
2007-11-12 | 11:01:14
Pilota
Barriola Lau t'erdiko Txapelketako finalean da
Atzo Aimar Olaizolaren aurka 22-18 irabazi zuen leitzarrak
Partida estua eta borrokatua izan zen atzo Donostian bi nafarrek jokatu zutena. Barriolaren garaipenak Lau t'erdiko txapelketako finaleko lehen txartela eskuratu du honela.
Merezita iritsi da Barriola finalera. Nahiz eta atzo galtzen hasi azkenean garaipena lortu zuen, partida oso borrokatuaren ondoren. Olaizola II.ak akats batzuk egin zituen, eta Barriolari "dena ongi" atera zitzaion. Luzera jotzen asmatu zuen, leitzarrak esan bezala eta bukatzen ere "ongi" aritu zen.
Barriola "pozik" dago, eta jokatuko duen finala bosgarrena izango da. Lautik hiru galdu ditu eta orain "burubelarri ariko naiz prestatzen finala". Orain arte ligaxkan Titinekin ere aritu da eta orduan ere irabazi egin zion Triziokoari. Martinez Irujorekin jokatuko du hurrengo partida, baina ez du horretan ezer ere galdu ez irabaziko ere, Irujo ez baita finalean ariko.
Barriolak esan bezala "txapelketa polita" egiten ari dira denen artean, norgehiagokak estuak izaten ari direlako eta bertan ari diren lau pilotariak handiak direlako. Baina "irabazteko sufritu egin behar da".
Partida 356 pilotakadakoa izan zen; Atano III.a pilotalekua leitzarrez eta Abel Barriolaren jarraitzaileez beteta zegoen eta partidaren ondoren zaleen txaloak "beroak" izan ziren Barriolarentzat. Leitzarrak txalo hauek eskertu egin zituen.
Barriola eta Mtz. de Irujoren arteko partida larunbatean 16:45ean Iruņeko Labrit pilotalekuan jokatuko da.
Aukeraketa asteazkenean 11:30ean izango da.
Olaizola II.ak eta Titin III.ak jokatuko duten neurketa igandean 17:00etan Gasteizko Ogueta pilotalekuan izango da eta ETBk zuzenean eskainiko du.
Aukeraketa ostegunean 12:30etan gauzatuko da.
2007-11-13
ABEL BARRIOLA, ABEL BARRIOLA, ALE ALE! NOR NAI FINALEN AURKARI IZANDA, EMAN EURRE ABEL!
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.