Eguraldi ederrak lagundurik, egun borobila pasa genuen igandean.
Goizean autobusa bete eta Lizarratik gertu dagoen Etxebarri herriraino joan ginen. Handik, berehala hasi ginen maldan gora, haritzpea hasieran, pagadia ondoren…benetan bide ederra.
Urbasaz gozatuz, Azantzako Haitzara iritsi ginen. Bertan, Lizarrako lagunek aurrez ezarritako plakaren inguruan hemezortzigarren urtez Atarrabia, Gasteiz, Lizarra eta Tolosarrak elkarrekin omendu genituen Argitxo eta Euskaraz Bizi proeiktua.
Ondoren, Larraintzako aterpean hamaiketako ederra eskaini ziguten Nafarroako lagunek. 150 lagun elkartu arren, ez zen jan eta edatekorik falta izan.
Indarrak berritu ondoren, Irantzura abiatu ginen. Bidean, ausartenak errekan bainutxoa ere hartu zuten.
Irantzun berriz, kafea, pastak… eta Kantu bilduma zain genituen.
Boga boga, Baldorba, Aupa gizonak, Euskal Herrian euskaraz…
Laskorain ikastolaren eskutan geratu zen, hurrengo buzoia antolatzeko lekukoa.
Euskararen aldeko konpromezua berrestu genuen bada igandean. Datorren igandean euskararen aldeko bidelagunok, aukera berria izango dugu Iruran antolaturiko kilometroetan. Ondo pasa!
EUSKARAZ BIZI proiektuarekin abiatu ginen lau ikastoletako kideok, Gasteizko Euskararen aldeko lagunak, Atarrabiako Paz Ziganda Ikastola, Lizarrako Lizarra Ikastola eta gu geuk, urtero hitzordu garrantzitsu bat izaten dugu: Euskal Herriko mendi batean Euskaraz Biziren eta Argitxoren omenez buzoi bat jartzen dugu. Aitzaki honekin, egun pasa antolatzen dugu.
Ekimen honen antolaketaz txandaka arduratzen gara eta aurtengoan Lizarrako lagunei egokitu zaie egitaraua prestatzea.
Datorren igandean, irailaren 28an Lizarratik gertu dagoen Etxabarri / Azantzako Haitza ( 1077 m) mendian jarriko dugu buzoi berria.
Hona hemen egitaraua:
8:30etan Tolosako Zezen Plazan elkartuko gara. Autobusa antolatuko dugu.
9:30etan Etxabarritik abiatuko gara.
11:30etan Buzoiaren kokapena
12:0etan Hamaiketakoa
14:30etan Bazkaria Iranzun
18:00etan Agurra
Animatu!!
Jakingo duzuenez, urtero ospatzen da Mugikortasun Iraunkorraren Astea Europa osoan. Horren harira, ostegunean, irailak 18, gure Ikastolan izango den hitzaldi baten berri eman nahi dizugu. “Eskolara oinez” izenburuarekin Isabel Prietok (Donostiako udaleko Mugikortasun eta Auzoak eta Hiritarren Partehartzea sailetako “Eskola Bidea” programaren koordinatzaileak), gure umeak eskolara oinez joatearen abantailez eta garrantziaz hitzegingo digu. Badakigu, gaurko hiria ez dela guk umetan ezagutu genuena. Harrisku asko ikusten ditugu eta horregatik eramaten umeak kotxez, autobusez edo oinez guk lagunduta. Baina umeen nahia ikastolara bere lagunen joatea da. Badira zenbait iniziatiba, Bartzelonan eta Donostian adibidez, umeen nahi hori eta gure segurtasun beharra uztartzen dituztenak. Guzti horren berri hitzegingo digu Prieto andereak.
Zure intereseko izango delakoan gaude eta horregatik egiten dizugu deia:
Eguna: Irailaren 18a, osteguna.
Lekua: Usabalgo Laskorain ikastolako Areto Nagusia
Ordua: Arratsaldeko 17:30ak
IKASLE NOMADAK
Ikasle: ikasten ari dena, irakasle batengandik eskolak jasotzen ari dena.
Nomada: toki finkorik ez duena, batetik bestera dabilena.
Ikastolan emandako urte luze haiek hitz gutxitan azaltzea lan zaila da. Gainera, inongo interesik ez duen anekdotario huts batean gelditzeko arriskua ere hortxe dago. Hortaz, esperientzia soil batean oinarrituta, ikasle ohi honen istorio arruntaren pasarteok, Laskorain Ikastolaren historiaren lekuko umil bat baina ez dira izango.
1930. hamarkadan eman ziren ikastolak sortzeko lehen urratsak. Urte haietan, ordea, Euskal Herria ilunperik luzeenean sartu zuten. Tunel beltz horretatik irteten hasi zenean lehen eguzki printzek eskaini zioten argiune umil bat herriari, euskarari. Udaberri berrian, debekuei aurre eginez, beldur oroz gaindi. Kultura mailan dantza taldeak loratu ziren; euskal artistek Emen, Gaur edo Orain bezalako taldeak osatu zituzten; musikagintzan Ez Dok Amairuren tartea izan zen; eta hezkuntza arloan Ikastolak sortzen hasi ziren. Izen eta abizen zehatzek -gure ikastoletan irakatsi eta inoiz ahaztu beharko ez genituzkeen izen propioak- egindako lan itzelari esker euskara berpizteko lehen haziak ziren.
Kasualitateak agindu zuen Tolosako ikastola ni munduratu nintzen uda berean sortzea. Handik lau urtera bertako ikasle izango nintzen, ordurako, aurreko hazi haiek loratzen hasi zirenean. Lehen loratxo hura Zumalakarregi kaleko txalet polit batean kokatuko zen. Gure parbulitos, “Ikastolako haurtxoak gara eta poz-pozikan ibiltzen gara”. Urte bakarra egin genuen han, sakramentinoetara pasatuko baikintuzten; lorea bistan, hazten zihoan landarea. Horrela hasi zen guretzat batetik besterako ibilaldia. Han pasatako urteak oso oroimen onak dakarzkit. Hala eta guztiz ere, 5. maila egitera berriro handik irten eta Usabaleko eremura joan behar izan genuen. Han, non Araxes erreka eta Oria ibaia elkartzen baitiren, prestatu zuten lehen barrakoia guk estrainatu genuen, Laskorainen historia markatu duten txabola haiek. Norbaitek inoiz bukatu zuen Nafarroatik datozen uretan erori eta blai eginda. Guretzat inguruko herri txikietatik ikastolara etortzen ziren kaxero haiek astapotro hutsak ziren. Beraientzat ingurugiro aproposa zen, izan ere, hasierako barrakoi hura artasoroz inguratuta zegoen eta hauek ezin egokiak ziren jolaserako, gordeketan edo harrapaketan ibiltzeko. Eta etxerako bidean arto batzuk erreta jateko zer esanik ez.
Lorea umil-umil zuhaixka bihurtzen ari zen eta garatzen zen heinean adarrak ere goratzen zihoazkion. Modu natural batean handitu eta bere tokia bilatzen zuen bitartean guri, hasierako belaunaldikooi, abangordia izatea egokitu zitzaigun. Horregatik, gure transhumantziarekin jarraituz, 7. maila burutzera herriko erdigunera eraman gintuzten, Triangulo plazara, hain zuzen ere. Eskolapioen eraikinan, gaur egun Kultur Etxea kokatzen den toki berean eman genuen ikasturte hori. Kalera jalgita nire mugak apurtu ziren, ordurarte nire espazio bitala nire barrioa baitzen. Ulertzen ez genuen “a los caidos”en omenezko monumentu handi baten inguruan jolastuko genuen errekreoan; egun euritsuetan, berriz, Zerkausira. Urte bakarra egin zuen han ikastolak, hurrengoan Rondilla kalera pasatuko ginelarik.
