Udako garai honetan, azken urtetan bezela gure artera Tindoufeko errefuxiatu kanpamenduetatik etorri zaizkigun haur Saharrak agurtzeko garaia iritsi da. Gu guztiontzat eta batez ere udaran zehar haur hauek artatu dituzten familientzako
eta haurrentzat beraientzat egun bereziak dira, makina bat bizipen, irri nahiz malko, elkar trukatu ondoren agurraren txanda iritsi da. Hori dela eta, Tolosaldea Sahararekin Sahara Bizi elkarteak datorren Osteguna Abuztuak 14rako
Saharar Festa antolatu du Tolosako plaza berrian ondoko egitarauarekin:
17.00H ‘Haima’ jarriko da
Te dastatzea eta henna
17.30H Ekitaldi politikoa AFAPREDESA-ko (Preso eta desagertu sahararren
senitartekoen elkartea)kide baten parte hartzearekin
18:00H Haurrentzako jolasak
19.30H Uzkudun Ahizpak trikitilariak
20.00H Bideo emanaldia: okupaturiko lur eremuetan bizi duten egoera politiko-
soziala
21.00H Herri afaria, txartelak ondoko telefono zenbakian eska daitezke645 710 789
23.00H Kontzertua: Saharar musika taldea
Azken bi hilabeteetan gure eskualdeko bazter eta inguruetara, Mendebaleko Sahararako, justizia eta giza eskubideetan oinarrituriko bake iraunkor baten aldarria ekarri duten haur hauei merezi duten agurra ematera animatzen zaituztegu herritar oro, antolaturiko ekintzeta hauetan parte hartuz.
MAROKO SAHARATIK AT, AUTODETERMINAZIOA ETA INDEPENDENTZIA MENDEBALEKO SAHARARENTZAT
Ondoko lerroetan, duela gutxi Fronte Polisarioaren sorreraren 35. urteurrenaren
ospakizunak zirela eta Tolosaldera hurbildu zitzaigun EAE-rako ordezkari berriari, Fatma Mohamed Salem-i, BERRIA egunkarian eginiko elkarrizketa irakurri dezakezue. Elkarrizketa honetan, Mendebaleko Saharako gatazkaren gaur egungo eta etorkizun hurbileko klabe batzu agertzen dira:
Denbora laburra egin du Fatma Mohamed Salemek (Dakhala, Mendebaldeko Sahara, 1962) ardura berrian. Duela hilabete inguru, bera aukeratu zuten Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izango duen ordezkaria izateko. Lehenago ere ordezkatu du gobernu sahararra, Balearretan (Herrialde Katalanak) eta Galizian. Nabaritzen da pozik dagoela eginkizun berrrian, eta esker oneko hitzak baino ez dauzka Euskal Herrian sahararren borrokak jasotzen duen elkartasunagatik.
Bizitzaren urte gehienak atzerrian eman ditu Salemek, hamahiru urterekin sorterria utzi behar izan baitzuen. Hala ere, ez zaio nekerik antzematen. Bilboko Zabalburu plazatik gertu herrikide batzuek daukaten pisuan erantzun die galderei, lasai bezain irmo, tradizioak agintzen dituen hiru teak dastatzen dituen bitartean (lehena mingotsa, bizitzaren antzekoa; leuna bestea, heriotzaren modukoa; azkena gozoa, maitasuna bezalakoa).
Marokok egindako okupazioaren oroitzapenik ba al duzu?
Bai. Ni hamahiru urteko neskatoa baino ez nintzen, eta ez neukan informaziorik edo prestakuntzarik gertatzen ari zena ulertzeko, baina ondo gogoan dut egun malapartatu hartan eskolan nengoela, Bu Craan. Gure aitak, zeina gerora gerran hil baitzen, han egin zuen lan, eta gu hiri horretan bizi ginen. Aita eskolara etorri zen, eta baimena eskatu zion maistrari ni eramateko, Aaiunera joan behar genuelako. Nik segituan hartu nion susmo txarra bidaia hari, aldez aurretik etxean inork ez zuelako horretaz hitz egin eta bidaia oso luzea izan zelako. Laster ikusi genituen gerrillari sahararrak, eta jende asko zegoen ihesean, umeak, emakumeak, adinekoak, zati batzuetan oinez eta beste batzuetan kamioietan.
Esperientzia gogorra izango zen hura.
Hegazkinek bonbardatu egiten gintuzten. Nire adineko umeak, eta ni baino gazteagoak ere, hiltzen ikusi nituen bidean. Inork prestatu gabe, inork ezer azaldu beharrik gabe, azkar asko konturatu ginen herria lapurtu zigutela. Gakoa irautea zen, eta gainerakoei laguntzea. Espainiak ez zigun inolako prestakuntzarik eman hainbat arazori aurre egiteko, erizainik edo medikurik ez geneukan. Nik gaztelaniaz hitz egiten nuen eta idazten eta irakurtzen banekien. Horregatik, gure amonari baimena eskatu zioten ni erietxera eramateko, botiken oharrak irakurri eta ahal nuen moduan laguntzera. Denetarik egiten nuen: umeei ziropa eman, injekzioak jarri eta abar. Ume asko hil zen nire beso artean, asko. Baina zailtasun horiek gainditu genituen, eta kanpalekuak ahalik eta hobekien antolatu ditugu gaur arte. Saharar gobernua ez da soilki borroka armatuan aritu. Aitzitik, haren lehentasun nagusia urte hauetan herritarren alfabetatze eta prestakuntza izan da.
Espainiak lagundu al dizue eginkizun horretan?
Ezer baino lehen, Espainiara jo genuen laguntza bila, baina ukatu ziguten. Nire belaunaldiko gehienak %90 inguru, Kuban hezi gara. Beste kontinente batera joan behar izan dugu ikasi eta gaztelania mantendu ahal izateko. Baina gaur egun, lagundu diguten herrialde eta herritarrei esker, gure herritarrek prestaturik daude egunen batean gure herria garatu ahal izateko.
Marokok okupazioa AEBetako bultzada eta oniritziarekin egin zuela salatu izan duzu.
Guk ez diogu inori errurik leporatu nahi. Errua duten bakarrak, nola ez, Marokoko monarkia dira, eta Espainia ere bai, 1975eko azaroaren 14ko hitzarmenetan Sahara babesgabe laga zuelako. Nik ulertu nahi dut Espainiaren garai hartako jarrera. Diktadura zegoen, Franco hiltzen ari zen, eta Espainiarekin ere zer gertatuko zen inork ez zekien. Baina horrek ez du zuritzen geroztik Espainiako Gobernuak, PPrekin zein PSOErekin, izan duen jarrera. Ardura zuzena daukate, juridikoki ez baitute deskolonizazio prozesurik egin, eta hitzarmenak sinatu dituzte gure lurraldea Marokori eta Mauritaniari emateko. Denbora izan dute, eta oraindik ere garaiz daude zor hori kitatzeko.
Zehazki zer eskatzen diozue Rodriguez Zapateroren gobernuari?
Ez diogu beste munduko ezer eskatzen, soilki NBE Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak onar ditzan. Ez da hain zaila. Eta hori egiten badu, herritarren sostengua izango du. Ez da beharrezko Marokorekin harreman politiko eta ekonomikoak haustea, ez da hori gure helburua. Aitzitik, arazoa konpontzeak mundu guztiari ekarriko dio onura: AEBei, Frantziari, Aljeriari, Mauritaniari, eta Espainiari eta Marokori ere bai.
Harreman ekonomikoan aipatu dituzu lehen. Zein garrantzi dute interes ekonomikoek gatazkaren luzean?
Askotan esaten dut nahiago nukeela benetan batzuek uste duten bezain pobreak bagina. Basamortuan biziko ginateke, ezer gabe, baina duin. Arazoa, aldiz, bestelakoa da. Mendebaldeko Saharak aberastasun handiak ditu, eta interes ekonomikoek justiziak baino pisu handiagoa dute, mende honetan ere bai.
Zer irizten diozue nazioarteko komunitateak Saharako gatazkan duen esku-hartzeari, edo esku-hartze ezari?
