Edukira joan

Tolosaldeko Hitza

Tolosaldea eta Leitzaldea
2009ko urtarrilak 10, Larunbata

Harpidetu zaitez!

2008-04-15 | 12:26:31

Gizartea

Axun Aierbe Mendizabal euskaltzalea hil da

Galtzaundi Euskara Taldeko sortzaileetakoa izan zen; egun, EHUko Gasteizko Fakultateko dekanordea zen.

Axun Aierbe Mendizabal Galtzaundi Euskara Taldeko sortzaileetakoa eta lehendakari izandakoa hil zen atzo garuneko odol isuri batez, Donostiako ospitaleko sendagileek azaldu bezala.

1968ko apirilaren 28an jaio zen Axun Aierbe Altzon. Tolosan egin zituen lehen ikasketak, eta ondoren, Deustun Unibertsitatean Euskal filologian lizentziatu zen. Ondoren, Hizkuntza Plangintzarako diploma eskuratu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta doktoretza tesina egin zuen administrazioko euskarari buruz.
15 urtez Ibarrako udaletxean
1987an Ibarrako udaletxean hasi zen lanean, hasieran itzultzaile eta liburuzain bezala, eta gerora itzultzaile eta euskara teknikaria izan zen. 2002. urtera arte egon zen lanean bertan. Geroztik, Euskal Herriko Unibertsitatean aritu da lanean irakasle bezala, Gasteizko Filologia eta Itzulpengintza fakultatean, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailean. Egun, Ikasle gaietarako eta Euskararako dekanordea zen.
Itzulpenaren
esparruan berezitua
Itzulpenaren esparruan aritu izan zen batik bat lanean, eta hainbat sari irabazi zituen gainera. Felix Ugarte Itzulpen lehiaketan, esaterako, 2001ean, 2002an eta 2003an jaso zuen saria.
2006az geroztik Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko (EIZIE) bazkidea zen.
Galtzaundi Euskara
Taldeko sortzaileetakoa
Galtzaundi Euskara Taldearen sortzaileetakoa izan zen Axun Aierbe Mendizabal, eta euskara elkartearen lehendabiziko lehendakaria ere bera izan zen. Hainbat urtez izan zuen berak kargu hori. Halaber, Galtzaundirekin batera Topagunearen (Euskara Elkarteen Federazioa) sorreran ere parte hartu zuen.
Bere unibertsitateko lankideek azaldu dutenaren arabera, «oso golpe gogorra izan da, joan den astean hemen ari zen lanean, beti bezala; langile porrokatua zen, beti alde batetik bestera aritzen zen, geratu gabe». Galtzaundiko bere kideek ere horrela gogoratzen dute, langile porrokatu bezala, «euskalgintzan lan handia egin zuen».
Altzon jaio zen arren, Ibarran bizi izan zen azken urteetan, Ibarra eta Hendaia tartekatuz.

 

Jasotako erantzunak:

7

Edurne Etxebarria (Bilbo) | 2008-04-16

Agur Axun, irakaskide jator.

6

Garikoitz Etxebarria | 2008-04-16

Terminologia ikastaroan eta EIZIEren urteroko batzarrean izan gara alkarregaz. Heriotzak gidoirik onena zapuztu arren zure lana eta irribarrea dogu.

5

2008-04-16

Axun, gaurtik aurrera, zu gabe, euskalgintzaren alde lan egitea guri tokatzen zaigu. Espero dut hor goitik ikusten gaituzunean pozik jartzea, guk zerura begiratzen dugunean harro sentituko bait gera zutaz.

4

Inaxio Usarralde | 2008-04-15

Egia bada Axun joan dela, ez daukat zalantzarik hiruzpalau karpeta besapean zituela joana izango dela. EUTG-n euskal filologia ikasten ari ginela hala ezagutu nuen eta, azken aldian, Gasteizko fakultateko pasiloetan ikusi nuenean hala ikusi nuen. Izugarria eta ikusgarria erakusten zuen kemena. Halakoetan ez da erraza izaten hitzak jostea baina goraintziak senitarteko eta lagunei.

3

Martxelo Otamendi | 2008-04-15

Beti da penagarria ezagun eta lagun baten heriotza, baina Axunena are gehiago. Euskaltzale porrokatua eta nekaezina. Ehundaka ordu inbertitutakoa euskararen aldeko lanetan. Gure herria euskalduntzea eta euskaltzaletzea zuen amets, eta hura beteta ikusi gabe, herio bihozkabeak kendu digu. Axunekin euskalgintzan ibili garenok, zorretan geratu gara berarekin; lanean segitzea da zor hori kitatzeko modu bakarra. Zu gabe zailago izango da Axun amets hori betetzea, baina ahaleginduko gara.

2

Joxan Oiz Arruti | 2008-04-15

Ustekabe eta atsekabe ikaragarria. Orain, gainera, zail egingo zaigu bereizten trumoia entzun ote dugun ala, dagoen lekuan dagoela, Axunen barre-algararen oihartzuna aditu ote dugun. Animo eta besarkada bana familia eta lagunei.

1

Marije Manterola Iribar | 2008-04-15

Badoa ura badoa denbora lagunen oroitzapena gugan geratzen da. Adorez eta atseginez mintegikide ginen garaian ezagutu nuen. Ondoren Euskara Elkarteen Topagunean sortze prozesuan ere buru-belarri ibili zen. Euskarari lotua beti. Atsegina, umore-onekua eta hitz-jario errazekoa zen. Gazte hil da, gazteegi. Une samin hauetan besarkada bat familiari.

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa