1 2 >>

2008-07-04

11:39:18 , EHS , 1088 hitz, 106 aldiz ikusia  
Atalak: Uncategorized

Ibarretxe, iruzurrik ez!!

Zergatik jarri zaio gogoa Eusko Jaurlaritzari “herriari galdetzeko”? Konponduko al dute zerbait Ibarretxek proposatu dituen bi galdera horiek? Konfiantza izan behar al dugu PNVk antolatutako iruzur berri honetan?

Burgesiaren ordezkari politikoek ez dituzte galderak egiten herriaren onerako. Ez da zaila pentsatzea burgesiaren trikimailu guztiak bere interes ekonomikoak defendatzeko direla. Munduko leku ezberdinetan burgesiak eta inperialismoak ohikoak dituzte komeni zaizkien galdeketak eta erreferendumak. Hor daude Santa Cruzko oligarkiaren erreferendumak Boliviako iraultza suntsitzeko helburuarekin edo Lisboako Itunarena langile europarrak gehiago zapaltzeko asmoarekin. Euskal burgesia eta bere alderdia, PNV, ez dira gutxiago.
Eusko Jaurlaritzak proposatutako galdeketak helburu garbia du: hurrengo Eusko Jaurlaritza alderdi berdinez osatua egotea. Sinestu egin behar al diegu herriaren demokrazia defendatzen dutela eta prest daudela honek esaten duena aurrera eramateko? Hau egia balitz, zaila litzateke ulertzea zergatik ez duten antolatu erreferendumik AHTari buruz edo beste hainbat gauzei buruz. AHTari buruzko galdeketa milaka herritarrek eskatu dute, baina kasu honetan beste alde batetara begiratu dute. Tontotik ile gutxi burgesiak, ezin dute onartu AHT ez egiteko arriskurik hor negozio bikaina baitago. Ibarretxeren bi galdera horiekin berriz herriaren hitza errespetatzen dutela erakutsi nahi digute, beraiek direla gainera Euskal Herriaren demokrazia eta askatasuna defendatzen duten bakarrak. Baina argi esan behar da, datozen hauteskundeak besterik ez dituzte buruan eta honekin iniziatiba politikoa hartu nahi izan dute, azken hauteskundeetako emaitza txarrekin beldurtuta.
Euskal Herriko gatazka nazionala konpontzeaz hitz egiten digute eta bi galdera horiek bide horretan pauso ikaragarria direla esan. Hasteko, esan behar da, galdeketa Euskal Herriko hiru probintzietan egitea soilik proposatu duela Euskal Herritar guztien izenean hitz egiten duen Ibarretxek. Ondotxo daki Lehendakariak Euskal Autonomi Erkidegoko ordezkaria dela soilik, baina ez du arazorik Euskal Herriko zazpi probintzietako salbatzaile moduan azaltzeko. Bazekien gainera Eusko Legebiltzarrean aurrera aterata ere, galdeketa legala edo ilegala izan, urriaren 25ean galdeketa egin edo ez, Euskal Herriaren gatazka politikoaren konponketan ez duela eragin txikiena ere izango. PNVk, ezker abertzalea kolpatzen jarraitzeko eta honen oinarri sozialaren botoak lortzeko proposatu zituen galdera horiek. PNV, PSOEko agintariak bezala, ezker abertzalearen aurkako ilegalizazioei esker lortu ditzakeen botoak kalkulatzen dabil.