Ez zaigu bidezko iruditzen. Nik ikusten dut hiru hilean behin beste gatazka bat pizten dela munduan, eta badirudi Saharakoa paisaiaren osagai bilakatu dela, gauza estatikoa dela. Baina ez da horrela. Ez da zerbait estatikoa, belaunaldi gaztea datorrelako irtenbidea exijitzen. Gure helburua ez da Aljeriako basamortuan bizitzen jarraitzea edo beti laguntza eske ibiltzea. Gure herrira itzuli nahi dugu, eta gure etorkizuna erabaki. Autodeterminazio eskubidea ez da oparia, nazioarteko zuzenbidearen aginduz dagokiguna baizik.
Zein da giza eskubideen egoera lurralde okupatuetan?
Oso latza. Nik zortea izan dut; ihes egitea lortu dut, eta libreki borroka egin dezaket, errefuxiatu eremuetakoek bezalaxe. Baina lurralde okupatuetan bizi direnek Marokoren zapalkuntza bertatik bertara nozitzen dute. Sineztezina da, batez ere mendebaldeko batentzat, noraino heltzen diren torturak eta giza eskubideen urraketak. Umeak torturatzen dituzte, emakume haurdunak, adinekoak, Saharako gatazka konpontzearen alde bandera zuriekin manifestazio baketsua egiteagatik. 600 desagertu eta 500 preso politiko daude une honetan. Espainiatik hegaldiak antolatu dituzte, diputatuek Aaiunera joan eta zer gertatzen den ikus dezaten, eta Marokoko Gobernuak ez die baimenik eman. Zer dauka Marokok ezkutatzeko? Non dago Espainiako Atzerri ministroa? Hori ez al da harreman diplomatikoak urratzea?
Nola daude preso politikoak?
Ez dugu informazio handirik. Senideak ere galdetzera joateko beldur dira, atxilotu egiten dituztelako. Baina, edozein bide erabilita ere, Marokok une honetan ezin du sahararren intifada geldiarazi. Bidegabekeriari matxinatzeko grina odolean daramete sahararrek.
Nolakoa da bizimodua errefuxiatu eremuetan?
Aljeriako basamortuan daude kanpalekuak, eta antolakuntza politiko eta soziala dago eguneroko bizimodua aurrera ateratzeako. Denek daukate eginkizun bat. Emakumeek pisu handia daukate, emakume asko alkate edo zinegotziak dira, eta, oro har, tinkotasun handia erakusten dute hango herritarrek. Konfiantza handia daukate. Maroko beti saiatu da epeak luzatzen eta saharar populazioaren identifikazio prozesua trabatzen, baina pentsatzen badute horrekin saharrarak nekatuko direla eta azkenean amore emango dutela, jai daukate. Horrek indar handiagoa ematen digu.
Emakumeek bereziki pairatu al dituzte gerra eta okupazioaren ondorioak?
Bai, nola ez. Dena dela, gu herrialde arabiar eta musulmana gara, baina uste dut gure kulturak berezitasun garrantzitsuak dituela beste herrialde arabiar batzuekin alderatuta. Gureak Mauritaniako kulturarekin antz handiagoa dauka, eta Espainiaren kolonizazioak ere eragina izan zuen. Nik uste dut gizarte sahararra beste zenbait herrialde arabiar baino irekiagoa dela. Okupazioak ere bultzatu ditu emakume sahararrak erantzunkizunak hartzera eta beren burua prestatzera, eta Fronte Polisarioak ere protagonismoa eman dio emakume sahararrari. Orain, esaterako, emakume gehiago daude Gobernuan eta Parlamentuan.
Sahararren kultur berezitasunak arriskuan daude Marokoren okupazioaren pean?
Ez. Sahararen kulturak eta Marokorenak ez daukate zerikusirik. Gatazka baino lehenago ere, ez zuten inolako antzekotasunik. Saharako gizarteak ardura berezia izan du gure kultura babesten. Gure kultura ahozkoa izan da beti, herri nomada bati dagokion moduan, eta Kultura Ministerioak lan handia egin du ondare hori guztia biltzen eta gordetzen.
Marokok proposatzen duen bezala, autonomia izan al daiteke…?
Ez, barkatu, baina galdera amaitzen ere ez dizut utziko. Inolaz ere ez. Orain arteko prozesu guztiek porrot egin dute Marokok autonomia proposatzen duelako, baina hori ez da inoren buruan sartzen, hasteko eta behin Maroko ez delako Demokrazia bat, diktadura odoltsua baizik. 35 urte ostean, guri autodeterminazio esukubidea aitortzea ez den inongo formularik ez dugu negoziatuko, ez orain, ez inoiz. Mohamed Abdelaziz Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren presidenteak joan de astean garbi esan zuen herri sahararrak ez duela burua jaitsiko soilki NBEri arazo bat gainetik kentzearren. Marokoren banderaren azpian autonomia bat izateko aukera ez dugu planteatu ere egiten.
Laister hasiko da berriko ere ume sahararrak basamortutik kanpo igarotzeko kanpaina. Euskal Herrian familia askok hartzen dituzte ume sahararrak. Zelako onurak ekartzen dizkie horrek ume sahararrei?
Onura handiak ekartzen dizkie. Basamortuan jaio dira, errefuxiatu esparruetan bizi dira eta estreinekoz etortzen direnek ez dute hiri haundirik ezagutzen, ez dakite argi indarra zer den, ezta ura txorrotatik irtetea ere. Elkartasunaren beroa jasotzen dute, eta gauza asko ikasten dute zuen kulturatik. Beren gurasoek eman ezin dietena jasotzen dute: bizimodu zoriontsu eta baketsua. Eta, batez ere, basamortuko udako tenperatura altuetatik ihes egitea lortzen dute. Udan, infernua da hura, 50 graduko temperatura egoten da itzalpean.
Orain, maiatzean, 35 urte bete dira Fronte Polisarioa borrokari lotu zitzaionetik. Hura abiarazi zutenean, sahararrek pentsatzen zuten 35 urte geroago egoera orain dagoen moduan egongo zela?
Okupazioa gertatu zenean, ez ziguten astirik eman pentsatzeko hark astebete edo hamar urte iraungo ote zuen, egun batetik bestera gertatu zelako. Honaino ailegatu gara; denetarik ikusi dugu, eta dagoeneko ezerk ez gaitu harritzen. Jende askok esaten digu, 35 urteren ostean, ea ez ote litzatekeen onuragarriagoa izango amore ematea, interbideren bat onartzea eta gero borrokari berriro ekitea. Berriro diot: Maroko ez da demokrazia, ez da fidagarria. Nahiago dugu gaizki pasatzen jarraitu, otsoaren ahoan sartu baino.
Beraz, ez zaude herria nekatuko ote den beldur?
Ez. Haurtzaroa galdu nuen, gaztaroa ere bai, baina ez dut damurik. Inoiz baino gogo haundiagoa daukat borrokatzeko. Eta ziur nago lortuko dugula, kosta ahala kosta. Inork ez digu interbiderik emango; guk geuk bilatu behar dugu, baina, behintzat atea zabalik utz diezaguten.
Badirudi NBEk bultzaturiko azken negoziazioek, Manhasseten (AE
izandakoek, ez dutela emaitz handirik izan.
Ez. Gainera, NBEko ordezkari Peter van Walsumek oso adierazpen txarrak egin zituen Marokon egon zenean: esan zuen bere ustez irtenbide bakarra autonomia zela. Gero barkamena eskatu zuen, baina horrek ez du balio, bitartekari batek neutrala izan behar duelako. Nor da bera horrelako adierazpenak egiteko? Beraz, saharar agintaritzak dagoeneko adierazi du ez duela Peter van Walsum bitartekari gisa onartuko. Arazoa da Marokok denak erosten dituela. Baina hobeto egingo luke Marokok harresian, armadan, nazioarteko agintariak erosten eta abarretan gastatzen duen dirutza bere herritarren bizimodua hobetzen gastatuko balu. Horrela, marokoarrek ez lukete euren sorterritik txalupetan ihes egin beharko.
Borroka armatua 1991tik etenik dago. Negoziazioek porrot egiten badute, gerra berriro pizteko arriskua dago?
