Ibarretxek modu berezia dauka krisi ekonomikoa definitzeko. Bere ustez, arazoak dakartzan garaia da, baina baita aukera onak ekartzen dituena ere. Benetan harrigarriak edo lotsagarriak bere hitzak. Eusko Jaurlaritzak nahiko lidergo eta ideia onak omen ditu, gainera, krisiari aurre egiteko. Bai noski, Eusko Jaurlaritzaren eta PNVren errezeta langileak oraindik eta gehiago zapaltzea da.
Krisirik ez zegoela esaten hasi zitzaizkigun, ondoren okerrena pasata zegoela eta orain gauzak gehiago okertuko direla datozen hilabeteetan. Zuzenketa mekanismo batzuk nahikoa izango omen ziren “ustekabeko” arazo ekonomikoak konpontzeko. Baina banku suitzarreko adituek agerian utzi zuten nolako panorama ari den garatzen. Egin zuten informearen arabera, ekonomia estatubatuarra atzeraldian sartuko da hurrengo hilabeteetan eta europarrak berriz geldiagotze indartsu bat izango du.
Ez ziren aditu hauek bakarrik izan abuztuan arduratuta agertu zirenak. Abuztuaren hasieran, Michael Glos Ekonomia ministro alemaniarrak eta Christine Lagarde Ekonomia ministro frantziarrak adierazi zuten hirugarren hiruhilekoan zailtasunak izango zituztela euren estatuetako ekonomiek. Baina esan behar da zailtasunak ez zirela etorkizuna, oraina eta iragana baizik. Iraila hasi bezain laster, jakin zen lehen aldiz 1995etik eurozonako BPGa zenbaki gorritan erori zela. Europako Batasuneko “motorra” den ekonomia alemaniarrak eragina izan zuen atzerapen honetan. Lau urtetan lehenengo aldiz %0,5 jaitsi zen BPG lehen hiruhilekotik bigarrengora. Alemaniarraren moduan, ekonomia frantziarra ere %0,3 jaitsi zen bigarren hiruhilekoan.
Munduko bigarren potentzia ekonomikoa den Japonen ere, ez daude berri onak. AEBetako subprime hipotekek sortutako krisitik libratuko zela uste zuten ekonomialari batzuk, baina BPGren datuek diote Japon krisian sartu dela. Aurtengo urtea hasi zenetik ekonomia japoniarra gainbeheran da eta atzeraldiaz hitz egiten ari dira dagoeneko.
Ingalaterrako bankuko azpigobernadore Charles Beanek ere gutxi du baikortasunetik. Bere arabera, “krisiak denboraldi handi bat iraun dezake” eta “merkatuak errekuperatzen hasten direla ematen duenean beste granada batek egiten du eztanda”. Hitz hauek ondo erakusten dute egoeraren larritasuna. Banku zentralen arduradunen konferentzian, Beanek aitortu egin behar izan zuen iragan urteko krisi finantzarioa zorte pixka batekin denbora gutxian gaindituko zela uste zuela. Baina usteak erdia ustel. Orain, ekonomia britainiarra ere arazotan da.
Hala ere, Gordon Brown ministro britainiarra hain arduratuta ez dagoela dirudi. Dionenez, bertako ekonomia indartsua da eta Britainia Handia krisi internazional honetatik aterako duela hitz eman du. Berria egiten al zaigu diskurtso mota hau? Berdina egiten ari dira Zapatero eta Solbes Estatu espainiarrean, Glos Alemanian, Lagarde Estatu frantziarrean eta Ibarretxe Euskal Autonomi Erkidegoan, hau da, krisiari aurre egiteko ez dutela arazorik izango ari dira esaten. Gobernuetan dauden agintariek beldurra dute ez ote dieten herritarrek krisiaren errua botako, batik bat hauteskundeak gertu dauden tokietan. Nahiz eta errealitatea bestelakoa izan, indartsu eta baikor azaltzen saiatuko dira herritarren aurrean. Tapatu egin nahi dute krisiaren egun okerrenak etortzeke daudela eta atzeraldi ekonomikoa nahitaezkoa izango dela.
