
2008-09-19 | 17:18:57
Euskara
Tolosaldeko UEMAko udalek eta euskalgintzako kideek bat egin dute euskarako matrikulazio kanpainarekin
Tolosako Aitzol udal euskaltegiarekin eta Andoaingo AEKkekin batera euskarazko alfabetatzea eta ikastea bultzatuko ditu
Udalak "ahalegin berezia" egiten ari dira herriz herri ikasle taldeak sortzeko, eta, horretarako, udaletxeetan izena emateko aukera eman dute eta diru laguntzak eskaini. Helburuak «erdaldunak euskarara hurbiltzea eta euskaldun alfabetatugabeek alfabetatze taldeetan izena ematea» dira. Alegian bildu ziren atzo jendea euskara ikastea animatzeko asmoz. AEKn hilaren 26ean itxiko dute izena emateko epea.
Ondorioz, herritarrak euskaltegietan izena ematera animatzen ari dira. Matrikulazio kanpaina hilaren 26ean itxiko da AEKn. UEMAko herritarrek udaletxeetara jo dezakete, informazioa eskuratzeko eta izena emateko. Tolosaldeko UEMAko herriak hauek dira: Aduna, Alegia, Altzo, Anoeta, Baliarrain, Belauntza, Elduain, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Orendain eta Orexa.
Izan ere, UEMAko udaletako ordezkariek Alegian nabarmendu zutenez, «ikasle taldeak herrian bertan osatzea» bultzatzen ari dira. Horretarako, diru laguntzak ez ezik udal instalazioak uzteko ere prest dira.
Maider Jauregi Alegiako alkateordeak nabarmendu zuen «euskararen alde gauzak elkarrekin eta elkarlanean egiten badira ekimenek indar handiagoa» dutela. Gogoratu zuen bi urte daramatzatela UEMAn, eta orduko UEMA Eguna izan zuen hizpide, egun hartako leloak erabateko balioa orain ere izanik: «Herria da gorputza, hizkuntza bihotza, euskararen taupada, txintxarrien hotsa. Bihotza zaindu egin behar da, biziberritu, eta hori lortzeko odol berria euskaldunberriak izango dira».
Aitzol Tolosako udal euskaltegiaren izenean, Martxeli Sagastumek hartu zuen hitza, eta, lehenengo eta behin, nabarmendu zuen UEMAko herrietan, «zorionez», euskaldunak direla nagusi eta aurrena konturatu eta benetan sinistu egin behar dutela «altxor baten jabe» direla. Izan ere, «kontuan hartu behar da edadeko jendea badihoakigula eta euskararen altxorraren zati bat eurekin doala: jendeak ikusi behar du oraindik ere garaiz dabilela alfabetatzeko». Gogoa duenari laguntzeko «eskaintza egokia dute euskaltegian», ikaslearen beharretara egokitua: astean hiru egunetan joatea, tutore baten gidaritzapean aritzea eta hamabostean behin elkartzea, ikastaro laburretan parte hartzea...
Mari Kruz Agirre Leaburu-Txaramako alkateak bere konpromiso pertsonala jarri zuen mahai gainean, ez soilik herrian alfabetatze talde bat sortzea bultzatu nahi duelako, baita berak izena emango duelako ere. «Inplikatzea da balio duena, euskara sustatzea eta bultzatzea, euskara geure egitea eta euskararen alde zer egin dezakegun galdetzea. Argi dut zer egin dezakedan, eta egin egingo dut».”
Andoaingo AEKko Agurtzane Sarasolak AEKren ohiko eskaintzaz gain, azpimarratu zuen, oro har, herri euskaldun txikietan zailtasun handiak dituztela ikasle taldeak osatzeko: «Taldeak osatzeko HABEk ezartzen dituen gutxieneko kopuruak ez dira oso lagungarriak herritarrez osatutako taldeak abian jartzeko». Izan ere, 5.000 biztanletik beherako herrietan sei lagun behar izaten dira taldea osatzeko. Ondorioz, asko dira euskara ikasteko talde gabe geratu eta herritik kanpora atera behar dutenak, edo euskaltegietara joan gabe geratzen direnak.
UEMAko Zuzendaritza Batzordeko kide Miren Aburuzak ere gai berari heldu zion: «Egungo hizkuntz politika bezala, ratioek ez dute balio gure herrietan. Askotan, oztopo eta erabateko muga ere badira taldeak sortzeko eta herritarrak izena ematera animatzeko». Horrekin lotuta, herri euskaldunen berezitasuna kontuan hartzeko eskatu zuen.
Irurako alkate Marimi Ugaldek gogorarazi zuen 2008. urtea «oso urte berezia» dela Iruran, Kilometroak ospatuko delako, baina, horrekin batera, adierazi zuen ez dituztela aparte utzi euskararen normalizaziorako gainerako ekimenak. Dei berezia egin zien etorkinei: esperientzia txarrak izanagatik, etorriberriak euskalduntzeko apustu indartsua egiten jarraituko duela iragarri zuen ere.
Azkenik, Amaia Doyaguek hartu zuen hitza, Galtzaundi eta Kontseiluaren izenean hitz egiteko: «Ez litzateke txarra Alegian bildu direnak sarriago biltzea eta ekimen bateratuak aurrera eramatea». Gainera, «euskalgintzan ari diren erakundeak euskaraz normaltasunez bizitzeko baldintzak sortu nahi» dituzte, eta azken hamarkadetan egindako lanari esker, aurrera egin dela euskararen berreskurapen osoa eskuratzeko bidean. Nolanahi ere, hauxe gaineratu zuen: «Baina normalizaziora iristeko bide luzea falta da, eta ezagutza eta erabilera zabaltzeko aukera berriak sortzen jarraitu behar dugu».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.