Fronte Polisarioak mundu osoari erakutsi dio bakea bilatzen duela. Beste irtenbiderik izan ez genuelako egin genuen gerra, eta irtenbide baketsua lortzeko aukera zabaldu zenean, hari heldu genion. Orain arte gauza asko jasan dugu irtenbide baketsua lortzen saiatzeagatik, baina honek ezin du luzaroan iraun. Ezinezkoa da Marokok denbora irabazten jarraitzea, nazioarteak gatazka konpontzeko borondate politikorik ez agertzea eta, bitartean, gu geldirik egotea. Bi belaunaldi daude gobernu sahararrari presioa egiten, inolako irtenbiderik ez dutelako ikusten. Aukera guztiak agortuko ditugu, baina armak berriro hartzea beste biderik uzten ez badigute, horixe egingo dugu.
MAROKO SAHARATIK AT, AUTODETERMINAZIOA ETA INDEPENDENTZIA MENDEBALDEKO SAHARARENTZAT.
Maiatzak 9: Howellsen arabera Erresuma Batuak preso sahararren eskakizunak sostengatzen ditu
Ekialde hurbilerako, Ipar Afrika eta nazioarteko segurtasunerako Erresuma Batuko estatu idazkariarentzako, Kim Howells jaunarentzako, Marokoko ziegetan aurkitzen diren saharar kontzientzia presoak preso politiko gisa ezagutuak izan daitezen egindako eskakizuna guztiz zilegia da.
Howells jaunak diputatu laborista batek gose greban aurkitzen ziren 70 preso sahararren egoeraz berri ematen zuen txostena jaso ote zuen galdetu zionean egindako adierazpenak dira.
Howells jaunaren adierazpenak FHHRW bezelako giza eskubideen babeserako elkarte ezagunek, Marokok giza eskubideen arloan egindako urraketak gaitzetsi dutenean egindakoak dira.
FHHRW-ek Marokok Mendebaleko Saharan burutzen duen okupazioa, gaur egungo errepresiboenetakotzat eta giza eskubideen arloan suntsitzaileenetakotzat jo du aste honetan kaleratutako urteko txostenean.
Maiatzak 10: Marokoko segurtasun indarrek 28 etorkinen heriotza eragin dute
Ammesty Internationalek indar armatu Marokoarrak 28 etorkinen, tartean 4 haur, heriotza eragindako erasoa ikertzeko eskatu du.
Etorkinak itota hil ziren Alhucemaseko portuan pasa den apirilaren 28an Marokoko segurtasun indarrek 72 lagun zeramatzan ontzi batera hurbildu eta laban batekin sastakatu zutenean. Bizirik irtendakoak Ujda (Aljeria) hirira kanporatu zituzten. Ammesty Internationalek salatu du Ceuta eta Melillan 2005an eta Mendebaleko Saharan 2007an erahildako etorkinen heriotzen ikerketak burutu gabe jarraitzen dutela.
Maiatzak 11: Saharar Herriaren borrokak ez du etenik izango askatasuna eta independentzia lortu arte
SEADeko lehendakari Mohamed Abdelazizek saharar-aljeriar elkartasun astearen baitan joan den Larunbatean egindako adierazpenen arabera Saharar Herriak dagozkion nazio eskubideak zilegi diren bitarteko guztiekin defendatuko ditu. Abdelazizen arabera, Saharar Herria autodeterminazioaren eta independentziaren alde daraman borrokaren garaipenaz ez du zalantzarik. Lurralde okupatuetatik intifadan engaiaturik dauden sahararrei zuzendu zitzaien erabateko independentzia lortu arte Saharar Herriaren ordezkari zilegia den fronte polisarioaren elkartasun eta sostengu erabateko adierzteko.
Maiatzak 12: Fronte polisarioak NBEko segurtasun kontseiluko azken erresoluzioa babestu du
SEADeko lehendakari Mohamed Abdelazizek, NBEko segurtasun kontseiluak joan den apirilaren 30ean onartutako 1813 erresoluzioa, zeinak Maroko eta Fronte polisarioa Mendebaleko Saharako gatazka konponbidean jartzeko mamidun negoziaketei ekiteko deitzen dituen, bere babesa agertu dio.
Maiatzak 13: Saharar-Aljeriar elkartasun astearen arrakasta
Pasa den Astelehenean amaitu ziren Aaiungo (errefuxiatu kanpamenduak) Wilayan ospatu diren saharar-aljeriar elkartasun astearen ospakizunak. Antolatzaileek buruturiko ekitaldi desberdinen arrakasta nabarmendu zuten.
Maiatzak 14: Peter Van Walsumen adirazpenei erreakzioak
Fronte polisarioaren idazkaritza nazionalak, pasa den hilean Mendebaleko Sahararako NBEko idazkari nagusiaren aholkulari pertsonalak, Peter Van Walsum jaunak (Herbehera), egindako adierazpenei, non Mendebaleko Sahararen independentzia aukera irrealistatzat jotzen zuen eta fronte polisarioa ‘zentzuzko’ posizioetara hurbiltzeko hurbiltzea eskatzen zuen, erabateko gaitzezpena agertu die.
Fronte polisarioko idazkaritzako kide Bachir Moustapha Sayedek berriz, aipaturiko adierazpenak lotsagarritzat jo zituen, bere iritziz Marokoko tesiak babestu eta Saharar Herriaren autodeterminazio eta independentziarako eskubideari uko egiten bait dio.
Maiatzak 15 eta 16: Saharren protestak zapalduak
Marokoko segurtasun indarrek, Aaiungo (lurralde okupatuak) bortizki sakabanatu dituzte herritar sahararren protestak. Agadir eta Marrakexeko (Maroko) unibertsitateetan ere ikasle sahararren bilkurak sakabanatuak izan dira. Seadeko lehendakariak Mohamed Abdelazizek NBEko lehendakari Ban Ki-mooni lurralde okupatuetatako sahararren giza eskubideak basbesteko eskakizuna luzatu dio.
informazio gehiagorako spsrasd.info
Maroko Saharatik at, autodeterminazioa eta independentzia Mendebaldeko Sahararentzat
Oraingo honetan Fronte Polisarioaren sorreraren 35. urteurrena gogoratzeko antolatu ditugun MAIATZA BORROKAN ihardunaldien bigarren hitzaldiaren berri dakarkizuegu. Hain Zuzen ere, Lorea Agirre eta Jose Mari Pastor kazetarien eskutik Ostegunean Tolosako kultur etxean arratseko 19:30etatik aurrera egingo den hitzaldia.
Maitzak 15, Osteguna. hitzaldia. ‘Herbesteko eta lurralde okupatuetako lekukotzak’ hitzaldia
Lorea Agirre aurreko aste santuetan Tindouf-eko errefuxiatu kanpamenduetan egoteko aukera izan zuen. Hona hemen egonaldi honetatik abiatuta Berria egunkarian duela aste batzu argitaratu zuen erreportaiaren pasarte batzu.
«HAMADAN BETIKOTZEN»
Hamadako lehorteak eta egarriak azpian harrapa zaitzala. Hori da saharar bati esan dakiokeen irainik larriena. Eta, nola diren gauzak, saharar gehienak gaur egun Hamada erdian bizi dira, Aljeriak utzitako lurretan, errefuxiatu guneetan. Hamada Saharako desertuko lekurik ankerrena da.
Hondarra hondarraren gainean, harria eta harria, eta zerua eta zeru gehiago. Dena muturrekoa da: udan beroa 60 gradukoa da; haize bortitzak harrotzen duen hondarrak itsutu egiten zaitu; gauez zero peko tenperaturak izaten dira, eta euria den gutxitan erauntsia izaten da.Sahararrak iritsi artean, hemen ez zen inor bizi.
1975 urte bukaeran, Franco diktadorea hil berritan, Espainiak Sahara deskolonizazio bidean jarri beharrean, eskuak garbitu eta alde egin zuenean, armada marokoarra tiroka sartu zen Saharan, eta haren atzetik marokoar sarda bat martxa berdea deiturikoan. Milaka sahararrek etxea utzi eta desertuan barneratu behar izan zuten bonbardaketetatik ihesi.
Hiru hilabete behar izan zituzten mugara iristeko. Han zain zituzten Fronte Polisario sortu berriaren kamioiak Hamadara joateko."Oinez egin genuen mugarainokoa: egunez ezkutuan egoten ginen bonbardaketetatik babesteko, eta gauez ahalik eta bide luzeena egiten genuen. Emakumeak ginen gehienak, asko umeak bizkarrean hartuta; eta agureak. Gizonak frontean zeuden". Bidean ume asko hil ziren, ur faltaz eta beherakoak jota.