Burgesiaren errezeta
Ez dira gutxi 1973ko krisiarekin eta 1929ko crackarekin lotzen dutenak gaur egungo egoera. Baina zerbait argi badago, langile klaseak aldaketa gogor baterako prestatu behar duela da. Eskenatoki ekonomiko berri honek ondorio politiko, sozial eta sindikal sakonak izango ditu. Ekonomiako sektore guztietara eta, aldi berean, langile klase osora zabaltzen ari da krisia eta okerrena da inork ez dakiela zenbatekoa den sistema kapitalistak beste behin oparitu digun zuloa.
Zapateroren Gobernuak beste hazkuntza eredu bat bultzatu behar dela defendatu du. Gobernu espainiarraren ustez, inbertsio teknologikoan oinarritu beharra dago esku lan intentsiboaren ordez. Hau dena hitzak besterik ez dira ordea. Enpresariek eskema hau jarraitzeko aukerarik dagoela uste al du inork? Hain zuzen, enpresariek esku lan intentsiboa areagotzea nahi dute, langileen zapalkuntza intentsiboa. Hau izan da krisi guztietan kapitalistek erabilitako errezeta bikaina. Burgesia gauza gehiago ere eskatzen ari da ordea, horien artean, laguntza fiskalak eta obra publikoetakoetarako inbertsioak. Dirudienez, Zapaterok eta Ibarretxek ez dute arazorik hori eta gehiago eskaintzeko. Hala ere, Zapatero eta Ibarretxek lasai egoteko esan digute, biek baitiote hartzen dituzten neurriek ez dituztela prestazio sozialak ukituko. Lasaitasunezko diskurtso-tranpa hauen atzean beste errealitate bat dugu ordea.
Inflazioa soldatak jaten ari da, azken urtean esnea %22,4 igo da, arroza %12, oilaskoa, arrautzak eta jogurtak %11. Goranzko bidean doan langabezia eta hipoteken igoera langile familien ekonomiak itotzen ari da eta bigarren lanpostua izatea bilatzen duten herritarren kopurua ere bikoiztu egin da. Eta hala ere, burgesiaren mesedetan Zapaterok eta Ibarretxek hartu nahi dituzten neurriak honakoak dira: Lan kostuak jaitsi, Europatik datorren 65 orduko lan astea ezarri eta erretiroa luzatu. Diru publikoa negozio pribatuetarako erabili, adibidez AHT eta Busturialdeako Guggenheim egiteko. Dagoeneko, hain merkeak ez diren Babes Ofizialeko etxeen prezioak ere igotzeko asmoa dute. Laguntza fiskalak emango zaizkio patronalari, merkatu askearen onerako omen denez zergak jaitsiko dira enpresari handien mesedetan. Bestetik, zerbitzu publikoen pribatizazioa bultzatuko dute, batik bat zaharren erresidentzienak.
Ibarretxek, gainera, ez dauka lotsarik datozen lau urteetan 13.000 milioi euro “EAEn injektatuz” 20.000 lanpostu sortuko direla esateko. Eta zenbat suntsituko dira? Zenbat izango dira prekarioak? Zenbat langile hilko dira lan istriputan? PNVk ondo daki euskal kapitalisten irabaziei eustearren langileen baldintzek okerrera eta langabeziak gora egingo dutela. Nora doaz zuzenki 13.000 milioi euro horiek? Ibarretxek dioenez enpresari gizagaixoak lagundu egin behar dira teknologia berrietan inbertitu dezaten. Arcelorri adibidez 50 milioi euro oparitu dizkio Eusko Jaurlaritzak, azken urteetan ikaragarrizko irabaziak izan dituen multinazionalari. Zergatik ez dute enpresariek azken urte horietan izan dituzten irabazi milioidunekin inbertitzen? Diru publikoa kapitalisten poltsikoetan sartuz, zergak jaitsiz enpresariek nahi bezala eta instituzioak zorretan jarriz nola ez da ba gastu soziala murriztuko. Aberatsak aberatsago eta behartsuak behartsuago.