Ibarretxeren zurikeriak eta iruzurra

Azken urteetan, Lehendakari zintzoaren itxura ondo baino hobeto bete du Ibarretxek. Apaiz tankerako burgesiaren ordezkari honen hitzak eta esaldiak zurikeriaren gailur bihurtu dira. Ekainaren 22an “Berria” egunkariak egin zion elkarrizketan ere, ez zuen aukera galdu bere errepertorio “zintzo eta demokratikoa” azaltzeko. Bertan botatzen zituen tamaina honetako faltsukeriak: “Jendeak ikusten du herriari galdetzea oso normala dela XXI. mendean”, “lehen aldiz historian gure esku dago giltza”. Politikan, garrantzia ez du soilik esaten denak, nork esan duen eta zein helbururekin esan duen ere kontuan hartu behar da. Lehenago azaldu dugu labur zein diren PNVren helburuak. Galdeketaren gaia gainera bere asmakizuna balitz bezala aurkezten du, gauza “berri eta original” baten moduan.
Gure apaizak honela jarraitu zuen: “Niretzat larria izango litzateke geratzea historiarako nire botoarekin ezetz esan niola euskal gizarteari hitza emateari” “EHAK, PSE-EE eta PPkoek… legebiltzarkide guztiek baietz esango dutela pentsatzen dut”. Egia ote da hau pentsatzen zuela? Bi erantzun atera ditzakegu hemendik: Ibarretxe inuzentea edo gezurtia dela. Baina nola esango du ba apaizak gezurra? Orduan inuzentea al da? Egia esan, beste ondorio bat ere atera daiteke. Edonork daki Ibarretxek bazekiela ezezkoak egongo zirela Legebiltzarrean, beraz, gezurtia bada behintzat. Inuzentea dela ere eman lezake, edonork daki Ibarretxeren gezurra zaila zela sinestea. Inuzentetik, ordea, gutxi Ibarretxek, apaizen modura, zintzotasunez betetako bere sermoia ondo prestatua izango zuen. Hala ere, garrantzitsuena ez da Ibarretxeren nortasuna edo diskurtsoa nolakoa den jakitea. Beti bezala, oinarrizkoena bere atzean dauden klaseko interesak ikustea da.
“Demokratikoa ez bada herriaren nahia zein den galdetzea, entzutea eta errespetatzea, zer da demokratikoa orduan? Demokrata bati beldurra ematen al dio demokraziak?” zioen apaizak. Zein demokraziaz ari zaigu? Ibarretxerentzat demokrazia al da alderdiak ilegalizatzea, ezker abertzalea erreprimitzea eta atxilotuak torturatzea adibidez? Apaiz honentzat demokratikoa al da Bruselastik esaten ari zaizkigun bezala laneguna 13 ordura igotzea edo Confebaskeko bere lagunek dioten bezala, soldatak jaistea eta erretiroa atzeratzea? Noiz galdetu behar diote hainbeste maite omen duten herriari ea hau dena gustukoa duten?
Horrelako galderak egiten hasten garenean zera esango digu apaizak: gauza horiek denak beste kontu bat dira, herritarrek lau urtez behin aukeratu ditzakete euren ordezkariak eta Legebiltzarrak hartuko ditu erabakiak, hori bai, demokratikoki. Gauza batzuk esatea “ahazten” zaie ordea, defendatzen duten demokraziak, hau da, demokrazia kapitalistak, ez baitu inondik inora herritarren gehiengoaren “hitza” errespetatzen. Lau urtez behin botoa ematen, nahi duguna pentsatzen, nahi dugun bezala antolatzen (Euskal Herrian hori ere ez) uzten omen du demokrazia kapitalistak. Hau dena errespetatu dezake burgesiak, baina baldintza “txiki” batekin: gizarteko erabaki nagusiak enpresa handi eta bankuen administrazio kontseiluetan erabakitzea. Hau da hain zuzen Ibarretxe apaizak defendatzen duen demokrazia, mundu osoan zehar milioika herritar eta milaka herri zapalkuntzara kondenatzen dituena.
Nahiz eta honelakoak bota, “Ez da hauteskundeei begirakoa. Kontuz. Proposamen sendoa da, eta zintzoa. Gainera, gatazkaren konponbide politiko bati heltzeko egina”, garbi dago PNVren helburua EAEko hauteskundeak irabaztea dela euskal burgesiaren interesen defentsan. Ibarretxeren iruzur berri hau, estatutu kapitalista berri bat inposatzeko bidean programatuta dagoena, salatzea derrigorrezkoa da. Gure ustez, ekainaren 27an EHAK-k aukera galdu zuen Ibarretxeren iruzur hau zakarrontzira botatzeko. Hauteskundeei begira, galdeketaren kontua erabiltzen jarraituko dute Estatu espainiarraren aurrean biktimaren papera jokatuz. Horrela, propaganda guzti honekin, Euskal Herriko arazoak estaltzen saiatuko dira: eskubide demokratikoen aurkako erasoak, krisi ekonomikoa…

Subiranotasun nazionala eta sozialismoa

Ibarretxeren aholkuekin ez da lortuko Euskal Herriaren askatasuna. Berak ordezkatzen duen burgesiak Euskal Herria menpean duen bitartean ez da posible izango gure arazoak konpontzea. Gure herria askea izatea kapitalismoaren aurkako borrokarekin soilik lortuko da. Ideia hau ez da berria. Marxek eta Leninek ondo zekiten herrien eta herritarren askatasuna lortzeko beharrezkoa dela burgesiaren boterearekin amaitzea. Errebindikazio demokratikoak, baita eskubide nazionalak ere, errebindikazio sozialistei lotuta zeudela defendatu zuten. Hau zion Leninek honi buruz:
“Kapitalismoaren aurkako borroka iraultzailea gainerako aldarrikapen demokratikoen programa eta taktika iraultzaileekin elkartu behar dugu: errepublika, milizia, funtzionarioak herriak aukeratzea, emakumearen berdintasuna legearen aurrean, nazioen autodeterminaziorako eskubidea, etab. Kapitalismoak bizirik jarraitzen duen bitartean, aldarrikapen hauek salbuespen gisa egin daitezke eta, gainera, modu osatugabe eta indargabetuan. Konkistatutako lorpen demokratikoetan oinarriturik, eta erregimen kapitalistan duten izaera osatugabea salatuz, kapitalismoaren erorketa exijitzen dugu, burgesiaren desjabetzea, masen miseriarekin amaitzeko beharrezko oinarri bezala eta oso-osorik egiteko eraldaketa demokratiko guztiak…”
“… Iraultza soziala ez da bataila bat soilik, baizik eta arlo guztietako eraldaketa ekonomiko eta demokratikoen batailak hartzen dituen garai bat da, burgesiaren desjabetzearekin soilik burutu daitezkeen batailak” (Lenin, Proletalgo iraultzailea eta nazioen autodeterminaziorako eskubidea)
Kapitalismoa krisian dagoen honetan, mundu osoan klaseko borroka handitzen ari denean, ezin gara hau esateaz aspertu: ezker abertzaleak marxismoaren ideiak berreskuratu behar ditu eta programa sozialista defendatuz langile klasea eta gazteri iraultzailea antolatu eta mobilizatu. Euskal Herria Sozialistak, bere apaltasunean, marxismoaren ideiak zabaltzen jarraituko du. Animoak Euskal Herriaren alde borroka egiten duten militante guztientzat!!