Kanpamentuetan bizitza arrunta egiten dute, baina sustraiak askorik bota gabe, noiz itzuliko zain.
Azken hogeita hamahiru urteetan -16 urte gerran eta 17 su-etena indarrean dela- 200.000 saharar inguru bizi dira horrela, lau errefuxiatu gunetan banatuta. Gune bakoitzari Sahara okupatuko herri baten izena eman diote: Auserd, Aaiun, Smara eta Dakhla. Gune bakoitzak zazpi bat herri ditu, eta herri bakoitzak, lau auzo. Rabuni gune administratiboa da.
Haima, buztinezko etxe, haurtzaindegi, eskola, ur zerbitzu, erietxe, udaletxe eta kultur etxeak altxatu dituzte. Osasun zerbitzua doakoa da guztientzat, eta ez dago eskolatu gabeko ume bat bera. Hamasei urte bitarteko ikasketak egiten dituzte bertan, eta gero Aljeriara edo Kubara joateko aukera dute.
Eguneroko bizitza ez da batere samurra. Jatekoa justuan dute. Soldatapeko lanik apenas. Orain bi urteko uholdeek etxeak azukrea kafesnetan bezala urtu zituen. Giza laguntza ere ez da nahikoa askotan.
Hori guztia desertuaren erdian. Baina hori baino ez. Hain miresgarria delako da izugarria. Behin-behineko etxe batean, behin-behineko bizitza batekin. Baina betikotzen ari dena. Kontraesan horrek bizi ditu. Fatma Ali Salemek 1991ko su-etena sinatu zenean, teilatuko zink xaflekin kutxak egin zituen trasteak sartu eta etxera itzultzeko. Berriro teilatuetan dira xaflak.
Komun zuloak egin dituzte etxe askotan. Ahal izan duenak eguzki xafla jarri du, eta antena parabolikoa. Eta lanroberra erosi.
Kanpamentuetan emakumeak eta umeak dira gehiengo. Gizonak frontean daude, gerrarik ez badago ere. Gizonezko gazte batzuk ere badira. Horietako batzuek Espainiara joatea dute gogoan, “dirua irabaztera". “Gerrarekin jarraitu izan bagenu aspaldi izango ginen aske eta independete". Eta gerrara joateko prest daude.
“Erabaki politiko baketsu batek independentziaren bidean jarriko bagaitu itxarongo dugu, baina horrela ez bada, egin dezagun hobi komun bat, eta hil behar badugu, hilko gara, baina borrokan. Kaka zahar hau ezin da gehiago jasan".
Rabunin kokatzen da Arma museoa. Museoan arma asko dago, dozenaka bat tanke, beste hainbeste auto militar, bazokak, fusilak eta beste. Denetarik. Eta denak zaharrak. Gerrarako erabilgaitzak, nola jostailuak. Bisitariak gainera igotzen dira, eta fotoak hartu. 1975tik 1991ra Marokoren kontra egindako gerran erabilitako armak dira. Badira marokoarren hegazkin eraitsiak ere. Marokoko erregetzaren koroaren marrazkia ikus dadin hegazkinaren hegala birarazi du gidariak. Hondarrak jaten du museoak.
1991tik, Nazio Batuen babesean Fronte Polisarioak eta Marokok su-etena sinatu zutenetik, autodeterminazio erreferenduma izan da eztabaida eta geldialdi guztien arrazoia. Biek onartu zuten galdeketa egitea, eta 1992ko otsaileko data adostu zuten. Baina erroldaren osaketa ez du inoiz gustuko izan Marokok, eta Sahara Mendebaldea marokoar jatorriko jendearekin bete arteko onik ez du izan. Tartean joan dira Nazio Batuen mandatari berezi James Bakerren planak: erreferenduma antolatzea, lurraldea bitan banatzea, independentzia bideratuko duen lau urteko autonomia. Marokok denbora alde duela jakitun, autonomia bat baino ez duela onartuko adierazi du azkenik, su-etenerako sinatu zituen guztiak janda. Orain hamazazpi urtetik, bake prozesua abiatu zenetik, inoiz baino urrutiago daude bi aldeak elkarrengandik. Fronte Polisarioak lurralde liberatuetako Saharako Errepublika Demokratikoa ezagut dezan eskatzen dio Marokori, gerrarik nahi ez badu. Baina hori ere ez. Horren aurrean Polisarioak, berriki, hiriburua Rabuniko kanpamendutik lurralde liberatura eramatea erabaki du: Tifarityra, harresitik oso gertura. Oraintxe bertan, Nafarroako Erietxea baino ez dago han. Baina Legebiltzarra, Kontseilu Nazionala eta etxebizitzak eraiki nahi dituzte.
«HARRESIA»
Harresia 2720 kilometro luze da, eta iparretik hegora banatzen du desertua: Sahara okupatua eta Sahara liberatua; edo argiago esanda: munduko fosfato meatze handienak, petrolio eta gas hobiak eta arrantza aberatsa, eta desertu hutsa. Munduko harresirik luzeena da. 1983an hasi ziren eraikitzen, eta bost urte geroago bukatu. Bost kilometrotik behin militar konpainia bat dago, eta hamabostetik behin radarrak dauzka jarrita. Harresiaren kanpo eta barnealdea minaz eta hondarrezko hormaz josita daude. Paris-Dakar rallya igarotzeko baino ez dute ireki izan.
Urtero egiten dira harresira sahararren martxak. Rabunitik desertu martxak. Rabunitik desertu barrura 60 bat kilometrora, kamioiz bi ordu pasatxo, harresia begi bistan geratzen da. Eguna argitzen ari dela, desertu zabalean, kamioiak jendez eta banderaz gainezka, abiadura bizian, hautsak dena lausotzen duela. Bandera, pankarta eta oihu. Harresia argi ikusten da, soldadu marokoarrak ere bai. Antolatzaileak jendea aurrerago ez joateko giza katearen parean jarri behar izan dira minen beldurrez. Harresitik 500 metrora gelditu da jendea. Han-hemenka arma zatiak, granada hutsak eta burdina zaharrak ikusten dira. Gerraren oroigarri.
Jose Mari Pastor kazetaria, duela bi urte eta erdi turistaz mozorrotua sartu zen Mendebaleko Saharako lurralde okupatuetan. Bertan igaro zuen denbora osoan polizia izan zuen zelatan eta hala ere, giza eskubideen aldeko Saharar ekintzailekin kontatatzea lortu zuen. Hona hemen Berria egunkarian han ikusitakoaz idatzi zuen erreportaia sortatik pasarte batzu.
Aaiunen ez dago turistarik. Hemengoek heldu berria turista dela pentsatzea MINURSOkoek Ronaldinhoren kamiseta jantz dezaketela pentsatzea bezain bitxia da. Herritarrek nekez ulertzen dute turista bat Armadak eta Poliziak okupaturik dagoen hiri batera joatea. Poliziek nekez sinesten dute.
Atea jo dute bigarren aldiz, eta bainutik irten naiz presaka.
Zure pasaportea, mesedez.Bi gizon atzerritar bati dokumentazioa eskatzen Mendebaldeko Saharako hotel batean, gelako atean. Ez dira bertako enplegatuak, ez dute Nazio Batuen Erakundearen ikurrik edo zeinurik… Beraz, poliziak dira. Gelan sartu naiz pasaportearen bila. Goizeko hamarrak dira eta toalla gerriari lotua dut oraindik. Gorputza lehortu gabe ireki behar izan dut atea. Pasaportea luzatu diet.
Noiztik zaude Marokon? galdetu du trajedunak.
Aurreko astean iritsi nintzen, ostegunean.
Eta nola etorri zara? Autobusez, hegazkinez?
Hegazkinez, Madrildik Casablancara.
Zer egin duzu egun hauetan?
Turismoa, Marokoko hiriak ikusi.Serio dago, baina modu onean galdetzen ari da. Traje urdin dotorea darama. Bizarra egina du, ondo orraztuta dago, ileak gehiegizko dirdira badu ere. Bestea biboteduna da eta bekozkotsua, begirada makurrarekin, txandal beix zaharra soinean.
Nondik nora ibili zara orain arte?
Casablancan egun bat pasatu dut; Marrakexen bi, eta Agadirren beste bat.