Burgesiak garbi dauzka zein diren bere errezetak eta horiek aplikatzeko maniobratzen dabil. Bide horretan, enpresa munduarekin harreman onak dituzten PSOEko ministroen eta PNVren laguntza bikaina dute. Neurri hauek aplikatzeko akordio sozialaren zelofana erabiliko dute agintari sindikal erreformisten kolaborazioarekin. Beste behin, euren oinarri soziala traizionatuz ez da harritzeko izango CCOOko eta UGTko agintariak lan horretan ikustea.
Beti bezala, ekonomiaren arazoei aurre egiteko modua, kapitalisten ikuspuntutik, langileak erasotzea da. Sistema kapitalistaren logika da hau. Baina, euren proposamenekin bilatu nahi duten “oreka ekonomikoa” inoiz ikusi ez diren gatazka sozial eta politikoak sortzeko errezeta ere bada. Kapitalistek badakite hau, eta tentuz dabiltza. Baina langile klaseak jasoko dituen kolpe guztien ondorioz, alperrik izango dira burgesiaren eta erreformisten maniobrak langileen borroka geratzeko helburuarekin. Gertakizun garrantzitsuak emango dituen garaia ireki da bete betean eta bertan, kapitalismoak eta erreformismoak ez daukate ezer eskaintzeko.
Langileen alderdi eta sindikatuetako zuzendaritza erreformistak kondenatuta daude euren oinarri sozialak traizionatzera eta kapitalismoaren salbatzaile izatera. Erreformismoarekin hausten ez dutenak, burgesiarekin kolaboratzea eta kapitalismoa konpontzea posible dela uste duten agintari politiko eta sindikalak, ez dira egongo garai berriek eskatzen duten mailan. Klaseen arteko borroka gogorra emateko baldintza guztiak ari dira pilatzen eta egoera honetan beharrezkoa da langile klasearen erakundeek bide iraultzaile bat defendatzea, batik bat sindikatuek, behin betiko kapitalismoarekin bukatzeko.
Arlo denetan, baina, batez ere, ekonomian gauzak oker hasi ziren urte honetan eta urtea pasa ahala, gero eta zailago jartzen ari direla esan genezake. Burgesiaren adituek ere diotenez, ez omen da hilabete batzuetako kontua izango, krisia hainbat urtetan luzatuko da. Zapaltzaileen aurreikuspen hauek ez dute lasai egoteko tokirik uzten.
Burgesiari, “inori” baino gehiago, komeni zaio krisi hau bukatzea, eta ez etxerik gabe, oporrik gabe edota hilabete bukaerara iritsi ezinik geldituko delako, irabaziak gutxitu eta, batez ere, kontrolpean duen gizarteak burgesiak hain maite duen sistema politiko eta ekonomikoa zalantzan ipini eta historiaren zaborrontzira jaurti dezakeelako baizik. Krisi honi aurre egiteko, burgesiaren eta bere txotxongilo diren gobernu ordezkarien asmoak eta egin beharrak argi eta garbi gelditu dira, bai hitzetan eta bai ekintzetan. Astoak begi aurrean ipintzen zaion azenarioari egiten dion kasu berbera egiten diete politikari sozialdemokrata erreformistek burgesiaren aginduei. Orain arte hartu den neurri bakar batek ere ez du balio izan behar gehien duten familien egoera hobetzeko, aldiz, langileoi bizi baliabideak “ematen” dizkiguten enpresario gaixo horientzat sekulako diru iturriak zabaldu dira, bai zerga beherapenekin, baina baita Estatuko diru publikotik aterata ere, hau da, milioika langileren poltsikoetatik.
