jarrera irmoena eta zorrotzena agertu duena. Jean Maurice Ripert enbaxadoreak gatazkaren «giza dimentsioan» urratsak emateko garrantziaz mintzatu zirenen kontra egin zuen. Marokok 2007an aurkeztutako autonomia planaren alde mintzatu zen enbaxadore bakarra ere izan zen Frantziakoa.
Mohammad Loulichki Marokok NBEn duen enbaxadorea, berriz, pozik agertu zen erabakiarekin; izan ere, bere ustez bake misioak ez du zertan ezer bermatu behar: «Marokon giza eskubideak errespetatzen dira; zuzenbidezko estatu bat gara beste herrialdeak diren moduan». Ikusi besterik ez dago iazko abenduan HRWek atera zuen txostena Loulichki jaunaren lotsagabekeria agerian uzteko. Ikus: www.hrw.org/en/node/79248
Segurtasun Kontseiluak «aldez aurreko baldintzarik gabe eta fede onez» negoziatzeko deia egin die, aldi berean, aldeei. Christopher Ross NBEk Sahararako izendatu berri duen ordezkariaren ustez, hala ere, ez da unea iaz eten ziren negoziazioei berriz ekiteko eta «eztabaida informalak» egitearekin aski da. Marokok eta Fronte Polisarioak 2007an abiatu zituzten negoziazioak eta lau saioren ostean eten zituzten iazko martxoan.
Beraz, hogeitahamalau urte ondoren Mendebaldeko Saharan giza eskubideak bermatzeko ordua ez da iritsi NBEren arabera. Zenbat urte gehiagoz itxaron behar dute lurralde okupatuetako eta erbesteko sahararrak herri bezela dagozkien eskubideak berma daitezen? Saharar intifadaren urteurrenean gauden honetan, zenbat atxilotu, zenbat torturatu, zenbat bortxatu gehiago behar ditu NBEren segurtasun kontseiluak lurralde okupatuetako giza eskubideak haintzat har ditzan?
MAROKO SAHARATIK AT, AUTODETERMINAZIOA ETA INDEPENDENTZIA MENDEBALDEKO SAHARARENTZAT
Laster 480 bidaiari iritsiko dira gurera. Gure bidaiari gazteak saharar errefuxiatu kanpamentuetatik eratorriak dira. Sahararrak 34 urte daramatzate hamada izeneko tokian, kanpo laguntzaren bidez bizitzen.
Hauek ez dute sekula bere benetako etxea ezagutu, askok ez dituzte sekulan ibaiak, itsasoa, hondartzak, mendiak… ikusi, guztientzat sari berezia izango da bidai hau.
Guztiek behar eta nahi dute bidai honetan parte hartu, baina hemen dauden bitartean bere gurasoak eta anai-arrebak egunero botako dituzte faltan.
Agida-k, Mohamed Moulud-ek, Fatimetou, Saleh, Alli, Maaluma, Abdalah-ek… iaz egin zuten beraien azken bidaia, haur bakoitzak 5 aldiz bidaiatzeko posibilitatea baitu. Hala ere, beraien harrera familien berri jasoko dute errefuxiatu kanpamentuetan.
Sidahmed, Mueilamenin, Hedja, Binaja eta Hussein berriro itzuliko dira Tolosaldera, beraien etxera, jada itxaroten dauden familietara.
Jlifa ere itzuliko da baina familia bila dabil baita Hamdi eta bera bezala lehen aldiz bidaiatuko duten beste hainbeste haur bezala.
Agian zu izan zaitezke haur hauen harrera familia, agian zuk ere bidai honetan parte hartuko duzu, solidaritate bidaia da hau.
Informazio gehiagorako jo Tolosaldea Sahararekinera
tolosaldeasahararekin@gmail.com edota 654407200
Mendebaldeko sahararen okupazio ilegala babesteko marokoko gobernuak eraikitako hesia babesteko pertsonen aurkako minaz josita dauka.
Hesiaren aurkako protestan, bi gazte saharar larri zauritu dira.
16 urteko gazte batek hanka galdu du pertsonen aurkako mina zapalduta, eta beste bat itsu gera daiteke.
«Lehoi bat bezala sentitzen nintzen. Bagenekien minak zeudela, baina momentu horretan ez ginen kontziente. Gure etxera itzuli, besterik ez genuen nahi». Hala deskribatu du gazte batek sentitu zuena Mendebaldeko Sahara banatzen duen harresia bota dezaten eskatzeko egindako protestan. Mobilizazioan 16 eta 21 urteko bi gazte zauritu ziren: hanka galdu du aurrenekoak eta bista galtzeko arriskua du bigarrenak.