Eta gero hona etorri zara. Nola? Autobusez?
Bai, Supratoursen autobusarekin. Astelehenean irten nintzen zazpi eta erdietan eta atzo goizean Aiaunen nengoen.
Zergatik Aaiunera?
Marokoko hegoaldea ere ezagutu nahi nuelako.
Eta zergatik ez zara Agadirren geratu? Oso hiri polita da, turistikoa. Zergatik jaitsi zara Aaiunera?
Hegoaldea ikusteko, esan dizut, baina Agadirrera berriro bueltatuko naiz, noski, gustatu egin zait-eta.
Noiz itzuliko zara Agadirrera?
Bihar arratsaldean. Bihar erosiko dut txartela.
Txartela gaur ere eros dezakezu.
A, bai? Ondo, ez nekien. Orduan, gaur saiatuko naiz erosten.Isildu egin da une batez. Pasaporteko orriak begiratzen hasi da. Koaderno txikia atera du poltsikotik, eta pasaporteko datuak idazteari ekin dio. Oinak bustita ditut oraindik eta behea zapaltzen ez nago eroso. Baina galdeketa ez da amaitu.
Zein lanbide duzu?
Tabernaria.
Nola?
Tabernaria naiz, badakizu taberna batean, edariak ematen eta..
Beti izan zara tabernaria?
Bai.Bat-batean deia jaso du eskuko telefonoan. Berbetan hasi da eta atetik apur bat urrundu. Txandaldunari une batez itxaroteko keinua egin diot eskuarekin, jantziko naizela ulertzeko. Itxura horrekin ez nago gustura haien aurrean. Haiek agian ere ez. Prakak jantzi ditut korrika eta atera joan naiz berriz. Poliziak telefono hizketa bukatu du.
Tabernaria. Eta beste lan motarik ez duzu egin zeure bizitzan?
Ez, beti izan naiz tabernaria. Gazte-gaztetan hasi nintzen, zerarekin, nola esaten da frantsesez…? Tira, arrebaren senarrarekin. Gero, Alemanian jatetxe espainiar batean lan egin nuen hiru urtean.
Lehenengoz zaude Marokon?
Bai. Tabernako lankidea, beno jabea, Marokon egon da eta etortzeko esan dit, gustatuko zaidala eta.
Ostalaritza elkarte bateko bazkidea zara? Horren agiria duzu?
Ba ez, ez erantzun diot lasai-lasai, harrituaren aurpegia jarriz.Isilik gelditu da. Azkeneko errekurtsoa erabiltzekotan egon naiz, lankide batekin hitzartuta. Poliziek lanbideari buruz gehiegi galdetuz gero, haren telefono zenbakia eman behar nien, berari deitzeko esanez. Hark nire nagusia dela azaldu behar zien orduan, eta niri buruzko informazioa eskaini.
Basamortua ikusteko bidai agentziara joan behar dut?- galdetu diot isiltasuna hautsi eta normaltasun itxura emateko.
Bai, edo agentziarik gabe ere egin dezakezu, taxi bat hartu eta segituan eramango zaitu. Polizia bekozkotsuak bestearen esana berretsi du buruarekin.
Ondo da, hementxe duzu pasaportea. Pasa itzazu oso egun onak Marokon. Eskerrik asko eta barkatu eragozpenak, jauna.
«120.000 soldadu »
Soldaduak, soldaduak, soldaduak. Era batera edo bestera ikus daitezke. Banaka batzuk NBEk ikuskatzaile bidalitakoak dira. Agerikoak diren besteak, Marokok ekarritakoak. Tea edaten ari naizen bitartean giza eskubideen aldeko ekintzaileek emandako datuak etorri zaizkit gogora. Rabatek 120.000 soldadu ditu Mendebaldeko Saharan hedaturik. Presentzia hori nabarmena da hirian. Martxa Berdea zubian gora, ariketa militarrak egiten ikusi ditut, kuartelerako bidean. Gero banaka, binaka edo taldeka ere azaltzen dira hirian barrena, egun osoz. Horri guztiari Poliziaren atalak gehitu behar zaizkio. Brahim Sabbarrek berak azaldu dit zeintzuk eta nolakoak diren: GUS Hiri Segurtasunerako Taldeak, CIM Esku-Hartze Mugikorreko Konpainia, RG Informazio Orokorretarako Zerbitzuak, DAG Afera Orokorretarako Zuzendaritza azken biak zerbitzu sekretuetakoak, FA Indar Laguntzaileak Armadarekin eta Poliziarekin lan egiten dute, Errege Jendarmeria, hirien inguruetan eta probintziako errepideetan dabilena…
Aiaunen beste soldadu batzuk ere badaude, ikusezinak baina ezagunak: Polisariokoak. Haietako bat da Mohamed bere benetako izena ez emateko eskatu du.Eskua eskaini diot, eta harengana hurbildu naiz, masailetan musu emateko. «Ez, hori marokoarren agurra da. Gurea desberdina da», esan du kontaktuak. Eskuin eskua eman eta ezker besoa sorbaldaraino luzatu dit, besarkatzeko. Pare bat aldiz errepikatu behar izan dut. Erraza da, baina ohitura faltak ez du laguntzen. Mohamed «ekintzaile zaharra» dela esanez aurkeztu du kontaktuak. «Ekintzaile zaharra?», errepikatu dut. «54 urte ditut, seguruenik zuk baino 20 edo 15 urte gehiago!», esan du txantxetan, begiak antioju ilunen atzean. Erratu egin dela erantzun diot. «Orduan, Polisariokoa zara?». «Polisariokoa izango naiz beti, Polisarioak independentzia nahi duen bitartean».Mohamedek Aaiunen ikasi zuen eta gero Europara joan zen, Galiziara, ikasten segitzeko. «1974. urteko amaiera zen eta ordurako ekintzailea nintzen. Zelula eratuak genituen Aaiunen, 3-5 laguneko taldetxoak, hasieran ez ginen asko. Talde horiek Dajla, Smaran eta beste leku batzuetan hedatzen hasi ziren».Lehen borrokak espainiarren kontra 1973. urtean izan zirela gogoratu du, Polisarioa sortu eta berehala. Galizian egindako sei hilabeteen ondoren, sorterrira itzuli zen. 1975. urtea zen eta Marokok lurraldea okupatzeko lehen pausoak emanak zituen. «Geure herrialdea inbadituko zuten susmoa bagenuen, Maroko hegoaldeko sahararren informazioen bidez. Guk uste genuen Espainiak ez zuela alde egingo autodeterminazio erreferenduma egin gabe, baina ez zen hala izan».
«Modu basatian sartu ziren»
Ordurako Espainia eta Marokoren artean dena ondo lotuta zegoela esan du. «Ezkutuko negoziazioak eginda zeuden. Martxa Berdea mugaraino joan zen eta bueltatu egin zen. Sartu, Marokoko Armada sartu zen. Inbasio militarra 1975eko urriaren 31n hasi zen, ekialdetik. Martxa Berdea aitzakia izan zen nazioartearen arreta horra eramateko, baina benetako inbasioa beste leku batzuetatik prestatzen ari zen Maroko».
Mohamed 1976ko urtarrilaren 15ean kartzelatu zuten marokoarrek, «soldadu espainiarrak artean Mendebaldeko Saharan zeudela». Marokoarren jokaera salatu du.«Modu basatian sartu ziren. Hassan II.ak esan zuen Sahara inbaditzea astebeteko kontua baizik ez zela izango… Eta bere soldaduei hauxe esan zien: ‘Tropa espainiarrekin topo egiten baduzue, zuen ogia banatu haiekin; beste inor aurkitzen baduzue bidean, armak erabili’. Beste ‘inor’ hori geu ginen, noski».
Okupazio batetik bestera aldaketak izan ziren. Marokok Espainiak egin ez zituenak egin zituen Mendebaldeko Saharan: «Espainiarren garaian ez zegoen emakumerik kartzelan. Marokorekin desagertuen %25 emakumeak dira. Marokoarrek emakumeak gizonak baino okerrago tratatzen dituzte, berdin emakumea 12 urteko neskatoa izan edo 80 urteko andre edadetua».