Euskal burgesiak behin eta berriz esan du Euskal Herrian krisiaren eragina ez dela horrenbeste nabarituko, adreiluaren booma ez zelako horren handia izan. Ez dakigu zenbat izango den “horrenbeste” beraientzat, baina aski da datu gutxi batzuk ikustea hemen ere gauzak erabat oker doazela ohartzeko. Adibidez, bigarren hiruhilabetekoan kontratuen iraupenaren batez bestekoa 47 egunekoa izan omen da, INEren (Instituto Nacional de Estadistica) arabera aurtengo uztailean 2007koan baino %9,6 kontratu gutxiago egin dira, ETTen bidezko kontratazioak ugaritu egin dira… Egoera honek jendea noraezean uzten du ezin baita jakin biharko egunean zer gertatuko den. Kontratu “finko” batek ez du esan nahi lanik gabe gera ezin zaitezkeenik, baina hein batean segurtasun bat ematen du, kaleratzeko eta langileen eskubideak urratzeko “zailtasun” gehiago dituztelako. Hala ere, goiko datuek argi erakusten dute langileon gehiengoaren errealitatea bestelakoa dela. Dudarik ez da ETTak legez onartzea langileon eskubideen eta bizi baldintzen aurkako eraso bat izan zela, baina joan zen ekainaren 10ean Europar Batasuneko Lan ministroek onartu zuten proposamenak mende bat atzera garamatzate, 60 orduko lan astea eta guardiak dituztenentzat 65 ordukoa, horiek dira baztertu eta langileon alde hartzen dituzten neurriak.
Oraingoz, 60 orduko lan astearena ez da legeztatu, baina uda ondoren parlamentu europarrean erabakitzekoa da lege izatera pasatuko den edo ez. Neurri hau dirudiena baino okerragoa da, ez da 60 orduetan soilik gelditzen, onartzen bada, enpresariak langile bakoitzarekin negoziatu ahal izango du bere lanaldia, hitzarmen kolektibotik kanpo. Neurri honek lan harremanak indibidualizatu nahi ditu, hitzarmen kolektiboak hautsi, azken finean, langile klaseak izan dituen armarik onenak hondatu nahi dituzte, batasuna eta borroka!! Burgesiak ez du inongo lotsarik gezurra aurpegira bota eta lasai- lasai gelditzeko. Edozein langilek daki zer suposatzen duen lanaldiaren areagotzeak; lan istripu gehiago, gaixotasun fisiko eta psikiko gehiago, familia eta ingurukoekin harremanak okertu, aisialdirako denbora gutxi…Baina hau dena itsu batek ere ikusi arren Europar Komisioak neurri hau aurrerapauso izugarri bat bezala “ikusten” (horrela saldu nahi digute) du lan eta familia erlazioak batzeko.
Burgesia Kataluniarrak, berriz, zera dio, gure lanorduak finkatzeko eta gehiago ez izateko neurri bermatzaile bat dela. Espainiar gobernuak berriz aurka dagoela esan du, baina Lan Ministroa den Celestino Corbachok ez zuen neurri honen aurka bozkatu, abstenitu egin zen. Sindikatuetako zuzendaritzetatik ere ez da ezer garbirik atera, deklarazio batzuk, hitz gogor batzuk,… entzun dira, baina praktikan ez da ezer egin, ezta gauzarik oinarrizkoena ere: lantegietan zer nolako neurria den azaltzea. Badirudi sindikatuetako zuzendaritzak ez daudela eraso honek eskatzen duen mailan zeren horrelako erasoak zerbait historikoak dira eta ezin dira erantzun gabe utzi. Burgesia europarrak neurri hau atzera botatzeko modu bakarra Europako langileak batera mobilizatuta da, ez hitz eta diskurtso gogorrekin soilik.
Horregatik ezinbestekoa da burgesiarekin eta bere aliatuekin harreman guztiak haustea, hauekin kolaboratzen duena erabat aldenduta dago langile klaseak dituen bizi eta lan baldintzetatik edo bestela kapitalaren interesak defendatzen dituelako da. Greba orokor baterako deialdiak onarpen handia izango luke Europako langile klasearengan, ikusi besterik ez dago Europa osoan ematen ari diren greba eta mobilizazioak, beraien lan baldintzen defentsan, Italian, Suitzan, Frantzian, Danimarkan, Grezian, Portugalen, Alemanian eta beste hainbat eta hainbat herrialdetan. Burgesiaren komunikabideek hau ezkutatzeko lan bikaina egiten dute, baina horrek ez du gertatzen ez denik esan nahi. Adibidez, guztiok ohartu ginen suzi olinpikoarekin gertatu zenaz baina telebistan, irratian eta prentsan ez da agertu Grezian dagoeneko hiru greba orokor egin dituztenik jubilatzeko adina handitzearen aurka. Noski, horrelako borrokek Europa mailan eragina izan dezakete eta hori ez zaie komeni.