Recodo izenez ezagutzen den puntuan gertatu zen, Aljeria eta Mauritania arteko mugatik gertu. 2.500 lagun -tartean hainbat euskal herritar- giza katea egiten ari ziren eta ehun bat manifestari segurtasun gunetik atera eta harresia inguratzen duen alanbre hesian sartu ziren.
Horietako batek, Brahim Huseinek, pertsonen aurkako mina bat zapaldu zuen. Leherketak eskuineko hanka harrapatu zion, belaunetik behera. Metrailaren eraginez, itsu gera daiteke protestan zegoen beste bat.
MAROKO SAHARATIK AT, AUTODETERMINAZIOA ETA INDEPENDENTZIA MENDEBALDEKO SAHARARENTZAT
2009ko Otsailak 27 honetan 33 urte betetzen dira, soldadu espainiarrek euren bandera Aaiungo (Mendebaldeko Sahara) azken destakamentutik kendu bainan egun bat lehenago, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zela Saharako basamortuan.
Egun berezia beraz, Saharar Herriaren askatasun eta demokraziarako bidean. Zoritxarrez, 33 urte beranduago egun hartan ipinitako hazia ernatu ezinik jarraitzen du. Marokok okupaturiko Mendebaldeko Sahararren jazarpen etengabea jarraitzen du, bertako giza eskubideen aldeko kideen atxiloketa, tortura eta bortxaketa salaketak nazioartearen erantzun hutsala jasotzen duelarik.
Testuinguru honetan, beste urte batez SEADaren aldarrikapenaren urteurreneko ospakizunetara hurbildu gara Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak eta igande honetan Tindoufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamenduetako Smarako Wilaian Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Mendebaldeko Sahararako bidali berezi berriari, Christopher Ross estatubatuarrari, 33 urte luzetan bertan errefuxiaturik aurkitzen diren Sahararrak egindako errespetuzko baina aldi berean amorruzko harrera hunkigarriaren lekuko izan gara.
NBEko bidali berezi berria, duela aste batzu karguaz jabetu zenez geroztik eskualdera egiten zuen lehen bidaia zen, eta Rabat, Tindouf eta Aljerren egon ondoren Paris eta Madrilen izan da.
Bere asmoa duela urte eta erdi Estatu Batuetako Manhasset hirian Maroko eta Fronte Polisarioaren arteko elkarrizketei bultzada bat ematea delarik publikoki azaldu duenaren arabera.
Tolosaldea Sahararekin elkartetik egungo egoera honen aurrean, 33 urte ondoren, Estatu Espainiarreko gobernuaren erantzunkizuna azpimarratu nahi dugu beste behin. Gatazkaren konponbidean SEADa estatu subirau eta demokratiko moduan onartu beharko zukeen gutxieneko keinu moduan. Baina azken urte hauetako jarrera ikusirik ondoko eskakizunak egiten dizkiogu, batetik gatazkaren gainean ezarri duen blokeo mediatikoaren amaiera eta bestetik, Mendebaldeko Saharan demokrazia eta giza eskubideen garapenaren gainean mantentzen duen hipokresiarekin behingoz amaitzea eta Human Right Watch (HRW) gobernuz kanpoko giza eskubideen aldeko erakundeak Mendebaldeko Saharan giza eskubideak jasaten dituzten urraketak azaltzen duen txostena, ikus: www.hrw.org/en/node/79248, irakurtzea eta bere ahalmen diplomatikoak txosten horretan azaltzen dien basakeriekin amaitzera bideratzera, aitortu ezinezko odol eta sufrimenduz zipriztinduriko negozioei bideratu beharrean.
Tolosaldea Sahararekin elkartea, beste behin, eskualdeko biztanle bakoitza gonbidatzen dugu Ostiral honetan, Otsailak 27 arratseko 20.00h-tan Tolosako plaza zaharrean, udaletxe aurrean egingo dugun konzentrazioan parte hartzera ohikoa bihurtu zaigun goiburupean:
MAROKO SAHARATIK AT, AUTODETERMINAZIOA ETA INDEPENDENTZIA MENDEBALDEKO SAHARARENTZAT
Kultur trukaketa hamabostaldiaren baitan datorren Ostegunean hilak 21 arratseko 19.15tan,’Sahara ez dago salgai’ filma ikus ahal izango da Ibarrako Benito Izagirre kultur etxean, filmaren bi egileak, Joaquin Calderon eta Luis Arellano bertan izango direlarik.