Errepresio latzena 1975-1979. urteak bitartean izan zela gogoratu du. Esterminio politika abiarazi zuen Marokok. «Basamortuan haima taldeak bonbardatu zituzten, napalm eta fosforoz, debekatutako gaiak. Soldadu marokoarrek abere guztiak hiltzen zituzten eta zenbait lekutan, Smaran-eta, jendea bizirik lurperatu zuten».Mauritaniak Mendebaldeko Saharatik alde egitean indar guztiak fronte bakarrean jartzeko aukera izan zuen Polisarioak. «Horri aurre egiteko Hassan II.ak AEB, Frantzia eta Israelera jo zuen laguntza eske, eta taktika aldatzen hasi zen. Orduantxe atera zuen erreferendumaren ideia, Polisarioa borroka luzeari eusteko gai zela ohartu zelako». Urte haietan Rabatek Mendebaldeko Saharako komunikazioak eten zituen. Herrialdea bakarturik zegoen. «2001. urtea arte ezin zen askatasunez nazioarteko deirik egin Mendebaldeko Saharatik. Marokora deitzeko Postaren egoitzara joan behar zenuen eta hortik bideratzen zen deia, kontrolaturik. Azkenean, nazioarteko komunikazioak ireki behar izan zituzten: eskuko telefonoak iritsiak ziren, Internet… Ez zegoen beste erremediorik».
Hoteleko kafetegiko enplegatua mahaira hurbildu da. «Laranja ura nahi duzu?». Baietz esan diot, tea jadanik bukatu dudan arren. Ez daukat presarik. Erredakziora deitu behar dut, dokumentu guztiak behingoz oso-osorik iritsi zaizkien jakiteko. Alboko mahaian Kenyako bi ikuskatzaileak daude oraindik. Horiek ere presarik ez, antza.
Laranja uraren zain, gidaliburua ireki dut, turistentzako aholkuak berriz irakurtzeko. Aaiun hiri «interesgarria» dela dio, baina ez duela leku berezirik bisitatzeko, Djemal zokoaz eta Machour plazaz aparte. Hotel onenak Parador eta Al Massira dira eta NBEko tropek leku horietako batzuk hartuta dituzte. Lakouara hotela «zahar samar baina erosoa» da. La Madone pizzeria ere aipatzen du, Chahid Bouchraya etorbidean, Dchira plazaren aldamenean. Liburuaren arabera, «leku atsegina» da eta hango jana «bikaina»: pizzak, harirak, entsaladak… Bezperan bertan La Madone-n jandako entsalada eta spageti ederrak gogoratu ditut. Hango egur gorria, berotasuna, lasaitasuna: sukaldaria sutondoan eta neska ile motzekoa mahaian. Handik alde egin nuenean, ia gauerdian, inor gutxi zegoen kalean. Gizon batzuk eserita terrazetan, eta herritarrak taxi txikien zain. Haietako bat mutil gazte bat zen. Zati bakarreko jantzi luzea zuen soinean, goitik behera urdina.
Sidi Mohamed Dadach ere halaxe janzten da, Saharako daraa urdin tipikoarekin. Marokok denbora luzeenez espetxeratu duen Polisarioko soldadua da: 25 urte. Begiak nekatuak ditu, begirada bizkor baina lasaia. Dadach 1976. urtean atxilotu zuen Marokok eta bi urtean desagerrarazita izan zuen. Gero askatu egin zuten, baina FA Marokoko Indar Laguntzaileetan sartzera behartu zuten, Polisarioko beste gerra gatibu batzuekin batera. 1979. urtean hamar gerra preso, Dadach barne, Marokoren ibilgailu ofizialak hartu eta Polisarioren kanpamenduetara ihes egiten saiatu ziren. Gehienek lortu zuten. Dadach zihoan autoak istripua izan zuen. Bera zauritua izan zen, eta ondoko laguna hil egin zen. Militante sahararra berriz preso hartu zuten marokoarrek. Heriotza zigorra ezarri zioten eta heriotzaren pabilioian 14 urte eman zituen Kenitrako espetxean, Rabatetik hurbil. Gero heriotza zigorra baliogabetu eta hil arteko zigorra ezarri zioten. Horrela beste bederatzi urte pasatu zituen. «1998. urtean Pierre Sane Amnesty Internationaleko buruak kartzelan bisitatu ninduen. Bisitaren ondoren nire egoera hobetu egin zen. Lehenago senideek eta familiak ez zekiten nola nengoen. AIk eta Nazioarteko Gurutze Gorriak lan egin zuten munduari esateko ni Kenitrako kartzelan preso nengoela». Sahararren borroken eta nazioarteko presioen ondorioz 2001. urtean askatu zuten. Norvegiak Giza Eskubideen Saria eman zion gero.
Arabieraz mintzo da, Brahim Sabbar itzultzaile duela. Noizean behin zerbait esaten du frantsesez, baita espainierazko hitz solte batzuk ere. Hogeita hamar urteren ondoren ez du uste egoera biziki aldatu denik. «Saharako auziak bere horretan dirau. Madrilgo akordioek nazioarteko legalitatea hautsi zuten eta herri sahararraren eskubideak urratu zituzten. Bada garaia Espainiak bere erantzukizun osoa hartu eta okerrak zuzen ditzan».
«Espainiako agintariei deia »
Espainiaren pasibotasuna salatu du. «Espainiako Gobernuak hau konpontzeko lan egiten ez badu, arazoak izango dira beti». Dei egin die Espainiako errege Juan Carlos I.ari eta Espainiako presidente Jose Luis Rodríguez Zapaterori egoera aldarazteko. «37 pertsona daude Aaiungo kartzela beltzean, Casablancan… Preso politiko guztiek eskubideak dituzte, baina preso politiko sahararrek arazoak dituzte. Juan Carlosek eta Zapaterok Mohamed VI.ari idatzi beharko liokete preso sahararren egoera hobetzeko eskatzeko».
Marokoko errege berriarengan ez dauka esperantza handirik. Hitz politak esan bai, baina Mendebaldeko Saharan bere aita baino gaiztoago jokatzen ari da. «Hassan II.a diktadorea zen, baina azkenean erreferendumaren irtenbidea onartu zuen. Mohamed VI.ak aitaren hitzak jan ditu. Ezetz esan dio erreferendumari. Demokraziaz eta abarrez asko hitz egiten du, baina gero ez du bozketarik nahi».
Atzera egin du besaulkian. Ihesaldiko istripuan min hartu zuen sorbaldan. Oinazeak kroniko bihurtu dira. Leihotik sartzen den argia haren jantzi urdinean islatzen da. Erreferendumaren gaiari heldu dio berriro: «Marokok badaki ez duela irabaziko. Horregatik bozketa egitea atzeratzen ari da, errolda manipulatzen segitzen du. Marokon bizi diren sahararrak bilatzen ari da, identifikazio karta eman eta erreferendumean bozka dezaten».
Zerbitzariak platerak erretiratzean ateratako zaratak kafetegiko errealitatera itzularazi nau. Alboko mahaira begiratu dut. Minursoko kideek hortxe segitzen dute hizketan elkarrekin. Sarrerako atearen gainean hainbat eranskin daude, nazioarteko misioko partaideen bandera eta leloekin. Honduras al Mundial, Zeelanda Berria…Hormako ezkerrean Argentinako bandera duen eranskin bat ikusi dut eta haren ezkerrean, aurrez aurre, Uruguaikoa. Erdian, baina, Norvegiako bandera dago, ikuskatzaile.
Goiz da Mattalarantz abiatzeko.Auzo bereziki zelatatua da Mattala, hirian sahararrak nagusi diren beste auzoak bezala. Mattalatik harantzago iheslari sahararren kanpalekuak daude. Sorterrian bertan iheslariak. Marokoarrek ez diete kanpotarrei bertara hurbiltzen uzten.
Sahararren protesta asko auzo horietan izaten dira, Poliziak gertu-gertutik begiratzen dituen guneetan. Lahdia Balaren neba halako manifestazio batean atxilotu zuten abuztuaren 8an. Mohamed Bala gose greban hasiak ziren preso politikoen alde egindako mobilizazioetan zegoen. «GUS Hiri Segurtasunerako Taldeen aurrean egindako manifestazio batean harrapatu zuten neba, beste batzuekin batera, gaueko hamarretan. GUSekoak borrero ibiltzen dira manifestazioak zapaltzen, gogor-gogor eraso- tzen. Atxilotu eta gero senideak polizia-etxera joan ziren, baina hurrengo eguneko arratsaldeko bostak arte ez zieten esan han zegoela. Polizia-etxean 48 orduan torturatu zuten». Giza eskubideen defendatzaile bat eraman zuten polizia-etxera, baina ez atxilotuen defentsa bideratzeko, hura akusatzeko baizik. «Manifestazioen bultzatzailea bera zela esanez gero, libre utziko zituztela esan zieten. Giza eskubideen aldeko ekintzailea errudun bihurtu nahi zuten».