2008-05-16

11:47:00 , EHS , 485 hitz, 50 aldiz ikusia  
Atalak: Uncategorized

68ko maiatza: ikasgaiez beteriko iraultza

Iritzi desberdinak atera dira 68ko maiatzari buruz. Batzuk garrantzia kendu nahi diote historiako greba orokor handiena izan zenari. Beste batzuentzat (tartean Dany gorria) gaurko mundua ez da dagoeneko 68 maiatzeko hura. Modu sentimental eta nostalgiko batean soilik gogoratu nahi dute, “haiek bai garai iraultzaile eta borrokalariak” esaten dute. Ez dira gogoratzen ordea garai haietan ere indar handia zutela iraultza eta klaseko borroka iraganekoak zirenaren ideiak. Pesimista eta erreformistentzat beti dira iraganekoak borrokak eta iraultzak. Horregatik hartzen dituzte iraultza berri guztiak sorpresaz, hilabete hartan gertatu bezala.
68ko maiatzean The Economistek honelako gauzak publikatu zituen: “kapitalismo frantziarrak lorpen ikaragarriak izan ditu”, “britainiarrek baino haragi gehiago jaten dute”, “kotxe gehiago dituzte”, “sindikatu ahulak daude”. Itxuraz gauza ondo zebilen kapitalistentzat. Baina artikulu honen tinta sekatu baino lehenago, langile klase frantziarrak mundu osoa txunditu zuen garai modernoetako altxamendu sozial handienarekin. Bere burua marxistatzat zuen Andre Gorzek ere artikulu bat idatzi zuen, bere kalterako borroken erdian publikatu zena: “kapitalismo europarrak ez du krisi erradikalik izango, langileek ez dituzte greba orokorrak eta altxamendu armatuak antolatuko”. Ernest Mandelek berriz, hau ere ustez marxita, langile frantziarrak aburgesatuta eta amerikanizatuta zeudela esan zuen egun batzuk lehenago eman zuen hitzaldi batean, beste 20 urtetan gutxienez gertakizun garrantzitsurik emango ez zela esanez.
Enpresari frantziarrak, hazkuntza ekonomikoan egonagatik, langileak gero eta gehiago ari ziren zapaltzen ordea. Gizartean gorrotoa, atsekabea eta frustrazioa pilatzen ari ziren azken urteetan, itxurazko lasaitasunaren azpian. Sorbonako ikasleen aurkako Poliziaren errepresioa izan zen sua piztu zuena maiatzaren 3an. Ikasleen borrokak langileak erakarri zituen eta 10 milioi langileko greba orokorraz gain Estatu frantziar osoan fabriken okupazioak eman ziren. Hau iraultza ez bada zer ote da ba iraultza. Langileek irratiak eta telebistak hartu zituzten kontrolpean. Nekazariek janaria dohain ematen zieten grebalariei. Honelako mila adibide jar genitzake. Boterea langileen eskuetan zegoen, horregatik zeuden kapitalistak lur jota. Zergatik esan zuen bestela De Gaulle presidenteak “komunistek” boterea hartuko zutela eta dena galduta zegoela?
De Gaullek salbatzaileak aurkitu zituen ordea. Berak esan zuen langileak kontrolatzeko beharrezkoa zela ezkerreko alderdi eta sindikatuetako zuzendaritzen laguntza. Gobernuak agintari sindikalei gutxieneko soldata igotzea, lan jardunaldia jaistea… eskaini zizkieten. Hau da, kontzesioak egin dena ez galtzeko. Langileek gehiago nahi zuten hala ere, Herri Gobernua eskatzen hasi ziren. Azken kolpea soilik falta zen iraultzak garaipena lortzeko. Baina azkenean, beste perspektiba baten gabeziagatik, nekea azaltzen joan zen eta langileek baldintza horiek onartu eta lanera joan ziren. Ez ziren Polizia eta Ejertzitoa izan kapitalismoa salbatu zutenak, ezta langile eta ikasleen borroka eta sakrifizio falta ere, langileen ordezkari politiko eta sindikalak izan ziren burgesiaren salbatzaile, kapitalismoarekin bukatzeko programarik eta gogorik ez zutenak. Hauei esker kapitalistek berriro kontrola hartu zuten eta mugimenduaren beheraldia aprobetxatu zuten errepresioa eta kriminalizazioa martxan jartzeko.
Langileek borrokarik ez dutela egingo esaten jarraituko dute batzuk baina kapitalismoaren krisiaren ondorioz lur azalera aterako dira azken urteetan pilatutako kontradikizioak. Europa osoan ere klaseko borrokaren handitzea ikusten ari gara dagoeneko. Baita Suiza, Dinamarka, Belgika… bezalako herri “lasai eta demokratikoetan”. Horregatik da beharrezkoa kapitalismoaren kontrako bandera altxatzea eta banku, fabrika eta latifundioen espropiazioa defendatzea.