2007ko Apirilean Dajlako errefuxiatu sahararren kanpamenduan (Aljeria) ospatu zen FISAHARA 2007, Saharako Nazioarteko 4. Zine Festibala. Joaquin Calderon eta Luis Arellano, zinegile nafarrak, festibaleko ekintzen baitan argazkigintza digitaleko ikastaro bat ematera hurbildu ziren bertara. Bizitako abentura honek eta ikastaroan parte hartu zuten 17 gazte sahararrek ekoitzitako irudiek, Saharar errefuxiatu politikoek amaierarik ez duen ‘Hammadan’ (basamortuan) bizi duten eta egunetik egunera okerragotzen ari den egoera larria ezagutzeko aukera eman zien, aipagai dugun filmaren abiapuntu bihurtu ziren.
Hain zuzen ere, ezagutu zuten errealitateak gainezka egin ziela esan daiteke. Eurek aitortzen duten moduan, hara iritsi bezain pronto errefuxiatuek bizi duten egoera humanitario eskasaren eta gatazka honetan erantzunkizuna duten gobernu desberdinek orain arte konponbide bat bilatzeko erakutsi duten interes faltaz jabetu ziren. Dokumentalaren zuzendariak, errefuxiatu sahararrak arazoa konpondu ahal izateko, arazoa ‘aireratzeko’ duten premia ikusi zuten.
Beraz, dokumentalaren jatorria iazko FISAHARA 2007an aurkitzen da. Egileak kanpamenduetatik itzuli zirenean lanean jarri ziren berehala. Asmoa ez zuen mugatu nahi soilik kanpamenduetako egun bateko kontakizuna egitera eta dokumentazio lan eskerga bat ipini zuten abian artxiboko irudi eta testigantzen bila. Politika munduko ordezkariak elkarrizketatu zituzten, horrenbeste esan eta horren gutxi egiten duten, Joaquin Calderonen hitzak dira, kasta berezi horretako pertsonen iritzia zein zen jakin nahi zuten.
‘Sahara ez dago salgai’ edo ‘Sahara no se vende’ dokumentalaren ideia gainditzen du. Muntai bizi eta dinamiko bat du. Marien Hassan, Fermin Muguruza, Manu Chao, Amparanoia, Tahures Zurdos, Tonino Carotone… kantuen erritmora ikusentzunezko lengoaia zoragarri bat eratzen du. Filmak Saharar Herriaren historian zehar eginiko bidaia bat iradokitzen du eta aldi berean errefuxiatu kanpamenduetako gaur egungo egoera eta hiru hamarkada baina gehiagoz irauten duen gatazkaren giltzarriak jasotzen ditu.
Bi egileak, Joaquin Calderon eta Luis Arellano, euren lanbidea proiektu honekin uztartzen ari dira. Azken hamar hilabeteetan hainbat lekutan proiektatu eta solasaldiak eskaini dituzte. Zinema festibal desberdinetan hainbat garaikur lortu ditu. Guztien artean, Saharako Nazioarteko 5. zine festibalean, FISAHARA 2008, 2008ko Apirilaren 15etik 20ra bitartean ospatu zena, lortutako zilarrezko gamelua nabarmentzen delarik. Bertan egindako emankizuna gogoangarria gertatu zen. Errefuxiatu Sahararrak negar, oihu eta txalo artean jaso zuten filmean Sahara askeari buruz egiten diren aipamenak.
Fitxa teknikoa
Zuzendariak
Joaquín Calderón y Luís Arellano
Ekoizpena
Fotoscopia, Good Feeling y Navarra de Cine
Muntaia
Aritz Gorostiaga Eskubi
Soinu banda
Gorka Pastor
Diseinu eta bideosormena
Aitor Unzu.
Musika
Carlinhos Brown/Rosario Flores, Manu Chao, Bebe, Marien Hassan, Chambao, Macaco, Gualitxo, Tahúres Zurdos, THC, Tonino Carotone, Amparanoia, THC, Fermín Muguruza, Akli.D, Nour y Oscar Mulero.
Festibalak & sariak
Iruñeako zine festibala
Fescigu zine festibala, Guadalajara (Espainia)
Zinema sozialeko eta giza eskubideei buruzko zine festibala, Valparaíso (Chile), ‘Salvador Allende mendeurrena’ saria
Zine eta bideo festibala, Villa Gesell (Argentina)
Cinestrat 08-Alacant (Herrialde katalanak) zine festibala
FISAHARA ‘08 www.festivalsahara.com. ‘zilarreko gamelua saria’
Zinema txiroaren naziarteko zine festibala, GIBARA (KUBA)
Tolosaldea Sahararekin Sahara Bizi elkarteak herri sahararraren oraina eta etorkizunean interesa duen herritar oro gonbidatu nahi du zine proiekzio interesgarri honetara.
MAROKO SAHARATIK AT, AUTODETERMINAZIOA ETA INDEPENDENTZIA MENDEBALDEKO SAHARARENTZAT