Hirugarren eguneko eguerdian agertu ziren Bala eta beste manifestariak epailearen aurrean. «Akusazioak asmatu egin zituzten: gaizkile taldea osatzea, talde horren buruak izatea eta armak izatea». Abuztuaren 11n sartu zituzten espetxean.
«Ez onartu suero marokoarrik»
Fatma Amedanen semeak ere antzeko patua izan du. Hura ere lehendabiziko manifestazioetan atxilotu zuten polizia marokoarrek. Ezkerreko besoan zauritu zuten. «Nire semea, El Uali Chiej Amedan, 1986. urtean jaio zen. Familiak basamortura eraman zuen, eta gero Agadirrera. Baina azkenean berak etxera itzultzea erabaki zuen».
Amedanek adierazi duenez, semea goizeko zortzietan atxilotu zuten zibil zihoazen poliziek. Familiari ez zioten ezer ere esan hamabi ordu pasatu arte. «Lotu egin zuten eta gero torturatu. Hiru egun eman zituen horrela, eta azkenean auzitegira eraman zuten. Froga moduan gurpilak eraman zituzten eta gasolinaz betetako botila batzuk. Botila horiek polizia-etxean bertan bete zituzten, semearen aurrean. ‘Lagundu nahi diguzu?’, esaten zioten botilak betetzen ari ziren bitartean».
Mohamed Bala eta El Uali Chiej Amedan espetxeratu zituztenean Mendebaldeko Saharako preso politikoek gose greban segitzen zuten eta haiek bat egin zuten protestarekin. Amedan sei aldiz eraman behar izan zuten ospitalera. «Semea oso ahul zegoen, bihotzeko mina ere bazuen. Oso egoera arriskutsuan zegoen. Medikuek gose greba egiteari uzteko esaten zioten. Ohetik erori zen. Seigarren aldian ospitalera eraman zutenean konortea galdu zuen», gogoratu du Fatma Amedanek. Orduan gazteak apendizitisa zuela ohartu ziren medikuak. «Operatu egin behar zuten. Ezin zitzaion ebakuntzarik egin eta gau osoan serumarekin egon zen. Gero ebakuntza egin nahi zioten».Azkenean operatu egin zuten. Ebakuntzaren ondoren osatzen ari zela «Poliziak egindako probokazioak» ekarri ditu gogora Amedanen amak. «Behin eta berriro probokatzen zuten. Seruma zergatik hartzen ari zen galdetzen zioten, ‘ez onartu serum marokoarrik’. Egun batean zaindariak arrebaren kontura hasi zitzaizkion zirikatzen, eta orduan semeak seruma kendu zuen kolpetik, beraiengana joan eta jotzeko. Horren ondoren hiru egun bakarturik eduki zuten, bisitarik gabe».Preso politiko sahararren egoera salatzeko Aaiungo Kartzela Beltzeko argazkiak mundu osoan hedatu zirenean, marokoarrek Lahdia Balaren neba akusatu zuten, argazkien ekintzaren atzean zegoela leporatuz. «Gose grebak preso politiko sahararrak Aaiunen elkartzea zuen helburua. Denak batera egotea. Oraingo egoera jasanezina da, drogak hartzen dituen jendearekin batera kartzelan, beste bizimodu eta kultura bat daukate».
«Ahaztu Polisarioaren ergelkeriak»
Presio politikoa eroskeriaren bidez ere egiten saiatu dira agintari marokoarrak, Fatma Amedanen ustez. Horixe egin nahi izan zuten bere semearekin. «Aaiungo gobernadorea Marokoren aldeko beste saharar batzuekin joan zitzaion. Haien artean Aaiungo alkateordea zegoen, Khalihenna ould Rachid Aaiungo alkatearen anaia. Semeari oraindik gaztea zela esan zioten, borroka alde batera uzteko. ‘Gurekin lan egin behar duzu, ahaztu Polisarioaren ergelkeria horiek guztiak. Funtzionarioa izango zara eta zure ama ere bai’».
Errepresioa gorabehera, gazte sahararren protestak ez dira eten. Mendebaldeko Saharan ez ezik, Marokon ere egiten ari dira. Casablanca, Marrakex edo Rabatera joandako ikasle sahararrek mobilizazioak egin dituzte eta protestak areagotu egingo dituzte marokoarren okupazioaren 30. urteurrena iritsi ahala. Marokoko prentsak «atzerriko potentziek ordaindutako hegoaldeko separatistak» deitzen die ikasleei. Polisariokoei «mertzenarioak» edo «traidoreak» esaten die.Gazteek txiki-txikitatik dute barru-barruan sarturik saharar izatearen kontzientzia. Guarhi Brahim ikasle haietako bat da. «Umetatik konturatzen zara hemen zerbait gertatzen ari dela, hau ez dela egoera normala. Denok daukagu aita, osaba, edo senideren bat hilda, desagertuta, gatibu, edo iheslari». Berak zuzenbide ikasketak egin zituen Rabaten. Marokoko hiriburuan borroka politikoari ekin zion, eta espetxeratu egin zuten. «Sei hilabete eman nituen preso ezkutuko kartzela batean hemen, Aaiunen. Izugarria izan zen. Guk soilik genekien gatibu geundela, besterik ez, horrela urte erdi bat. Begiak estalita egoten ginen, eta tortura mota guztiak egiten zizkiguten». 50 ikasle ziren, denak unibertsitarioak. «Marokoren inbasioaren kontra manifestazio baketsuak egiteagatik atxilotu gintuzten. Gure senideek ez zekiten non geunden». Askatu eta gero Guarhi Brahim Rabatera itzuli zen ikasketak bukatzeko.Mayara Mohameden aita ezkutuko kartzela batean hil zen. 1976ko otsailean atxilotu zuten eta 1977ko uztailean hil zen. «Independentzia nahi zuelako eraman zuten. Bera bezala, ehunka lagun hartu zituzten gero. Marokok 1975eko urriaren 31n gure herrialdea inbaditu zuenetik 50 lagunetik gora hil dira ezkutuko espetxeetan itxita».Hori guztia salatzeko Martirien Batzordea sortu dute. Mayara Mohamed errebindikazio horretan engaiatu da. «Mohamed VI.a Marokoko erregeak 2003. urtean sortu zuen Berdintasun eta Berradiskidetzerako Batzordearekin negoziazioak izan ditugu geure kasuak aztertzeko, baina orain arte ez dugu erantzunik jaso. Herritar marokoarren giza eskubideak defendatzen dituzte, baina eskubide horiek sahararrenak direnean, ezer ere ez. Gure aitaren gorpuzkinak ekartzeko borrokan ari gara, baina haiek ez dute hori onartzen. Errepresioa besterik ez».
Beste hainbat sahararren antzera, Espainiaren erantzukizuna gogorarazi du. «Inbasio basatia eta gero hildako edo desagertutako jende asko espainiarra zen, hau da, saharar haiek estatukidetasun espainiarra zuten, agiri espainiarrak. Hau garrantzitsua da eta Espainiako Gobernuak jakin behar luke, onartu beharko luke». Espainian ere lanean hasi da hori guztia lortzeko, baina saioa ez da emankorra izan orain arte. «Madrilgo bi abokaturekin harremanetan jarri gara prozesua nola bideratu jakiteko, baina ez digute erantzun».