Europako gobernu gehienak eskuinekoak izatea ez da langile klasearen ahultasunagatik, sozialdemokrata eta erreformisten porrotengatik baizik. Bizi ditugun baldintzen aurrean (prekarietatea, langabezia, eros ahalmena,…) erreformistek eskaintzen duten alternatiba ez da eskuineko gobernuek eskaintzen dutenaren oso ezberdina, baina azpitik mugitzen ari dena sumendiko magmaren antzera, oso bestelakoa da, langileen borrokarako beharra eta gogoa. Espainiar estatuan, CEOEren datuen arabera, lehen hiruhilabetekoan grebatan “galdutako” orduak %70 gehitu ziren. Nahikoa indar eta gogo dago inposatu nahi diguten 60 orduko neurri hori atzera botatzeko, horregatik beharrezkoa da zuzendaritza sindikalek lehenbailehen greba orokorra antolatzea, europar langile guztiok batera kalera ateraz.
Burgesiak garbi dauka krisi honen ondorioak ordaintzea nori tokatzen zaion eta hori lotsagabe adierazten dute. Adibidez, Enpresarien Zirkuluak zioen “se necesitan medidas liberalizadoras entre las que figuran un mercado de trabajo más flexible, reestructuración del coste del despido, fomento de la contratación a tiempo parcial y salarios vinculados a la productividad". Ez dira horrekin gustura gelditzen eta alderdi eta sindikatuetako zuzendari erreformistak ez bezala hauek argi daukate gauzak nola egin behar diren: “las reformas enunciadas ayudaran a salir de la crisis y solo pueden alcanzarse si el Gobierno actua, PUESTO QUE LA EXPERIENCIA HA DEMOSTRADO QUE ESTE TIPO DE CAMBIOS NO SE PACTA EN EL PROCESO DE DIALOGO SOCIAL". Garbi ikusten da burgesia ez dela jolasean eta berriketan ibiltzen gauzak oker doazenean, beraz, hitz hauetatik zer ikasi asko dago. Lehen esan dugun bezala, lotsagabe esaten dute krisi hau nork ordaindu behar duen, baina hitz hauek zinismoaren gailurrean esertzen dira, lehenik Claudio Boada Zirkuluko lehendakariak sakrifizioak eskatzen dizkigu langileoi ekonomiaren gainbeherako une hauetan eta bere lagun Fernando Egidazuk honela jarraitzen du: “Es terrible ganar menos y perder poder adquisitivo, pero mas terrible es perder el empleo", “esta crisis la vamos a pagar todos". Hitz horietan ironia eta prepotentzia besterik ez dago, ikaragarria da bai gutxiago irabaztea baina ez 5 milioi gutxiago irabaztea 100 irabazten dituen batentzat, bizi duin bat izateko ere eskubiderik ez duten milioika eta milioika langile eta bazterturentzat baizik.
Datozen gertaerak ezer egin gabe pasatzen uzten baditugu krisia ez dugu denok ordainduko Egidazu jaunak dioen bezala, orain arte burgesiaren zama bizkar gainean eraman duen langile klasea izango da berriz ere burgesiaren oinen azpian belauniko eutsiko diona krisiari. Beraz, langile klaseak guzti honen aurrean bi aukera besterik ez ditu; burgesiaren esklabo izanez jasaten ari den eta etorriko diren era guztietako erasoekin jasan edota mundu guztiko langileak batuko dituen klaseko alderdi iraultzaile eta demokratiko baten alde egin, hori baita sistema kapitalista honek langile klaseari jarri dizkion kateak hausteko lan tresnarik baliotsuena. SOZIALISMOA ALA BASAKERIA!!!