« ERREGE MAGOAK (zeintzu ziren ??)OLENTZERO (nor da?) »

2008-12-29

11:43:54 , Hirukide ikastetxea , 670 hitz, 92 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

VATIKANOA ETA HOMOSEXUALITATEA

JOXE ARREGI
FRANTZISKOTARRAren iritzia BERRIA egunkarian abenduaren 18an argitaratutakoa.
Kristauen aniztasuna baieztatzeko irakurtzea komeni zaizu.

Gauza askok kentzen digu bakea, eta izugarri ahulak gara, hala nola den ahula txantxangorri babesgabea, ogi papurren bila Arantzazu elurtu honetan.

Bakea galtzen dugunean, Jauna galduko bagenu bezala da, nahiz eta Jaunak ez gaituen gu sekula galtzen. Eta beti izan beharko genuke norbait aldamenean, gure bihotzari honela mintzatzeko prest: «Jauna zurekin da beti! Jaunak ez zaitu sekula kondenatzen. Jaunak zaren bezalaxe onartzen zaitu. Onartu zuk ere zeure izate ahula, Jaunak onartzen duen gisan». Eta zer izan behar luke Jesusen Elizak, hitz goxo hori besterik, noiznahi Jaunaren bakea mamitzen duen presentzia hori besterik?

Ondo tristea da hainbestetan Eliza ez izatea hori. Esaterako, lehengo astean, Vatikanoak kontra egin zion homosexualitatea zigorgabetzeko eskaerari, eta berriz ere harri eta zur utzi gintuen, eta penaturik. Izan ere, Frantziak eskaera hori egiteko asmoa du Nazio Batuen Erakundean, Europako Batasunaren izenean. Ez sinestekoa da gaur egun, Giza Eskubideen Aldarrikapena onartu eta 60 urte igaro eta gero, oraindik eskatu behar izatea hainbat herrialderi, 90 herrialderi baino gehiagori, ez jartzeko ez kartzela zigorrik ez bestelako zigorrik homosexual aktiboei -heriotza zigorra ezartzen diete dozena bat herrialdetan!-. Eta sinesten lan handiagoak ematen ditu Jesusen Elizak eskaera horren kontra egin izanak. Baina hala egin du.

Baina hori zehaztu beharra dago, justuak izateko. Vatikanoaren bozeramaileak argitu nahi izan du Eliza katolikoa «homosexualei ezarritako zigor legedia bortitz eta diskriminatzaile guztien» kontra dagoela. Hau da, zigortzearen eta diskriminatzearen kontra agertu da Erromako Eliza, baina baita zigorrak eta diskriminazioa bukatzeko eskatzearen kontra ere. Nork ulertuko ote du? Vatikanoaren bozeramailea saiatu da kontraesana azaltzen, esanez Europaren eskaeraren atzean asmo politiko bat ezkutatzen dela: homosexualen bikoteak «ezkontzak» izan daitezkeela legez onartzeari bultzada ematea. Baina azalpen horrek erdi bistan utzi du beste arrazoi bat, seguruenik egiazkoagoa: homosexualitateari mendeetan izandako fobia, batez ere gizonen homosexualitateari izandakoa, gizasemearen gizontasun noblearen irain umiliagarria delakoan… Ez al die horregatik agindu Benedikto XVI.a aita santuak apezpikuei ez onartzeko apaizgoan praktika homosexualak dituen edo joera homosexual «errotua» duen ezein gizon, ez eta gay kulturaren aldeko inor ere? Apaizek ezkongabeak izan behar dute, baina oso gizon.

Elizak, bere jarrera zuritzeko, «lege naturala» aipatzen du, eta esaten du naturaren kontrako nahasmendu larria dela homosexualitatea. Baina nork esan dezake homosexualitatea ez dela «naturala» homosexualentzat, heterosexualitatea heterosexualentzat den bezala? Non eta ez den esaten ez direla «naturalak» hormonak, eta geneak, eta haurtzaroan gurasoekin izandako harremanak, eta ezagutzen ez diren beste hainbat arrazoi, denak ere txiki-txikitatik sexu orientazioaren oinarriak jartzen dituztenak. Elizak, era berean, Bibliako bi testu aipatzen ditu. Bata, Lebitarren liburukoa (Lb 18,22): «Ez zara gizonezkoekin emakumeekin bezala etzango: higuingarritasuna litzateke». Bestea, Pauloren liburukoa (Erm 1,26-27): «Emakumezkoek berezko sexu-harremanak utzi eta naturaren kontrakoetara jo dute. Gizonezkoak ere, berez dagozkien emakumeekiko harremanak utzirik, elkarren irrikaz suturik dabiltza». Bibliaren inguruko argudioa labaina da, ez indar betekoa. Esaterako: Lebitarren liburuko testu horrek zergatik balio du gehiago, gamelua, untxia, erbia eta zerria jatea debekatzen duenak baino (Lb 11,4-8)? Eta Pauloren testuak zergatik balio du gehiago, gizonari burua estalirik otoitz egin eta predikatzea debekatu -apezpikuek mitra jantzita predikatzen dute…- eta emakumeei burua estalita otoitz egin eta predikatzeko -bai predikatzeko…- agintzen dien testuak baino (1 Ko 11,2-16)?

Jesusengana bihur dadila hierarkia katolikoa -hainbat eliza protestanteri, hainbat mugimendu eta sare kristau katolikori segiturik-. Hau esan zuen harengana bihur dadila: «Larunbata gizakiaren onerako egin zuen Jainkoak, eta ez gizakia larunbataren onerako»! Onar dezala behingoz harreman sexual guztiak direla santuak, bi pertsonak elkar maite badute eta inori kalte egiten ez badiote, eta kito! Barkamena eska diezaiela, apalki, gay eta lesbianei, mendeetan eta mendeetan hainbesteko min fisiko, psikiko, espirituala egiteagatik; haien duintasuna eta autoestimua larri bai larri hondatzeagatik; perbertsioaren estigma, bekatu mortalaren zama eta infernuaren beldurra emateagatik! Aldarrika dezala, hotsandiz, gay eta lesbianek diren bezala izateko eta maitatzeko duten eskubide sakratua eta eginbehar santua, sentitzen duten bezala sentitzekoa, eta maitatzen duten bezala maitatzekoa! Jar dadila Nazio Batuen Erakundearen aurrean eta deiadar egin dezala, Isaiasek baino ere ozenago, Jesusek bezain ozen, Jainkoaren izenean: bukatuak behar dutela guztientzat -homosexual nahiz heterosexual, delitugile izanik ere- zigor guztiek, gaztigu guztiek, baita kartzela guztiek ere! Jesusen Elizak ontasunaren indarrean sinets dezala, eta ez zigorraren indarrean!

erantzun 1

Erantzun


Your email address will not be revealed on this site.

Zure URL-a erakutsiko da.
(Line breaks become <br />)
(Name, email & website)
(Allow users to contact you through a message form (your email will not be revealed.)
This is a captcha-picture. It is used to prevent mass-access by robots.
Please enter the characters from the image above. (case insensitive)
Uztaila 2009
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Hirukide ikastetxearen bloga da hau.

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software