«Marokon ez dago gizarte zibilik»
Mayara Mohamedek eta Guarhi Brahimek ez dute indarkerian sinesten, konponbideak «modu baketsuan» heldu behar duela diote. «Rabaten eta beste leku batzuetan manifestazio baketsuak egin ditugu. Geure leloak Marokok Mendebaldeko Sahara okupatzearen aurkakoak izan dira», esan du lehenak. Haren ustez, ordea, Marokoko egoerak eta herritar askoren jarrerak, beren horretan segituz gero, ez dute konponbidea ekarriko: «Gehienek ez dute onartzen herri sahararra independentzia lortzeko egiten ari den borroka. ‘Herri txiki batek zertarako behar du proiektu bat?’ esaten dute. Arazoa hauxe da: Marokon ez dagoela gizarte zibilik. Gizarte zibila egonez gero, jendea kalera irtengo zen Aiaungo kartzeletako argazkiak ikusi eta gero».
Rabatek hegoaldeko probintziak bere egiteko argudiorik ez dagoela azaldu du, Mendebaldeko Sahara ez baita inoiz Maroko izan. «Hemengo kaleetan, gure herrietan, eraikin marokoarrik ikusten duzu? Ez. Espainiarrenak, berriz, bai, ikus ditzakezu, espainiarrak hemen egon zirelako. Sahara Marokorena dela esaten dute beti, baina hala bada, zergatik banatu zuten haien lurraren zati bat Mauritaniarekin 1975ean, Madrilgo Akordioen ondorioz?».Mekka bulebarrean Poliziaren furgoneta bat pasatu da. Ez dago trafiko handirik. Autoren batzuk, taxi txikiak eta handiak. Mattalarako bidea ilun dago. Eguerdian bezala, auzora heldu aurretik Polizia dago, bazter batean. Lehen ibilgailu bat baino ez zegoen eta orain bi daude. Polizia pare bat daude kanpoan, besteak barruan. Aurrera segitu dut futbol zelairaino. Handik eraikineko mutur batera jo dut, musika denda eta teleboutique-aren aldera, hortxe baita hitzordua Rachidekin. Zortzi eta erdiak dira. Rachid ez da agertu. Ez da agertuko. Bat-batean kale batetik jende mordoa agertzen hasi da, bakarka edo taldeka. Manifestazio isila ematen du. Herritar batzuek alfonbra edo oihal bat daramate besapean.
Beraz, bizipen hauek eta beste hainbat berritzeko parada izango dugu datorren Ostegunean Hilak 15 arratseko 19:30etatik aurrera Tolosako kultur etxera hurbiltzen garen guztiok.
MAROKO SAHARATIK AT, AUTODETERMINAZIOA ETA INDEPENDENTZIA MENDEBALDEKO SAHARARENTZAT
Maiatzak Borrokan hamabostaldiko programaketaren barruko zeharkako ekintza bezala SPS Saharar herriaren inguruan informazioa helarazten duen zerbitzuak egunero eskaintzen duen informazioa euskaratu eta blogean txintxilikatzea erabaki dugu.
Horrela gure erronka egunero albisteak txintxilikatzea da informazioa denon eskuetan egon dadin. Informazio gehiagorako www.spsrasd.info
Maiatzak 1: Saharar Errepublikako lehendakariak saharar preso politikoak aska daitezen ONUri laguntza eskatu dio
Mohamed Abdelaziz, saharar errepublikako lehendakariak ONUko idazkari nagusia den Ban Ki-moon-i Marokok eragiten duen errepresioa geratzeko eta giza eskubideak errespeta ditzan” eskatu dio. Eta beste behin ere Marokok eragiten duen errepresioa geratzeko, saharar preso politikoak aska ditzan, desagertuak dauden 526 zibilak eta 151 gerrate presoak non dauden argitu dezan, eta Mendebaldeko Saharan bizi diren sahararren segurtasuna ziurtatzeko, Maroko presiona dezaten eskatzen du.
Maiatzak 2: Maiatzak 1ean Parisen saharar langileak desfilatu zuten
300 langile saharar inguruk, Parisen ospatutako manifestazioan parte hartu dute. Bertan saharar banderak eta pankarta anitz ikus zitezen. Eta behin eta berriz bere herriak duen autodeterminazio eta independentzia eskubidea oihuka zuten.
Maiatzak 5: Saharar kazetari elkarteak Mendebaldeko Saharan bizi den egoera argitara eraman du.
UPES (union de periodistas y escritores saharauis) taldeak mundu mailako adierazpen askatasunaren egunaren gertutasuna dela eta eskutitz bat kaleratu du. Bertan Marokok burutzen duen bortxaketak azaldu dituztelarik. ONUri saharar herriak eskatzen duen autodeterminazio eta independentzia eskubideak zerbait errealak direla adierazi dio. Eta hau lortzeko ahal duen guztia burutuko dituela adierazi dute.
Bestalde taldeko kideek jasaten duten arazoak kaleratu nahi izan dituzte, okupazio eta iheslari moduan beraien lana egoki aurrera eramateko zailtasunak aipatu dituzte.
Sahara okupatuan bizi diren kazetariak behin eta berriz atxilotuak eta torturatuak direla gaineratu dute
Maiatzak 6: Aaiun okupatuan 5 saharar gazte atxilotu eta torturatuak izan dira.
Hauetako batek urritasun fisikoak ditu eta beste bat emakumezkoa da. Atxiloketaren arrazoia Maiatzak 1ean saharar herritarren egoera sozialak eta ekonomikoak salatzeko langile martxan batean parte hartzea.
Manifestazioan saharar herriaren eskubidea errespeta dadila ere eskatu zuten.
Bertan atxilotutako batek honakoa kontatzen du ” Manifestazioan bertan paisanoz jantzitako polizia talde batek geratu zidaten eta gure artean Touhima izenez ezagutzen dugun torturatzaile batek gorputzeko toki ezberdinetan ostikatu ninduen. Lurrera erori nintzen konortea galduta eta Aaiuneko Belmehdi ospitalera eraman ninduten eta bertan gela batean ni bakarrik eduki ninduten. Erizain batek hanketan ezagutzen ez nuen sustantzia bat sartu ziten xiringa baten laguntzaz eta segituan hiru polizia sartu ziren eta torturatzen jarraitu ninduten. 30 aldiz baino gehiagotan xiringa batekin hanketan zulatu ninduten".
Maiatzak 6: Fronte Polisarioko Europako ordezkaria den Mohamed Sidati Frantziako irrati batean Afrikaren inguruan hitz egiteko izan zen gonbidatua.
Bertan Saharar herriaren egoeraren inguruan hitz egin zuen. Bere ustez Sahararen deskolonizazio prozesuaren kulpa bakarra ONUrena da. “Ez dute nahita egin, soilik gaziki egindako ekintza bat da".
Gainera ONUri bere lana burutu dezan eskatzen dio.
Negoziazioen inguruan mintzatzeko orduan bukaera arte eraman beharreko prozesua dela pentsatzen du. Horrela Marokoren lagunei eta batez ere Frantziari mahaian negoziatzera eseri dadila konbentzi dezatela eskatzen die.
Maiatzak 8: Hainbat eurodiputatuk Mendebaldeko Saharan giza eskubideen urraketa salatu zuten.
Bruselako Europako Parlamentuan hainbat diputatuk saharar herriaren egoera salatu zuten. Hau giza eskubideen inguruan mintzatzeko sesio batena burutu zuten. Bukatu gabeko deskolonizazio prozesu bat dela azpimarratu zuten eta hortaz UE zerbait egin beharko lukeela.
Espainiak eta UEk erantzukizun zuzena dutela adierazi zuten, eta egoera hau gelditu dadila berehala exijitu beharko luketela.
Maiatzak 8: HUMAN RIGHTS WATCH ONGak marokok burutzen dituen giza eskubideen urraketak salatu ditu.
Talde honek prentsaurreko bat burutu zuten eta bertan batez ere bi pertsonen egoera salatu nahi izan zuten. Bi pertsona hauek 2007an atxilotuak izan ziren eta baita torturatuak ere, askatu zituztenean hau salatzeko denuntzia bat jarri zuten. Ikerketa orain dela egun batzuk itxi egin da proba faltagatik. Talde honek adierazten duen arabera poliziak ez zuten proba bezala bi pertsona hauen testigantzak hartu. Horrela marokoar agintariak ikerketa honetako atal bati eman zion hitza, honekin beraien “"inpartzialtasuna"” azalduz.
Urtero Sahara piloak gauzatzen ditu salaketak eta hauek beti erantzun bera jasotzen dute, kasurik ez egitea.
Maiatzak 8: Errefuxatu kanpamentuetan datorren ostegunean kultur eta solidaritate astea hasiko da.