2008-05-13

09:18:36 , EHS , 1035 hitz, 22 aldiz ikusia  
Atalak: Uncategorized

Egoera ekonomikoaren ondorioak euskal burgesian

PNVko tentsioek euskal burgesiaren barruan zatiketak handitzen ari direla esan nahi du. Mundu mailan gertatzen ari den fenomenoa da hau. Potentzia inperialista indartsuenean ere, AEBetan, ikus daiteke iritzi ezberdinak daudela burgesiaren sektore ezberdinetan Irakeko gerrari dagokionez.

Azken hilabeteetan sarri ikusten ari gara PNV barruko tentsio eta zatiketak. Iñigo Urkulluk ondo baino hobeto hartu du Josu Jon Imazek utzitako lekukoa, “hay que cautivar a España”ren bidetik. Martxoaren 9ko hauteskundeen aurretik ez zuen arazorik izan esateko PPk irabazi ez gero ere PNV prest egongo zela hauekin akordioetara heltzeko. Arazorik ez PPrekin eta ezta PSOEkin ere. Eta PSOErekin akordioa lortzearren ANVren kontrako zentsura moziak auzkeztea beharrezkoa bazen, nola ez, PNVk ez du arazorik. Hemendik etorri zen Urkulluk Egibarri belarrian emandako tirakada. Egibarren bidez, PNVk hasieran Arrasateko ANVko alkatea kargugabetzeko zentsura mozioari ezezkoa eman zion, horrelako gauzek ez zutela ezer konponduko argudiatuz. Baina denbora gutxian PNVk “iritziz aldatu” zuen. Arrasaten bakarrik ez zen zentsura mozioa aurkeztu behar, ANVko alkate guztiak botatzeko prest agertu zen PNV. Zergatik aldatu iritzia egun batetik bestera? Urkulluk Manuel Huertasen jarrera gogorrari eta “Egibarren beroaldiari” bota zion errua PNVn zatiketak ez daudela defendatzeko.

Egoera ekonomikoa

PNV barneko zatiketak ez dira zerutik erori. Munduko beste herrialdeetako burgesiak bezala euskal burgesia ere oso arduratuta dago bere irabaziekin, batez ere ekonomiaren atzeraldiaren perspektibarekin. Gauzak ondo doazenean errazagoa da tentsiorik ez egotea baina gauzak okertzen hasten direnean derrigorrez azaltzen dira zatiketak. Krisi ekonomikoek paper garrantzitsua jokatzen dute, ondorio politiko eta sozial larriak izan ditzaketelarik. PNV ez dago honetaz salbu. Marxek aspaldi esan zuen historiako faktore erabakigarriena ekonomia dela eta ezin esan ekonomiaren etorkizunak gauza onik erakusten duenik burgesiarentzat ere.
Burgesiaren ekonomilariek behin eta berriz kontatu digute ziklo ekonomikoak desagertu egin zirela. Orain inork ez du horrelakorik esaten. Urduri daude denak. Egia da ezinezkoa dela aurreikustea ziklo ekonomikoen erritmoak baina kapitalismopean ezinezkoa dena da hazkuntza ekonomikoak eta atzeraldiak desagertzea. Azken urteetan hazkuntza ekonomikoa izan dugu nahiz eta langileok ez dugun hobekuntza txikienik ere izan. Bitartean burgesiak irabazi errekorrak izan ditu.
Baina zertan oinarritu da hazkuntza ekonomikoa? Kredituan. Langileek ez dute nahiko soldata etxea ordaintzeko edo hilabetearen bukaerara heltzeko, beraz, kreditua izan da kontsumoari tira diona. Marxek esan zuen kredituari esker merkatua bere muga naturaletatik baino gehiago zabaltzen dela baina prozesu honek ere bere mugak dituela. Kapitalistek ez badituzte merkatuak bilatzen beren merkantziak saltzeko gehiegizko ekoizpenaren krisiak sortzen dira. Ekoiztu diren produktuak ez ditu merkatuak xurgatzen, kapitalistak irabaziak galtzen hasten dira eta ondorioz kapitalistek langileak kaleratu edo fabrikak isten dituzte. Horregatik garrantzitsua da esatea ere krisi finantzieroak eta kredituaren kontraesanak krisi ekonomikoaren ondorio direla, ez alderantziz.
AEBetako krisi finantzieroek jarri dute mundua dardarka. Munduko biztanle guztien %5a soilik hartuagatik ekonomiaren %20a hartzen duenez AEBetako ekonomian gertatzen denak eragina du gainontzeko herrialdeetan. Krisi hipotekarioen ondorioz milioika pertsona geratu dira etxebizitza ordaindu ezinik eta honek eragina izan du eraikuntzan eta beste sektoreetara ere zalbaltzen ari da. Milaka langile kaleratuak izaten ari dira. Dudarik ez izan AEBtako atzeraldi ekonomiko batek oso ondorio larriak izango dituela mundu osoan.

