
2007-12-10 | 18:19:55
Gizartea
Bedaioko I. Azoka Berezia egingo dute bertako produktuekin
Herrieko baserrietako produktuak erakustea helburu duen azoka antolatu dute lehenengo aldiz
Datorren igandean, hilaren 16an, Bedaioko I Azoka Berezia egingo dute Bedaion. Azoka 10:00etan hasiko da eta goizez eta arratsaldez bertaratzen direnek landa eremu honetako hainbat produktu ikusi eta erosi ahal izango dituzte. Antolatzaileek azaldu dutenez, «bazkaria 14:30ean egingo dugu, eta printzipioz azoka 15:00etan isteko asmoa daukagu, baina giroa badago, 17:00 arte luzatuko dugu».
Azoka Bedaion izanik , bertako baserritarren produktuak, animaliak eta artisau lanak ezagutaraztea izango du helburu.
Hau izango da, beraz, zonaldean udazkenean egiten den bosgarren azoka. Azaroan Alegia, Amezketa eta Ikaztegieta izan ziren azokak antolatu zituztenak eta datorren igandean Bedaioren txanda izango da.
Abereak salgai eta erakusgai
Igandean baserriko abere mota ezberdinak jarriko dira erakusgai, besteak beste, txerriak, behiak, diak, arkumeak, ahuntzak, oilarrak, untxiak, behorrak... animaliak gustuko dituztenentzat eta hirian bizi direlako hauek hain maiz ikusteko aukera ez dutenentzat igandekoa parada ezin hobea izango da bertatik bertara baserrietako hainbat animali ikusteko. Gainera, zenbait abere ere salgai jarriko dituzte.
Baserrietako produktuak
Bedaioko lehenengo azoka honetan ia bertako baserri guztiek parte hartuko dute eta bakoitzak bere produktuak salgai jarriko ditu. Baserriaren berezko oparotasuna begibistakoa izango da, intxaurrak, artoa, babarruna, kiwia, neguko loreak, etxeko txorizoa, odolkia, mondejuak, menbrilloa, gazta... eta beste hainbat produktu ikusteko aukera izango da igandean Bedaion.
Honetaz gain, Bedaioko errotako hiriñarekin egindako taloak ere salduko dituzte (txorizoa eta hirugiharrearekin), eta 100 kilo gaztain erreko dituzte, bisitariek, beraz, nahi adina jateko aukera izango dute.
Artisautzak ere bere lekua izango du igandean Bedaioko azokan. Bertaratzen direnek artilea hari bihurtzen ikusteko aukera izango dute, baita altzariak nola zaharberritzen diren ere, eta saski egileak, perratzaileak eta antzinako beste zenbait eskulan. Artisautza erakusketa egingo dute alde batetik, baina zer erosteko aukera ere izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, «artisau gehienak herrikoak diren arren, pare bat edo kanpotik etorriko dira».
Eguerdian, bazkaria
Eguerdiko 14:30ean bazkaria egingo dute Artubi elkartean, eta Bedaion ekoiztutako babarrunak jango dituzte.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.