Aurreratu genizuen aurreko batean The Beatles eta Frank Sinatra gure artean izango zirela Musika Bandaren kontzertuetan. Sanjoanetan Frank Sinatraren obra ezagunenak entzuteko parada izan genuen eta ostiral honetan, Amarotzeko jaien barruan, The Beatles eta Benito Lertxundi elkartuko zaizkio zeregin berean.
Aspaldi hasi zen Tolosako Musika Banda herriko auzoetara joaten bere musika doinuak eskaintzera. Gaur egun Amarotz da joaten den auzo bakarra. Izan ere, ezin gara kexatu nola tratatzen gaituzten. Urtero urtero Bandak ez du hutsik egiten eta auzotarrek erantzun ezin hobea ematen dute.
Ostiral honetan ere han izango da jatetxearen aurreko plazatxoan, iluntzean, zazpi doinu ezagun eta atsegin eskaintzeko: Pablo Sorozabalen ‘Deva’ eta ‘La isla de las Perlas’, Lennon eta Mc Cartney-ren ‘The Beatles in concert’, Frank Sinatraren kanta ezagunenak, Benito Lertxundiren ‘Oi ama Euskal Herri’, Turrillasen ‘Viva Pamplona’ martxa (San Fermin inguratzen ari dela eta) eta Cervantesen ‘La Dominguera’ jota.
On egin!
Iritsi da urteko egunik luzeena, Tolosako Musika Bandarentzat behintzat. Izan ere normalean goizeko 9etan hasi eta gaueko 9etan bukatzen baititugu San Joan eguneko lanak. Eta eguneko doinua San Joan zortzikoa da, noski. Zenbat aldiz joko ote dugu egun osoan zehar?
Dianarekin hasten da eguna. Hemen ez, ez dugu kanta ospetsu hori interpretatzen. ‘Despertá en Enguera’ eta ‘La jota de la Anunciación’ izaten dira azken urteotan eskaintzen ditugun doinuak. Eta Tolosako eta Iruñeko udal txistulari bandekin batera sanferminetako diana batzuk ere bai. Diana hau ez da Inauterietakoa, baina bere zirrara berezia dauka, ezagutzen dutenak ‘kateatuta’ gelditzen dira.
Alardea dator gero. Hor protagonismoa eskopetariek dute, baina Bandak ere bere aletxoa jarriko du. Meza nagusiaren ‘tregua’ aprobetxatuz hartutako amaiketakoarekin indartuta, prozesioaren irteera izango da eguneko unerik majikoena tolosar askorentzat: San Joanen irudia, kanpaiak, eskopetarien tiroak, dantzariak, zortzikoa…
Eguerdiko ordubatean urteroko kontzertua eskainiko du Bandak Berdura plazan, Iruñeko eta Tolosako udal txistulari bandekin batera. Hasiera txistulariek emango diote kontzertuari eta ondoren Pablo Sorozabalen ‘Deva’, Jesus Guridiren ‘El caserio’, ‘Frank Sinatra hits medley’ eta ‘La gracia de Dios’ pasodoblea interpretatuko ditu Bandak. Aurreratu genuen Sinatra gure artean izango zela eta hau izango da entzuteko aukera. The Beatles ere izango dira, baina hori datorren asteko ostiralean izango da, Amarotzeko jaietan eskainitako kontzertuan. Eta pasodoblea ez da faltako, aurtengo sanjoanetan zezenketarik ez denez, doinu polit hori entzun ahal izateko. Hogeita hamar baino gehiago ditugu errepertorioan!
Eguerdiko tarte motzaren ondoren, arratsaldean berriro dantzan (bordondantzariekin batera) izango da Banda bezperetan eta aurreskuan (aurten Trianguloan, beraz, agian lehenago bukatuko dugu). Gora San Joan!
Ikasturtea amaitzear da eta herriko jaiekin batera Musika Bandak emanaldi gehien duen garaia iristen da. Hasteko, igande honetan, Korpus prozesioan parte hartuko du. Banda batek denetarako balio du, balioanitza da, orkestrak, txarangak edo bestelako musika taldeak ez bezala. Kontzertuez aparte, dianak, danborradak, kalejirak, omenaldiak, zezen ikuskizunak, dantzaldiak, desfile militarrak, hileta elizkizunak eta baita prozesioak alaitzeko ere balio du. Igandean, Santa Maria parrokiako 11etako meza nagusiaren ondoren, 12ak aldera, Feliciano Beobibidek moldatutako Korpus eguneko zortziko ederra entzuteko parada izango duzue beraz, lurrean botatako lore eta apaizek zabaldutako intsentsuaren usain gozoen artean, Lehen Jaunartzea egin duten haurren konpainian.
Eta horren ondoren sanjoanei begira jarriko da Banda. Aurtengo albistea zezenketen falta da. Urte batzuetan (ez azken hauetan) Bandaren emanaldirik jendetsuena izan da horixe, entzule gehien bildu izan dituena. Aurten Jose Tomas torero ospetsua ekartzeko ahaleginetan aritu omen dira tolosar batzuk. Berak galduko Tolosako Musika Bandak bere errepertorioan ondo prestatuta dituen 35 pasodoble ederrak entzuteko aukera.
San Joan eguneko kontzertuan bai, izango da horietako pasodobleren bat entzuteko txanda. Eta Jose Tomasen faltan, eta krisialdi urte honetan, The Beatles eta Frank Sinatra gure artean izango direla aurreratuko dugu bakarrik.
Bihar, larunbata, maiatzak 23, Zerkausian 19:00etan, Eduardo Mokoroaren omenezko kontzertua eskainiko du Musika Bandak Udal Txistulari Bandarekin batera, bere heriotzaren 50. urteurrena dela eta. Eduardo Mokoroa Felipe Gorritiren ikaslea izan zen. Santa Maria parrokiako kapera maisu eta organojolea eta Musika Akademiako eta Musika Bandako zuzendaria izan zen. Tolosako Orfeoia ere sortu zuen. Ehun obra inguru ditu eginak organo, orkesta, banda eta abesbatzentzat, tartean ‘Leidor’ opera. Bere izena darama Udal Musika Eskolak eta horregatik Musikaria astea amaitzeko, Udal Txistulari Bandak lehen zatian eta Tolosako Musika Bandak, bigarrenean, bere obrak interpretatuko ditu. Musika Bandak ‘Tolosa Union Club’ pasodoblea, ‘Ordizia’ euskal obertura ‘Dos melodias vascas’ eta ‘Ecos de Vasconia’ eskainiko ditu.
Honekin, Banda ekaineko emanaldien zain gelditzen da: Korpus prozesioa (14ean) eta sanjoanetakoak (23 eta 24ean).
Larunbatean rock doinuak entzun ziren Zerkausian, Tolosako Musika Bandak eskaini zuen Udaberri kontzertuan. ‘Full option’ obran Iban Gurrutxaga gitarra elektrikoarekin izan zen bakarlaria eta Mikel Atxega ere laguntzaile izan zuen, baxu elektrikoarekin. Bideo honetan abesti honen zatia entzun dezakezue.