Burgesiaren zalantzak

Edozein herritarrek nabari dezake zerbaitek ez duela ondo funtzionatzen ekonomian: prekarietatea gora, prezioak gora, soldatak behera… Burgesiak berriz “bere arazoak” ditu: irabaziak galtzeko arriskua. Krisi ekonomiko guztietan azaldu dira burgesiaren barnean ideia kontrajarriak. Sarritan burgesiaren sektore batek honako hau esan izan du: “Langileen baldintzak gehiegi okertzen ari dira, erreformak egin behar ditugu bestela langileen borroka eta mobilizazioak arriskutsuegiak bihurtu daitezke”. Zer esan izan du beste sektoreak? “Erreformak egiten baditugu langileek hobekuntza gehiago eskatzen jarraituko dute gu kontzesioak egiteko prest gaudela ikustean”. Hala ere bi sektoreek helburu berdina dute: langileen mobilizazioak, leherketa sozialak edo iraultzak ekidin. Arazo bat dute ordea, egiten dutena egiten dutela ere ezinezkoa izango zaie klase borrokaren gorakada oztopatzea. Krisi ekonomikoak derrigorrez probokatuko ditu langile eta herritarren borrokak, zapalkuntza gero eta handiagoa jasatearen pazientziak ez baitu betirako irauten.
Euskal burgesiaren eta PNVren kasuan krisi ekonomikoaren arazoari gainera ezker abertzalearen “arazoa” gehitzen zaio. Euskal burgesiaren zein bi jarrera isladatzen dituzte Egibarrek eta Urkulluk ezker abertzalearekiko? Lehenengoak honako hau pentsa dezake: “Ez zaigu komeni ezker abertzalea gehiegi zapaltzea zeren ikusi da errepresioak ez duela lortzen ezker abertzalea ahultzea eta posible da hau dena gure aurka etortzea, komeni zaiguna diskurtso abertzaleagoa da, ezker abertzalearen zati bat gure ingurura erakartzea”. Hemen sar genitzake Arzalluz eta Egibarren “diskurtso independentistak” eta zentsura mozioaren aurkako iritzia adibidez. Zer dio Urkulluren sektoreak? “Ezker abertzaleari kontzesioak egiten badizkiogu gehiago eskatzen jarraituko du, beraz alternatiba bakarra ezker abertzalea zapaltzen jarraitzea da eta ez zaigu komeni diskurtso abertzaleagoa horrek zaildu egin baitezake burgesia espainiarrarekin negozioak egiten jarraitzea”. Hemen kokatzen dira Imaz eta Urkulluren diskurtsoak “hay que cautivar a España” eta “PPrekin ere akordiora heldu gaitezke” eta ezker abertzalearen aurkako zentsura mozioen defentsa besteak beste.
Gauza jakina da iritzi ezberdin hauek ez direla krisi ekonomiko honekin sortu baina zergatik ari dira zatiketak gero eta gehiago handitzen? Krisi ekonomikoak areagotu egin ditu euskal burgesiaren zalantzak eta urduritasunak kontu handia eduki behar baitu egiten duen gauza bakoitzarekin. Oraingoz behintzat Urkulluren sektorea nagusitzen da eta krisi ekonomikoak sortu ditzakeen arazoei aurre egiteko fabrikak, kaleak eta unibertsitateak kontrolpean eduki nahi dituzte. Ondo dakite datozen urteetan Euskal Herrian ere klase borrokak gora egingo duela, langileen greba gehiago egongo direla, herritarrak mugitu egingo direla eta ikasleak ere mobilizatu egingo direla. Eta noski, ezker abertzaleak guzti honetan jokatuko duen paperagatik etsai zuzentzat dute, mapatik borratzea posible bada hobe. Baina kontuz, ez da Urkulluren sektorea hau pentsatzen duen bakarra, Egibarrenak ere berdina du buruan, nahiz eta bide ezberdinak proposatu ditzaketen helburua berdin berdina da: ezker abertzalearen borroka gaitasuna agortu eta langile klasea esplotatzen jarraitu.

Amnistiaren Aldeko Mugimendua

Euskal burgesiak defendatzen duen ezker abertzalearen aurkako errepresio anker horretan Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako epaiketa hasi zen apirilaren 21ean. Mugimendu honetako kideek esan zuten bezala “ Hiltzeko espetxe politikaren aldean amnistia aldarrikatzen dugu; torturaren aurkako borrokak pizten ditugu; gerra zikinari, legez kanporatzeei, Poliziaren basakeriei aski dela esaten diegu; errepresioaren jomuga diren euskal borrokalariek duten babesa eta elkartasuna antolatzen dugu; gerra zikineko kaltetuei asistentzia eta sostengu ekonomikoarekin laguntzen diegu. Horregatik guztiarengatik epaitu nahi gaituzte”. Amnistiaren Aldeko Batzordea, Senideak eta Askatasuna erakundeetan lan egin duten 27 euskal herritar epaituak; oraingoan ere ETAko kide izatea leporatuta. Aitzakiak besterik ez ezker abertzalea desagertuaraziarren. Baina ez dute lortuko. Babes osoa azaldu nahi diegu 27 epaituei Euskal Herria Sozialista aldizkaria egiten eta zabaltzen dugun kide guztien partetik. Herriak ez du barkatuko!!

2008-04-25

18:10:43 , EHS , 403 hitz, 73 aldiz ikusia  
Atalak: Uncategorized

Esplotazio kapitalista lan istripuen arduradun

Hego Euskal Herrian milaka dira lan istripuak jasaten dituztenak. Zortzi istripu daude minutuko. Hau ez da halabeharraren ondorio edo ezinbesteko. Aldi baterako kontratuak dituzten eta eraikuntzan lan egiten duten gazte eta etorkinek lan istripuak 4 aldiz gehiago izateko probabilitatea dute, ez da noski kasualitate bat.
Pasa den urtean, lan istripuen %26,3 subkontratetan eman ziren eta %55,6 (erdia baino gehiago) 50 langile baino gutxiagoko enpresetan. Lan istripuek harreman zuzena dute segurtasunean inbertitzen ez den fabriketan, lan erritmo altuetan, atseden faltan, lan egun luzeetan eta nagusiek sartzen duten estresean beren helburu ekonomikoak fin bete daitezen.
Hala ere, errealitatea datu hauek baino okerragoa da langileen %20 (gehien sufritzen dutenak) ez baitaude kontabilizatuta: paperik gabeko etorkinak, etxeetako enplegatuak, autonomoak… Langile klaseak badaki irabazien legea dela kapitalisten irizpide bakarra. Langileentzako lanpostuetako segurtasunean inbertitzea izango litzatekeena eta sufrimendua aurreztuko lukeena, patronalarentzako gastua besterik ez da. Hauentzako, lan segurtasunean denbora galtzea akatsa da, horrek ekoizpenean galdutako denbora esan nahi baitu. Milaka iruzur egiten dira segurtasunaren Legea paper soil bat izan dadin, patronalaren esplotazioarekin hiltzen diren langileak baino gehiago. Eta zer gertatzen da gaixotasun profesionalekin?

Patronala eta Eusko Jaurlaritza arduradun

LABek salatu duen bezala, apirilaren 28rako ordubeteko PAROra konbokatuz langile klasea, lan istripuen eta gaixotasun profesionalen gastuek Europa mailan BPGaren %4 hartu dezakete, ia bilioi erdi bat euro. Datu horren %31,6k zerikusia du arazo muskularrengatik ematen diren lan ausentziekin eta hauei psikosozialak gehituta gastu handiak lirateke patronalarentzat. Baina patronala izan beharrean gaixotasun eta istripuen gastuei aurre egin beharko liekeena Eusko Jaurlaritzak irtenbide “hobea” aurkitzen die. Osasun publikoa da azkenean patronalaren lege hauste guztiak ordaintzen dituena, hau da, patronalari dohain ateratzen zaio segurtasun inbertsioak ez egitea eta arazo guztiak ordainduko dituztenak langileak izango dira. Hau da Eusko Jaurlaritzaren salbazio errezeta.
Horregatik, irtenbidea ezin dira izan neurri partzialak soilik. Kontutan eduki behar dugu edozein erreibindikaziok, baita lan osasunarekin lotuta daudenak ere, gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko borrokari lotuta joan behar duela. Venezuelako, Brasilgo eta Amerika Latinako fabrika okupatuetan eta hauen langile kontrolarekin erakutsi da lan gaixotasun eta istripuei aurre egiteko modu bakarra langileak enpresen buru jartzea dela. Enpresek gutxi batzuen eskuetan jarraitzen duten bitartean langileon arazoek ez dute irtenbiderik topatuko.
Horregatik, lan segurtasunaren aldeko borroka, eskubide demokratikoen murrizketaren aurkakoa, soldata duin baten aldekoa… eta sozialismoaren aldeko borroka, borroka berdina dira.

KONTRATU FINKOAK LANGILE GUZTIENTZAT!!

JUDIZIAMENDU KRIMINALAK SEGURTASUN ARAUAK BETETZEN EZ DITUZTEN ENPRESARIENTZAT!!

LANGILE, EGIN BORROKA SOZIALISMOAREN ALDE!!