Harat-honat ibiltzeko patua geureganatua, “Escuelas Municipales” haiek beste urrats bat izan ziren gure norabidean. Ikasle ibiltariak izaten ikasi genuen, urtetik urtera nora joango ginen jakin gabe. Non bukatuko zuten ideia zipitzik gabeko ikasle nomadak. Ikastolak hazten jarraitzen zuen seinale. Zuhaitz eder bat zabaltzen, aireratzen, kementzen, kilometroak 80 jendetsu hura lekuko. Urte horretako anekdota bat gogoratzen dut bereziki. Izan ere, Ostegun Gizenean Gizarteko azterketa jarri ziguten eta guk protesta moduan (adin horretan eskubide asko eta betebehar gutxi) nolabaiteko boikota egin eta zero orokorra atera genuen gelako guztiok (batzuk txilaba eta guzti joan ginelarik gelara). Eraikin hartan ikasle zaharrenak izan arren, horrek ematen duen babesa barik, komunera hurbiltzeari beldurra genion. Han aurkitzen zen ikasle gatazkatsuen korridorea: Gela Berezia. Bertako biztanleek Palermoko klan batek baina errespeto gehiago jartzen zuten gainontzeko ikasleon artean. Koiuntura politikoa ere bor-bor zegoen. Otsaila hotz haren hogeitahirugarrenean biboteko gizon trikorniodun baten oihuek dardarka jarri zuten jende guztia -eta kakalarritan bere aurrean euren eserlekuetan gordetzen ziren gorbatadunak-. Guk adin horretan politikaz gutxi, baina etxean kontatutakoarekin aski izan genuen ikasleok ere egun hartan aztoratuta ibiltzeko, jazotzen ari zenaz ezer gutxi bagenekien ere, politikaz berbetan, Gerra Zibil baten mamua zabaldu baitzen ikastolako eskailera eta pasiloetan. Ez horratio hosto berriak zimeltzearen beldur, ezta euskararen arnas biziberritua ahitzearena ere.
Oinarrizko ikasketak amaituta, BUP eta COU egitera berriro Usabalgo barrakoietara eramango gintuzten, txaboletara. Gure norakoaren azken geltokia. Ordurako artasoro guztiak desagertu ziren, asfaltoaren legea ezarri zen futbol “zelaiak” eta frontoi bi eraikitzeko. Hango esperientzia eta gomutak flashback moduan etortzen zaizkit. Nerabezaroa. Inportanteak sentiarazten gintuen lehen grebak. Bertsozaletasuna (Zeru-Txikiko ostegun arratsalde ahantzezinak Joxerrarekin). SAMeko paper-fabrikatik “maileguan” hartutako koadernoak. Goardia Zibilaren Land Rover-en bixitak. Koadrila eta parranda iniziatikoak. Irakasleekin izandako harremana. Grekerako klaseak Emeteriorekin. Formazioa. Historiarako pasioa (Marx eta Materialismo Historikoa!). Erabaki batzuk hartu beharra. Selektibitatearen mamua. Unibertsitaterako bidea. Italiarako bidaia. Euskal Rock Radikala. Inauterietako taberna. Euskararekiko kontzientzia. Kultur eta Gizarte konpromezuak. Gelakide eta lagunarteko eztabaida politikoak. Hori guztia eta gehiago. Oro har, ikastolak urte haietan guztietan, eta bereziki azken ikasturteek, utzitako oroimen onak. Hori da, hainbat urte eta gero, azken egunean gelako atetik irtetean liburu eta koaderno artean nirekin jaso nuen sentimendua: nire gurasoek egun batean bertan matrikulatu ninduten eta neu zuhaitz emankor horren fruitua naizela. Gaur gure ikastola 40 urte bete dituen zuhaitzar sendo eta iraunkor bat da.
Fernando Rojo ikasle ohiak Ikastolaren 40. urteurreneko libururako idatzitako textua.
Liburua salgai dago Elkar, Zunbeltz eta Galarraga liburudendetan.
Aurreko igandean ospatu genuen aurtengo Ikastolaren Eguna. Eguraldia lagun, jendetza elkartu zen egun osoan zehar antolatutako ekitaldietan.
Bizikleta martxarekin hasi genuen eguna eta Tolosakoa kaleak zeharkatu genituen. Ondoren Haur Hezkuntzako neska-mutilek jaialdi arrakastatsua eskaini zien bertaratutako guztiei, eta hori amaitzean Ikastolako abesbatzak urtean zehar landutako abestiak eskaini zizkiguten.
Bazkarian sorturiko giroa paregabe izan zen, ia 1000 lagun elkartu ginelarik. Dudarik gabe, bazkaria prestatzen eta zerbitzatzen lan egiten zuten guraso eta ikasle guztiak zoriondu behar ditugu, dena primeran joan baitzen.
Arratsaldean, puzgarri eta jokuez gain, “Unsain anaiekin” dantza saio ederrak egin genituen.
www.laskorainikastola.net orrian Ikastola Eguneko argazkiak dituzue eskura.