
2008-10-03 | 13:35:24
Gizartea
Zahartzaro duinaren aldeko plataforma: "parte hartzea etengabe ari zaigu ukatzen"
Azken zazpi hilabetetan ez dutela Udaletik eurekin biltzeko asmorik azaldu esan dute
Zahartzaro duinaren aldeko plataformak salatu du ez datorrela bat erakundeetatik zabaltzen den mezua errealitatearekin. Hau da, "herritarren parte-hartzearen mezua ari dira etengabe zabaltzen, baina hori errealitatean ez da gauzatzen". Hori dela eta, eta "nahikoa" itxaron dutela ikusirik, aurrerantzean era zuzen batean parte hartzea erabaki dute.
Plataformakoen ustetan, "gaur egun modan dago herritarren parte-hartzearena: Ibarretxe lehendakariak, adibidez, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu ohi dituen udako ikastaroetako batean herritarren partaidetzari buruzko hitzaldia eman zuen; Gipuzkoako Foru Aldundiaren herritarren partaidetzari buruzko dekalogoa buzoneatu du berriki eta partaidetzarik ez badago, okerrago funtzionatzen dutela demokraziak eta gobernuak irakur daiteke, besteak beste; eta Tolosan, esaterako, Tolosa 2015 daukagu herritarren parte-hartzearen adibide bezala".
Hala, alde guztietatik "herritarren parte-hartzearen onurak eta beharreran ideiak astinduz" dabiltzala esan dute, "baina hori dugu alde batetik, eta bestetik errealitatea dago, eta guk ez dugu ikusten parte-hartzearena betetzen denik, bultzatu baino parte hartu nahi dugun herri taldeei trabak besterik ez dizkigute jartzen". Hala, "egoera honekin" aspertu direla, eta hemendik aurrera era zuzen batean parte hartzeko erabakia hartu dutela adierazi dute.
Plataformak azaldu duenez, talde bezala sortu zirenetik parte hartu nahi izan dute, "ideiak proposatzeko, azken batean egoitza hobetzen joateko helburuz". Hala, Udalak uda hasieran herritarren partaidetzarako sortu zuen komisio berria izan dute hizpide; izan ere, "Joxe Agustin Arrieta Udaleko Gizarte Ongizateko komisioko lehendakariarekin martxoaren 17an izan ginen azkenekoz, eta bilera hartan Diputazioko arduradun batekin eta egoitza berria kudeatuko duen enpresarekin bilera bat antolatuko zuela esan zigun; 7 hilabete igaro dira, eta ez dugu bere berririk izan, eta behin egoitza berria eraikita dagoenean gure proposamenak berandu datozela esango digute, hurrengo baterako gure partaidetza eskertuko luketela esanez".
Halaber, plataformako ordezkariek Arrietak uztailean adierazi zuena ekarri nahi izan dute gogora. "Lehentasunezko helburuetako bat pertsona zaharren lan taldea eratzea zela adierazi zuen, zaharrentzako egoitzaren gaia landuko zuen fundazio baten sorrera bultzatuko zuela azpimarratuz".
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.