Kolaboratu Euskal Herria Sozialistarekin marxismoaren ideiak zabaltzeko eta sozialismoaren aldeko borroka bultzatzeko

Aldizkaria jasotzeko edo kolaboratzeko: euskalherriasozialista@hotmail.com
Tel: 685 720 939
www.euskalherriasozialista.net

2008-04-02

12:25:40 , EHS , 1008 hitz, 86 aldiz ikusia  
Atalak: Uncategorized

Gaur egungo hizkuntza gutxituen arazoa, kapitalismoaren ondorio (II)

Zergatik ez dute euskal burgesiak eta PNVk euskararen alde benetako lana egiten? Beren interes ekonomikoengatik. Zein da hizkuntza zapalduek duten arazoaren eragilea? Indarrean dagoen sistema kapitalista, PNVk defendatzen duen sistema ekonomikoa.

Teknologia aurreratuak, ikasteko baliabide ugari… dauden garai honetan, hizkuntza asko dira zapaldurik, galtzeko arriskuan daudenak. J. A. Artzek behin esan zuen hizkuntza bat ez zela galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik. Hortxe dago arazoa: dakitenek hitz egin nahi badute ere (nazio zapalduetako hizkuntza gutxituen kasuan) oztopoak aurki ditzakete, esaterako, administrazio publikoan bere hizkuntzan hitz egiteko, edota telebistan ere kate gutxi aurki daitezke hizkuntza gutxitu horretan. Antzekoa gertatzen da liburu eta beste hainbat gauzekin.

Bestalde, atzerritarren kasuan, Euskal Herrira mugaturik, gehienek ez dute Euskara ikasten, zergatik? Alperrak direlako? Ez. Kasu askotan, denborarik ere ez dutelako gertatzen da hori. Hona ez dira hizkuntzak ikastera etortzen, bizi baldintza hobeago batzuen eta lanaren bila baizik, asko lan baldintza gogorretan ari dira lanean ordea, ordu asko sartzen dituztelarik. Gogoratu behar dugu gainera migrazioaren fenomenoa kapitalismoaren beste ondorio zuzen bat dela, jendea ez dela beste herrialde batzuetara lan bila joaten kapritxoz, baizik eta bere lurraldean kapitalismoak ezarri dituen baldintza gogorretatik ihesi doala zerbait hobea aurkitzeko helburuarekin.

Bizi duin baten bila Euskal Herrira datozen guzti horientzat ez da batere erraza euskaraz ikastea, zailtasunak besterik ez dituzte topatzen gure hizkuntza ikasi nahi badute ere. Lanetik etxeratzean ez dira beste hizkuntza bat ikasten hasten gaztelerarekin moldatzen badira, gainera denborarik ere ez dute horretarako dituzten lan baldintza eta abarren ondorioz. Euskararen aldeko benetako apustua egin nahi bada beharrezko deritzogu etorkinei eta euskara ikasi nahi duen orori euskara ikasteko baliabide guztiak doainik eskaintzea eta ikastaroetara joan daitezen erraztasun guztiak bilatzea.
PNV ETA EUSKARA

Euskal burgesiak eta hau ordezkatzen duen PNVk ahal duen guztia egiten duela esango du hizkuntzak bizirik jarrai dezan, baina gauza jakina da burgesiak hizkuntzarekiko duen interesa bere patrika hasten den tokian amaitzen dela. Errentagarriagoa (edota merkeagoa) bazaio nazio zapaltzaileko hizkuntza erabiltzea halaxe egingo du. Bost axola dio bertako hizkuntzaren egoera zein den, ardura pixka bat erakusten hasten bada, ziur izan botoak lortzeko eta bere irudia zaintzeko egiten duela. Euskara indartzea eta bultzatzea negozio errentagarria izango balitz PNV izango litzateke euskararen bultzatzaile handiena, baina hau ez da kasua ordea.

Zergatik ez dute euskal burgesiak eta PNVk euskararen alde benetako lana egiten? Beren interes ekonomikoengatik. Zein da hizkuntza zapalduek duten arazoaren eragilea? Indarrean dagoen sistema kapitalista, PNVk defendatzen duen sistema ekonomikoa. Kapitalismoaren ezaugarri nagusia zapalkuntza da. Burgesak langilea zapaltzen duen modu berean estatu kapitalistak eta honen aliatuak diren nazio zapalduetako burgesiak nazio txikiagoak zapaltzen ditu, bertako kultura, hizkuntza… desagertzeko arriskuan jarriz. Kapitalismoa oztopo bat da hizkuntzaren eta kulturen garapenerako eta horregatik da beharrezko sistema honekin amaitzea euskara eta gainontzeko hizkuntza gutxituak gal ez daitezen. Errekurtso ekonomikoak gutxiengo baten kontrolpean dauden bitartean hizkuntza gutxituak heriotzetik gertu ibil daitezke eta garapenetik hurrun.

Kapitalismoak langileen bizitzeko baliabideez gain kultura ere lapurtu digu. Kapitalistek edozein arlotan negozioak bilatzen dituzte eta kultura gaur egun jasaten ari den krisiaren erantzule zuzenak dira. Produkzio-etxe handiek dute kulturaren arlo ezberdinetan produzitzen denaren monopolioa eta ondorioz bertatik ateratzen den produktuak irensteko erreza, ezer kontatzen ez duena, hilabete baino gehiago iraungo ez duena… izan beharra dauka. Diskoak, liburuak, filmak etab. fabriketan pieza mekanikoak bezala produzitzen dira, enpresa interesen menpe daude.

Hizkuntzarekin gauza bera gertatzen da, euskara ikasteko eskaintza publikoa oso kaskarra da. Eskaria geroz eta handiagoa den arren alde guztietatik oztopoak jasaten ditu, UPNren Nafarroako gobernua (kapitalisten gobernua) da horren adibide gordinena. Burgesia euskaldunak diru publikoa enpresa pribatuetara zuzentzen du eta sektore publikoaren pribatizazioari ekiten dio etengabe, bere interes ekonomikoak defendatzeagatik hizkuntza ere arriskuan jarriz. Hau da bere politika, honekin ikusten da noraino defendatzen duen bertako kultura eta hizkuntza klase kapitalistak.

Langile eta ikasleok ordea hezkuntza publiko osatu bat eskatzen dugu eta nola ez euskara ikasi nahi duen guztientzat doako klaseak, ordutegi malguarekin eta kalitatezko hezkuntzarekin. Leninek berak esan zuen hizkuntza gutxitu bat ikasten ari den langileak ikasten igarotzen dituen ordu horiek lan orduak balira bezala kobratu beharko lituzkeela eta hizkuntza gutxituan hitz egiten dakien langileak ere gehiago kobratu beharko lukeela ez dakiena baino kualifikatuago dagoelako.

HIZKUNTZEN OFIZIALTASUNA

Euskal Herrian maiz borrokatu da euskararen ofizialtasuna lortzeko zazpi herrialdeetan. Egia da, ofizialtasunarekin euskararen statusa hobetzen dela baina honek ez dio euskarari behin betiko konponbidea ekarriko. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako hegoaldean euskara ofiziala da, baina euskararen egoera larria da hainbat lekutan. Sistema kapitalistan hizkuntza baten ofizialtasunak ez du inondik inora honen etorkizuna bermatzen. Euskal Herria independiente kapitalista batean ere euskara ez litzateke salbu egongo. Hau ulertzeko adibiderik onenetakoa Hego Irlandaren kasua da. Nahiz eta independentzia formala lortu zuen, bertako hizkuntzaren egoera oso txarra da, Euskarak gaur duena baino okerragoa. Britainia Handiko eta Irlandako kapitalistek agintzen dute Hego Irlandan ere eta hori da gaelikoaren larritasunaren arrazoia.

Gainera Estatu espainiar eta frantsesak ere ez dio laguntzarik ematen euskarari eta ezta emango ere, nahiz eta espainiar konstituzioak euskara koofialtzat hartzen duen. Frantziako konstituzioak, ordea, ez du euskara onartzen eta ez die iparraldeko ikastolei laguntzarik ematen. Gaur egun ditugun Espainia eta Frantzia bezalako estatuak bere sorreratik merkatu ekonomiko baten interesen arabera trazaturiko lurraldeak dira, bertan dauden nazio eta hizkuntza desberdinak kontutan hartu gabe.

Erdi aroan feudo txikien sistema pixkanaka zabaltzen joan zen produkzio bideen garapenarekin batera, hala ere merkatari batek (gaur egungo burgesen aitzindariak) X km egiteko feudo bakoitzeko X arantzel pagatu behar zituen bakoitza sistema metriko eta moneta ezberdinekin. Hona beraz burgesia jaio berriak zuen ezinbesteko beharra botere politikoa hartu eta ahal zuen merkatu bateratu eta handiena sortzeko. Liberalismoaren ideologia sortu zen iraultza burgesaren zerbitzura. Estatu espainiarreko eta frantziarreko kapitalistentzat bi estatu hauek merkatu ekonomikoak besterik ez dira. Merkatu ekonomiko horien defentsa da beren helburu nagusia eta arrazoi horregatik ez dute onartzen adibidez autodeterminazio eskubidea. Ez dute pribilegioak galtzeko asmorik, ez dute nazio zapalduen kultura eta hizkuntza bultzatzeko helbururik, guztiz kontrako heuren interes ekonomikoak defendatzearren.

Euskarak iraultza sozialistaren beharra du arnasa hartzeko eta kapitalismoaren krisiari amaiera emateko. Hemen dugu, marxismoaren egiatasunaren beste adibide bat. Hizkuntza gutxituak desagertuko ez diren gizarte sozialista bat eraiki beharra dago, ekonomia planifikatu batekin, non edonork edonon edozein hizkuntza ikas dezakeen, non zapalkuntza, estatu zapaltzailea, zapaltzaileak… iraganeko zabor ontzian geratuko diren.

1 2 >>

Abuztua 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31

Euskal Herria Sozialista aldizkaria

Bilaketa

powered by b2evolution free blog software